25 urte geroago, arrastoek hor diraute oraindik ere
Irailaren 11ko atentatuen ondoren, eta «terrorismoaren kontrako gerraren» izenean, AEBek gerra legeak aldarazi zituzten, eta, besteak beste, interbentzio militarrak egin Ekialde Hurbilean.
Berria, , 11-09-2026Urrutitik ere sumatu liteke gaurko egunez, duela mende laurden, zeri zerion kea New York hiriko Manhattan barrutian, Ameriketako Estatu Batuetan. Ikerketa ofizialek diotenez Al-Qaedako hemeretzi kidek lau hegazkin bahitu zituzten; horietako bik Dorre Bikiak jo zituzten, beste batek Pentagonoaren egoitza, eta azkenaren helburua berez Kapitolioa bazen ere, Pennsylvanian erori zen, bidaiariek eta hegazkineko langileek aurka egin baitzieten jihadistei. Hiru mila lagun baino gehiago hil ziren atentatu horietan, eta zauri sendagaitzak eragin zizkieten askozaz ere gehiagori.
egunkaria 2001 09 12 001
‘Euskaldunon Egunkaria’-ren azala, erasoaren biharamunean. EUSKALDUNON EGUNKARIA
Irailaren 11ko erasoek alerta jo zuten munduko potentzia handienetarikoan; ondorioz, berehala aldarazi zuen segurtasuna ulertzeko modua, baita indar militarra erabiltzeko konbentzioak ere.
AEBen konponbidea: esku hartze militarrak?
Gerra bestelako modu batean egiteko baliatu zituzten Irailaren 11ko erasoak, etsaia ez baitzen, ordura arte bezala, herrialde bat, erakunde jihadista bat baizik: Al-Qaeda. Lehenbiziko hegazkinak New Yorkeko dorreetako bat jo eta ordubete igaro baino lehen esan zuen George W. Bush AEBetako orduko presidenteak «ekintza terrorista» bat izan zela; atentatu horiek jazo eta egun gutxira, berriz, iragarri zuen «terrorismoaren kontrako gerra» hasiko zutela Al-Qaedaren kontra: «Baina ez da horrekin amaituko». Jarraian, Afganistan inbaditzeari ekin zioten, urriaren 7an, erakunde jihadista horretako buru Osama Bin Laden bertan ezkutatua zegoelakoan, eta argudiatuta talibanek uko egin ziotela hura AEBen esku uzteari.
Erasoen hamargarren urteurrena hurbil zela hil zuten Bin Laden, 2011ko maiatzean. Baina horrek ez zuen eten, inondik inora, interbentzionismoa; beste hamar urte igaro ziren AEBetako armadako azken soldaduak Afganistan utzi eta talibanak boterera itzuli arte.
AEBek kontraeraso gisa hasi zuten Afganistanen kontrako inbasioa, eta Irailaren 11tik urte eta erdi pasatxora ere, mehatxuaren aitzakia baliatu zuten Irak inbaditzeko, suntsipen handiko armak zituelakoan, nahiz eta azkenerako ez zuten halakorik topatu.
Muturreko islamismoarekin zer?
AEBen inbasioek, halaber, muturreko islamismoa hedatu ahal izateko modua ekarri zuten: 2003an Irak inbaditu eta 2006an Saddam Hussein herrialde horretako presidentea exekutatu izanak utzitako abaguneak eragin zuen Estatu Islamikoa sortzea eta erakunde berri horrek indarra hartzea, berez Al-Qaedaren filial gisa, urte batzuk geroago banandu egin ziren arren.
AEBetako armada erretiratzearekin batera amaitu zen Irakeko gerra (2003-2011), eta 2014an hara itzuli ziren Bagdadek berak eskatuta Estatu Islamikoaren kontra egin zezan, talde jihadistak kalifa herria izendatu baitzuen Irak mendebaldean eta Siria ekialdean. Hiru urteren buruan uxatu zituzten muturreko islamista horiek Iraketik, eta beste bi urte igaro ziren Sirian zuten azken gotorlekua mendean hartu baino lehen.
