«La Nuestra»: isiltasuna hautsiko duen sare feminista eta antifaxista
Cristina Fallaras eta Nerea Barjolak aurreko astean aurkeztu zuten Donostian lantzen ari diren proiektu feminista. Emakumeek komunitate digital bat izan dezaten, sortze bidean da dagoeneko «La Nuestra». Erreparazioa helburu, kontakizuna, memoria eta aitortza kolektiboa izango ditu ardatz.
Gara, , 10-09-2026Birbiktimizazioaren eta erreparazioaren arteko ikuspegi-aldaketaz hausnartzen aritu ziren aurreko astean bi egunez Donostiako Miramar jauregian, EHUk antolatutako “Indarkeria matxistaren erronka berriak: biktimizaziotik erreparazioa” udako ikastaroan. Beste hainbat ardatzen artean, marko teorikoa, dimentsio juridikoa, erreparazio integrala, biktimei arreta, dimentsio soziala eta politika publikoak aztertu zituzten hitzaldien bitartez. Ikastaroa ixteko, berriz, ‘La Nuestra’ proiektua aurkeztu zuten elkarrekin Cristina Fallaras zaragozar kazetari, idazle, analista, ekintzaile eta politikariak eta Nerea Barjola politologo feminista, ikertzaile eta idazleak.
Nerea Barjolak Donostian azaldu zuenez, proiektuaren iturburuan komunitate digital eta feminista bat sortzeko beharra dago. «Testigantzen artxibo bizi bat izateaz gain, sare bat da, emakume komunitatea sortu eta erreparaziorako bide izan nahi duena», deskribatu zuen Barjolak. Horretarako, beharrezkotzat dituzte segurtasuna eta konfiantza: «‘Nik sinisten zaitut’ edo ‘Bat ukituz gero, mila ukitzen gaitu’ bezalako esaldien pentsamendua beharrezkoa du lan honek aurrera egiteko».
Aplikazio bat sortzea da helburu nagusia. Zertarako? Komunitatea sortu eta emakumeek babesgune bat izateko. Horregatik, argi adierazi zuten ‘La Nuestra’ ekimenak ideologia markatuta izango duela, hau da, «toki antifaxista eta antirrazista» izango dela.
Isiltasuna hautsiz
Barjolak kontatu zuen Fallarasek testigantzen bilketa handia egin duela artxiboa sortzeko, eta, beraz, isiltasuna hautsiko duen artxibo bizia osatzen ari direla. Bizia, ‘La Nuestra’ argitaratzen denean, bizipen eta testigantzak jasoko dituen aplikazio bat izango delako.
«Erreparazioa pertsona batek entzuten zaituenean hasten da, eta gureak entzuteko espazio hori izan nahi du», nabarmendu zuen Barjolak. «Entzuna sentitzeak» harremanak sortuko dituela ziurtatu zuten, eta erabiltzaile bakoitzak bere errelatoa kontatu ostean elkarrizketak sortuko direla argi dute ekimenaren bultzatzaileek.
Sortze bidean den aplikazioan testigantza bat idazten den unean, kategoria bat emango zaio errelatoari. Baina nola? Bada, Barjolak azaldu zuenez, aditu batzuk ari dira kontzeptualizazioen bidez estilo liburu bat sortzen ondoren kategorizazioak prestatzeko, bai eta adimen artifizial bat prestatzeko ere. Adimen artifizial hori ere moldatuko dutela azaldu zuen Fallarasek: «Eraikiko dugun adimen artifizialari joera misogino, matxista eta arrazistak kenduko dizkiogu entrenamendu bidez eta estilo liburuarekin elikatuz».
Lanketa horrekin burujabetza digitala bilatzen dutela aitortu zuten, plataforma handiekiko mendekotasuna murriztea. Ildo horretan, funtsezko galderak plazaratu zituzten: «Nork kontrolatzen ditu datuak? Nork erabakitzen ditu arauak? Zein interes ekonomiko, sozial eta politikoren pean funtzionatzen dute hitz egiteko eta adierazteko erabiltzen ditugun sareak?». Hala ere, Fallarasek sare sozialak «berez txarrak ez diren ideian» jarri nahi izan zuen azpimarra. «Historian lehen aldiz, gure errealitatea kontatzeari ekin genion, hori egiteko tresna bat aurkitu ahal izan genuelako sareen bidez. Kontua da horiek gizonezko teknologo aberatsek kontrolatzen dituztela, eta, horregatik, hori irauliko dugu gurean», nabarmendu zuen.
Fallarasek kontatu zuen ‘Me too’, ‘Ni una menos’, ‘Cuéntalo’ bezalako hashtagek errelatoak idazteko bidea zabaldu zutela, baina horiek sareetatik desagerrarazi dituztela. «Kasualitatez, gure errealitatea kontatzen hasi garenean, ez dugu dietez, modaz, amatasunaz edo sukaldeaz hitz egin, biolentziaz aritu gara. Kalkulatzen da 100 milioi testigantza baina gehiago zeudela sarean», esan zuen. Horietako batzuekin artxiboa osatu dute ‘La Nuestra’ elikatzeko.
Eman eta jaso
Proiektuak, plaza bat eskaintzeaz gain, harremanak ere eskainiko ditu. Azaldu zuten profesional sare feminista bat garatu dutela behar duen orok eskura izan dezan, besteak beste, medikuekin eta abokatuekin. Bestalde, aplikazioa komunitate itxia izango dela gehitu zuten, «elkar laguntzeaz gain, elkar babesteko».
‘La Nuestra’ ekimenak diru iturritzat Goteo plataforma du; hau da, donazio bidezkoa da eta zabalik dago. Orain arte sei mila kidek baino gehiagok lagundu dute.
(Puede haber caducado)