Mila euroko isuna Gixunen irain arrazistak bota zituzten bi gizonentzat
Aurtengo martxoan, Gixunen irain arrazistak bota zituzten bi gizon epaitu zituzten Baionan. «Herra pizteko moduko» adierazpenak egiteaz gain, jendarmeriaren uniformea ilegalki baliatzea egotzita mila euroko isuna ezarri diete 26 eta 27 urteko akamartarrei.
Gara, , 09-09-2026Frantzia-Ingalaterra gizonezkoen errugbi partida ikusteko gaualdia antolatu zuen iragan martxoan Gixuneko besta komiteak. Ospakizun hartan gertaturikoa publikoki salatu zuen mugimendu antifaxistak. Bere sare sozialetan ezagutzera eman zuenez, Akamarreko bi gizonek –horietako bat jendarmez jantzirik zen– irain arrazistak bota zituzten, alkoholez zipriztinduriko giroan. Ondotik, «erranaldi arrazistak eta bortitzak» zabaldu zituzten bideo batean.
Bideo horretan ikusi ahal zenez, lehenengo gizonak herritar magrebtarrak iraintzeko baliatzen den frantsesezko bougnole hitza aipatu zuen: «Gizon hau azkarra da, hiru bougnole atzeman ditu» erran zuen, bere ondoan zuen lagunari buruz ari zela. Bigarren pertsona horrek honakoa erantzun zion: «Hala, hiru arabiar gutiago». Solasaldia bururatzeko «Vive la France ! Heil !» oihukatu zuten bi lagunek, Frantzia goratu eta, hitzez ez ezik, eskuin besoarekin ere agur faxista eginez.
Mugimendu antifaxistak honako oharra egin zuen Baxe Nafarroako herrian izan zen gertakariaren harira: «Ez dugu onartuko ostatuko giroa arrazakeria aldarrikatzeko horrelako erranaldi eta keinuak egiteko baliatzea». Mediabask-ekin mintzo, Gixuneko besta komiteak, bere aldetik, gertaturikoa argiki salatu zuen. «Berdin du zer egoeran gertatzen diren, gisa horretako jokabideak ez dira nehoiz onargarriak», nabarmendu zuen.
Pirinio Atlantikoetako Prefeturak galdeginik, auzibidea abiatu zuen Baionako fiskaltzak, eta atzo (hilak 8) epaitu zituzten Akamarreko bi gizonak. «Herra pizteko moduko» adierazpenak egiteaz gain, jendarmeriaren uniformea ilegalki baliatzea egotzita, kondenatu egin dituzte 26 eta 27 urteko akamartarrak. Baionako Auzitegian iragan zen epaiketan mila euroko isuna ezarri zieten bakoitzari. Bestalde, biek 500 euroko kalteak ordaindu beharko dizkiote Giza Eskubideen Ligari. «Horrelako gertaeren larritasuna» ez gutsiesteko dela iradoki du Maider Etcheverry elkarteko abokatuak.
(Puede haber caducado)