Arma husteak gehienetan hiltzeko «nahia» erakusten duela ondorioztatu du Arambururen hilketaren inkestagileak

Parte zibilendako bereziki gogorra izan da auzi saioa. Arma ugari, polizia plakak, kaskoak eta besotakoak atzeman zituzten inkestagileek Arambururen hilketaren ondotik akusatuen etxeak miatu zituztenean.

Berria, Oihana Teyseyre Koskarat, 09-09-2026

Romain Bouvierrek lau aldiz egin zion tiro Federico Martin Arambururi. Loik Le Priolek, sei aldiz. Armetan zeuden kartutxo guztiak erabili zituzten. Kargatzaileak hustu zituzten. Gaur lekuko gisa deklaratu duen poliziak parte zibilen abokatuen galderei erantzunez erran du armaren kargatzailea erabat husteak «gehienetan hiltzeko nahia» erakusten duela. Hori izanen da auziaren funtsa: Aramburu hiltzeko nahia izan zutenetz ikertzea. Goizean, Federico Martin Arambururen hilketari buruzko xehetasun teknikoak eman ditu tiroketaren ondotik ikerketaz arduratu zen poliziak. Saioa gogorra izan da parte zibilendako, Arambururen hilketaren inguruko xehetasun teknikoak azaltzera etorri baita inkestagilea.

Hilketa gertatu zen tokiko argazkiak erakutsi dituzte lehenik, gaualdi hartan bideokamerek grabatutakoak ondotik, eta, azkenik, hilketaren ondoren poliziek hartutakoak. Arambururen gorpuaren argazkiak agertu baino lehen gelatik atera dira parte zibilak. Irudiak hedatu dituztenean, Loik Le Priol erailketaz akusatutakoak ez die begiratu: zolari so egon da. Romain Bouvier erailketa saiakeraz akusatutakoak irudiei begiratu die, baina begirada aldendu du segidan.

Bestalde, ikerketaz arduratu zen poliziak inkestaren lehen elementuak zein ziren azaldu du, eta Le Priolen eta Bouvierren etxeen miaketen irudiak hedatu dituzte. Bereziki deigarria izan da Bouvierren apartamentuko irudi sorta: zikinontziak zeuden denetan, eta nolanahika pausaturik armak —sofa gainean, ohe gainean, tiraderetan…—. Denetara, hamabost arma atzeman zituzten, eta 1.089 kartutxo. Poliziari dagozkion objektu anitz ere identifikatu zituzten: plaka bat, besoko bat, kasko bat, balen kontrako barnekoak… Baita Hitlerren estatua bat ere. Inkestagileak erran du arma horiek gisa horretan aurkitu izanak ez duela «bat egiten» bildumagile batek izan ohi duen jokamoldearekin. Argazkiak hedatzean nardatua iduri zuen Bouvierrek. Izan ere, haren abokatuak erran du dosierrean diren argazkiak miaketa egin eta gerokoak direla.

Le Priolen etxean ere atzeman zituzten arma batzuk, eta Poliziari dagozkion objektuak ere bai. Inkestagileak aitortu du ez dela ohikoa halako materiala atzematea hilketei lotuta ikertzen dituzten susmagarrien etxeetan. Le Priolen familiak duen etxe batean, haren aitaren arma batzuk aurkitu zituzten: aita ere kontrol judizialpean izan zen 2013tik 2019ra, armak legez kanpo eskuratzeagatik. Militarra izan zen.

Inkestagileak segurtatu du ez dutela arrazoi arrazistekin edo politikoekin lotu hilketa. Halere, aitortu du akusatuen soslaia ez dela ohikoa normalean ikertzen dituen susmagarrien aldean: familia burgesetakoak dira biak, familiarengandik lagunduak, arma bildumen jabeak… Defentsaren abokatuek inkestagileei leporatu diete bi akusatuen militantzia politikoa hedabideei zabaldu izana inkesta hasi orduko, eta uste dute horrek inkesta eta auzia baldintzatu dituela. Adierazi dute, bestalde, ikerketa egin zuen polizietako bat errugbilaria izan zela, eta balitekeela horrek bere objektibotasunari kalte egin izana.

Gaualdia, xehatua
Akusatuek Arambururekin eta Hegartyrekin topo egin zutenetik hilketa gertatu arteko tartea aztertu du epaimahaiak gero, inkesta egin duten bi poliziaren lekukotasunak oinarri. Helburua zera da: hilketa aurretik gertatutakoei erreparatzea, argitzeko ea akusatuek hilketa aldez aitzinetik planifikatu zutenetz, eta hilketara iritsi aitzineko urrats guziak aztertzea.

Le Mabillon ostatuko terrazan topo egin zuten lehen aldiz Le Priolek, Bouvierrek eta Lyson Rochemirrek Shaun Hegarty eta Arambururekin. Hasieran giroa lasaia zen, baina ozpindu zen Le Priol eta Bouvier beste gizon bati trufaka hasi zitzaizkiolarik: Hegartyk lasaitzeko eskatu zien. Le Priol zutitu zen, eta Hegartyri zarta txiki bat eman zion. Ostatuko segurtasun agenteak bereizi zituen. Minutu batzuk berantago, joatea deliberatu zuten bi errugbilari ohiek. Lekuko batzuen arabera, Aramburuk Le Priolen kaputxa tiratu zuen joatean. Le Priol berehala altxatu zen, eta laurak borrokan hasi ziren. Akusatu baten abokatuak erran du Arambururen jestu horren ondorioz arriskua zegoela Le Priolek buruarekin zola jotzeko. Eskandalagarria izan da defentsaren erranaldi hori parte zibilendako.

Borroka finitzean akusatuek zer egin zuten ikertzea bereziki garrantzitsua zaio gorteari, baliagarria izan baitaiteke bakoitzaren erantzukizuna definitzeko. Batetik, epaileek ebatzi behar dute akusatuak Arambururen eta Hegartyren gibeletik abiatu zirenean haiek hiltzeko asmoa ote zuten. Polizietako batek kontatu du Le Priolek zera erran zuela errugbilariak joan zirenean: «Putasemeak, atzemanen ditut». Poliziak hori kontatzean buruarekin ezetz egin du Le Priolek.

Bestalde, Rochemirren rola zein izan zen definitu behar dute: erailketa saiakeran konplize aritu izana leporatzen zaio, Bouvier autoz eraman zuelako eta, ondotik, Le Prioli ihes egiten lagundu ziolako. Le Mabillon ostatuko terrazan giroa «baretzeko» egin zituen ahaleginak azpimarratu dituzte Rochemirren abokatuek.

Deklaratu duen bigarren poliziak ordura arte ezezaguna zen eszena bati egin dio erreferentzia. Bideokamerak erakusten duenez, Le Mabillon terrazan zirenean, Le Priolek ganibet bat atera zuen bere lagunei erakusteko, eta gero, jestuz txakur bati tiro egitea eskarniatu zuen. Defentsako abokatuek pasarte hori eteteko galdetu diote gorteari, dosierrean agertzen ez dela argudiatuta. Nolanahi ere, bihar ekinen diote gaualdiaren bideo bidezko azterketari, karrikako hainbat kamerak gertatutakoa filmatu baitzuten, eta horietako batzuek, baita soinua ere. Parte zibilendako egun gogorra izanen da biharkoa ere, batez ere jakinda Arambururen familiak eskatu duela bideo horiek ez ditzatela heda, Arambururen haurren ongizatea bermatzeko. Frantziako hedabide batzuek, gainera, Le Mabillon ostatuko terrazako irudiak zabaldu dituzte, eta hori ere gaitzetsi du familiak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)