Horretaz gain, Asia hegoaldean eta Ekialde Hurbilean eduki zuen presentzia hein batean lausotu ahala, jihadismoak beste indargune batzuk eskuratu ditu azken urteotan, batik bat Saharaz hegoaldeko Afrikan.
Islamofobia areagotu zuten erasoek
Atentatuek islamofobia olde bat eragin zuten herrialdean, 1979ko Teherango gatibuen krisiaz geroztik AEBetan ikusi ez zen islamofobia olde bat —urte hartako Irango iraultzaren bueltan, AEBek herrialdean zuten enbaxadako langileak eta estatubatuarrak bahituta eduki zituzten eraikin horretan, 444 egunez—. FBI Ikerketa Bulego Federalaren datuen arabera, 2001ean musulmanen kontrako 566 gorroto delitu baino gehiago erregistratu zituzten, inoizko gehien. Gerora, apaldu egin zen gorroto delituen kopurua —orduz geroztik iaz arte 222 erasoren berri eman du urtero batez beste—, baina inoiz ez dira Irailaren 11ko erasoen aurreko egoerara itzuli; are, Donald Trump presidentearen lehen agintaldiaren bueltan (2017-2021) gora egin zuten, baita 2023ko urriaren 7ko Hamasen erasoen ondoren ere.
Ikusi gehiago
«AEBek ziurrenikez dute izango nahi bezala jarduteko askatasunik»
Segurtasuna ala espioitza?
Irailaren 11ko erasoen ondotik, Washingtonek balantzan jarri zituen herritarren pribatutasuna eta segurtasun nazionala. Lege Patriota onartu zuten handik hilabete eta erdira, deiak, mezuak, posta elektronikoak eta gisakoak zelatatzeko moduak areagotzeko, baita «terrorismoa atzemateko eta oztopatzeko» ere.
Lege horrek askatasun zibilak mugatu edo urratuko zituelako ustea ere zabaldu zen, eta hori baieztatu zuten 2013an Edward Snowdenek —orduko hartan Defentsa Departamentuaren Segurtasun Nazionalerako Agentziako langilea zenak— egindako filtrazioek: Lege Patriotaren bidez ezarritako zaintza masiboen programen berri eman zien lau kazetariri. Hong Kongen zela egin zuen filtrazioa, eta Errusiara erbesteratu zen; han bizi da orduz geroztik.
Snowdenek estutasunean jarri zuen Barack Obama presidentearen gobernua; bada, filtrazioa gertatu zenetik bi urtera, 2015ean, Askatasunaren Legea onartu zuten, zelatatzeko gaitasuna nolabait mugatzeko.
Prebenitzea gatazkari ekitea ote da?
Irailaren 11k gatazken doktrina aldatzera behartu zituen AEBak, aurrerantzean justifikatuta-edo geratu baitzen mehatxu izan zitekeenaren aurka egitea; erasoak gertatu eta hurrengo urtean, segurtasun nazionalerako estrategian, «autodefentsan» eta «eraso prebentiboetan» oinarritutako jarrera jaso zuten. Atentatu horiek ikertzeko 9/11 Batzordeak zera ere jaso zuen txosten batean: «Behin arriskua materializatuz gero, noski, errazagoa da mobilizatzea —baina baliteke beranduegi izatea—». Horiek horrela, bertan behera geratu zen Gerra Hotzeko disuasioaren politika.
Bushek gerra legeak moldarazi zituen AEBen segurtasunaren izenean, nazioarteko legediaren arabera politika hori legez kanpokoa izanagatik ere; mehatxuak berehalakoa eta soilik berehalakoa izan beharko luke herrialde batek haren kontra eraso egin dezan.
(Puede haber caducado)