Migratzaile bat tirokatu dute Donostian, aire konprimatuko arma batekin

Berria, Kepa Ugarte Martiarena/Igor Susaeta/Arantxa Elizegi Egilegor, 11-09-2026

«Ezin dugu ehiza arrazista normalizatu». Donostiako Harrera Sareak irmo gaitzetsi du atzo bertako Egia auzoan gertatutako eraso arrazista: kalean eserita zegoen migratzaile bat aire konprimatuko arma batekin tirokatu zuten eguerdian, Mandasko Dukearen pasealekuan, aurrean zen eraikineko balkoi batetik, jakinarazi dutenez. «Hiru tirok jo zuten: bik bizkarrean eta batek masailean. Osasun arreta behar izan zuen zaurien ondorioz», zehaztu dute.

Lehenengo bi perdigoi kolpeak bizkarrean hartu zituen atzo Egian erasoa jasan zuen gizonak, eserita zegoela; eta hirugarrena begitik hurbil, altxatu zenean. Hain zuzen, migratzaileak berak jakinarazi zien Harrera Sarekoei zer gertatu zitzaion: «Gertatu bezain laster deitu zigun telefonoz, tirokatua izan zela esateko», zehaztu du Garazi Montuschi talde horretako kideak.

Osasun arreta ere behar izan zuen gizonak, eta ertzainak ere egon ziren han, Montuschik aipatu duenez. «Hala ere, han bertan ez zuten ezer jaso [poliziek]», kritikatu du. Harrera Sareko kideak argitu duenez, erasoa jasan zuenak ospitaletik ateratzean joan behar izan zuen ertzain etxera, salaketa jartzera. «Baina, guk dakigula, Ertzaintzak ez du ikerketarik abiatu oraindik», gaitzetsi du.

Eraso egin zioten migratzaileari dagokionez, «oso beldurtuta» dagoela nabarmendu du Harrera Sarekoak: «Ez zaie inolako eskubiderik aitortzen. Hori dela eta, ez dute inoiz aurpegia eman nahi. Gainera, ikaragarria da erasotzaileek nolako zigorgabetasuna daukaten halakoetan, Poliziak inoiz ez baitu ezertxo ere egiten», esan du Montuschik.

Egoera, okerrera

Atzokoa hilabete gutxian Donostian izandako halako bigarren erasoa da. Harrera Sareak jakinarazi duenez, udan Alde Zaharreko balkoi batetik tiro egin zioten beste etorkin bati bizkarrean. «Paseoan zebilen kalean, eta tiro bat hartu zuen bizkarrean», zehaztu du Montuschik. Dirudienez, migratzaile horrek ez zuen salaketarik aurkeztu: «Ez zuen nahi izan, hura ere oso beldurtuta baitzegoen».

Horiek horrela, Harrera Sareak uste du Donostian azkenaldian nabari den «giro arrazistak koska bat gora» egin duela: «Hilabeteak daramatzagu gertatzen ari dela salatzen, oso larria baita. Sare sozialetan egunero zabaltzen dituzte pertsona horien argazkiak eta bideoak. Hori gutxi balitz bezala, aurpegia estalita zeramaten hainbat lagunek apurtu egin zituzten etorkinek lo egiteko erabiltzen zituzten kanpin dendak, orain dela hilabete batzuk», gogorarazi du Montuschik.

Bada, Harrera Sarekoak salatu du Donostiako Udalak ez duela «ezertxo ere» egiten egoerari aurre egiteko. Are, Jon Insausti alkatearen jarrera kritikatu zuen talde horrek,

abuztuaren 31n egindako prentsaurrekoan. Udalak

KAS Kaleko Afari Solidarioak egitasmoa debekatu

eta hilabete eskasera egin zuten agerraldia, eta salatu Udaltzaingoa eta Ertzaintza «neurri gogorrak» hartzen ari direla kale gorrian bizi direnen aurka: «Mehatxu egitea lo egiten duten lekuetatik alde egin dezaten, haien ondasunak hautsi eta suntsitzea, kanpin dendak moztu eta puskatzea, eta haien objektu pertsonalak kendu eta botatzea, besteak beste». Halako ekintzak «zuritu» nahian baliabide «urriak eta eskasak» eskaintzea egotzi zioten Insaustiri.

Horrez gain, salatu zuten KAS debekatu zutenetik areagotu egin dela talde horretako eta Harrera Sareko kideen aurkako «jazarpen poliziala»: «Alkateak Udaltzaingoa bidaltzen du kalean bizi direnekin egoten den oro zelatatu eta mehatxatzera». Adibide gisa aipatu zuten, hain justu, bi aste lehenago

Tabakaleran gaztelania eta euskara eskolak ematen zituzten kide batzuk identifikatu izana

, eskoletan ikasleei —migratzaileei— janaria emateagatik.

Bada, etorkinen alde eta eraso horien kontra lanean jarraituko dutela baieztatu du Harrera Sareak. «Donostian, migratzaileen kontrako gorrotoa urrunegi iristen ari da. Ezin ditugu eraso hauek normalizatu. Are gutxiago, beste alde batera begiratu», adierazi dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)