Melani McAlister: «AEBek ziurrenik ez dute izango nahi bezala jarduteko askatasunik»

Irailaren 11ren ondoren AEBek egindako gerrez-eta jardun du McAlister irakasleak: «Al-Qaeda harrapatzeko asmoa gorabehera, erreakzioa harropuzkeria izan zen».

Berria, Julen Otaegi Leonet, 11-09-2026

Irailaren 11ko atentatuei erantzuteko, Ameriketako Estatu Batuek «terrorismoaren kontrako gerra globala» hasi zuten, Afganistanen lehendabizi, eta Iraken ondoren. Gatazkak eta herrialde horien okupazioak espero baino gehiago luzatu ahala, «nahiko agudo irauli zen gerra zintzoak zirelako ustea, askatasuna defendatzen ari zirelakoa», azaldu du Melani McAlister (AEB, 1962) George Washington Unibertsitateko AEBetako Ikasketetako eta Nazioarteko Harremanetako irakasleak; unibertsitate horretako Ekialde Hurbileko Ikasketetarako Institutuko burua ere bada. Erasoak izan zirenetik 25 urte bete diren honetan, Irailaren 11ren ondorenari erreparatu dio, baita etortzeko dagoenari ere: «Terrorismoaren kontrako gerra aurrez ere bazegoen, eta gero ere egongo da».

Ikusi gehiago

25 urte geroago, arrastoek hor diraute oraindik ere
Estatubatuarrek nola oroitzen dituzte Irailaren 11ren ostean gertatutakoak?
Bereizezinak dira Irailaren 11ko gertakariak eta terrorismoaren kontrako gerra globala, horrek guztiak eragindakoa, tartean Afganistango eta Irakeko gerrak. Bi ikuskera desberdin daude horrek guztiak zer eragin zuen eta oraindik ere zer eragiten duen ulertzeko orduan. Batetik, musulmanen kontrako etsaikeria izugarri hanpatu zela, bai hemengoen eta bai gainontzekoen kontrakoa; zibilizazioen arteko gatazkatzat ulertu dute, eta, hori erakargarria izanagatik ere, modu okerra da konprenitzeko AEBek zergatik hasi zuten gerra Iraken kontra. Bestetik, estatubatuarrak oro har nazkatu egin direla gerra horiekin.

Nazioartean nola ikusi zuten?
Bazen AEBek munduaren babesa zutelako sentsazio bat, sinpatia; Amerika jazarroitzat izana zuten Gerra Hotza amaitu zenez geroztik, baina, ordu hartan, desagertu egin zen hori guztia, eta biktima moduan ikusten hasi ziren —horixe baitzen—, elkartasunez. Atentzioa ematen du ikusteak sentsazio hori nola aldatu zen AEBak gerran hasi zirenean Afganistanen eta batik bat Iraken kontra. Harrigarria da.

Inbasio horiek gehiegizko erantzunak izan ziren?
Estatubatuarrak ez dira bat eta bakarra, bakoitzak bere erara pentsatzen du, baina esan beharra dago Iraken kontrako gerrak herritarren babesa zuela hasieran behintzat. Bushen administrazioak estatubatuarrak konbentzitzea lortu zuen pentsa zezaten Saddam Husseinek bazuela nolabaiteko zerikusia Irailaren 11rekin.

Orain badakigu hori ez zela egia, eta esango nuke Bushen administrazioa ere horren jakitun zela, baina estatubatuarrek ez zuten uste Afganistango gerra behar bezalako mendekua izan zenik, horixe nahi baitzuten, mendekua, eta, hortaz, gehienek babestu zuten Iraken gerra hastea. Erraza zen Saddam Hussein gorrotatzea, lider lazgarria eta pertsona lazgarria zenez gero.

«Trumpen administrazioaren politikak ezeren adierazgarri baldin badira, politikak militarizatzen ari diren adierazgarri dira»

Kostatu zitzaien hanka egitea…
AEBak indar okupatzaile bihurtu ziren, eta nekeza izan zen handik ateratzea. Inork ez zuen espero belaunaldi baten gerra izatea. Baina halaxe izan zen, eta erabat transformatu da orduz geroztik.

Zer leku du «terrorismoaren kontrako gerrak» AEBen kezken zerrendan?
Ez da AEBen atzerri politiken lehentasuna izango, inondik inora. Beste auzi batzuekin lehian dago jada, tartean immigrazio eta migrazio politikak, merkataritza politikak… Uste dut bestelako garai baterantz goazela, eta Trumpen administrazioaren politikak ezeren adierazgarri baldin badira, politikak militarizatzen ari diren adierazgarri dira: muga zergak gerra arma gisa erabiltzen dituzte, eta mugetako migrazio politikak atzerri politika dira, nazio politika bezainbeste. Ez dute terrorismoaren aurkako gerra amaituko, ziur naiz horretaz, baina aldatzen ari da jada.

Mundua aldatu ahala oreka bat ere topatu behar izango zuten.
Hainbeste gauza ari dira gertatzen aldi berean, ezta? Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra, Txinarekiko begirunea… Gogoratu behar dugu, ordea, terrorismoaren kontrako gerra zein aktiboa den oraindik ere. AEBak eskala txikiko terrorismoaren kontrako gerretan dabiltza, hainbat tokitan eta edonoiz: Nigerian, non tokiko eta nazioarteko talde islamistak dauden, Sudanen, Asia hegoaldean eta hego-ekialdean… Ez da ikusten, baina horrek ez du esan nahi ez denik gertatzen. Gerra hori egitea gutxiago kostatzen da Afganistango eta Irakeko gerren garaian baino, baina oso-oso erreala da.

Hemendik aurrera beste lehia batzuk egongo dira nazioartean, eta geroz eta gutxiago hitz egingo dugu terrorismoaren kontrako gerra globalaz. Gerra Hotzetik sortu zen mundua, zeinean AEBak superpotentzia bakarra diren… Mundu hori amaitzen ari da. Berrantolatu egingo da, eta politikari estatubatuarrek ere berrantolatu egingo dituzte munduan egoteko eta mehatxu militarrei eta ekonomikoei aurre egiteko moduak. Oso bestelako mundu bat ikusiko dugu, mundu multilateralago bat, eta AEBek ziurrenik ez dute izango zoko guztietan nahi bezala jarduteko askatasunik.

«Irailaren 11ren ostean AEBek Irak hautatu zuten botere estatubatuarra zertan zetzan erakusteko, sinbolo gisa»

Eta «terrorismoaren kontrako gerrarekin» zer?
Terrorismoaren kontrako gerra globala eta islamismo erradikala hor egongo dira aurrerantzean ere. Ez zituen Irailaren 11k piztu; aurrez ere bazeuden, eta gero ere egongo dira.

Zer irakaspen utzi ditu mende laurden honek?
Irailaren 11koak gertatu eta jarraian, Bushen administrazioko baten batek, ez dakit zeinek, esan zuen zein zaila den estatuz kanpoko eragileen kontra borrokatzea: talde terroristek eta miliziek ez dute estatu baten aparaturik, ezta estatu baten mugarik ere. Horren ondorioetako bat izan zen AEBak Iraken atzetik joan izana; Afganistanen kontra ere bai, baina estatu ahula zen hura, eta ez zeukan halako sinbolismorik. Hortaz, eta aintzat hartuta aurrez elkarren artean gerran egon zirela, 1990ean eta 1991n, Irailaren 11ren ostean AEBek Irak hautatu zuten botere estatubatuarra zertan zetzan erakusteko, sinbolo gisa.

Ez zitzaien ondo atera…
Vietnamgo gerraren garaiaz geroztik atzerri politikan egindako hutsegiterik handiena da, ziurrenik. Hutsegitea ez, bazekiten-eta zertan ari ziren. Kalkulua gaizki egin zuten. Ulertzen dut AEBen kontrako eraso terrorista batek erantzuna izango duela, zentzua dauka horrek. Al-Qaeda harrapatzeko asmoa gorabehera, erreakzioa harropuzkeria izan zen: ordura arte ezezkorik jaso ez zuen potentzia hegemonikoak gaizki kalkulatu zuen zer eragingo zuen estatu bat berreraikitzen saiatzeak.

Inori ez zaizkio gustatzen potentzia hegemonikoak. Kontua da irakiarrei, hala nola Saddam Hussein boteretik kentzearen alde egin zuten askori, ez zitzaiela gustatu okupazioa. Gainontzeko mundu guztiak ere ez zuen gustuko izan hori ikusi behar izatea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)