Israel, Netanyahuren balizko porrotetik harago
Gara, , 10-09-2026“Haaretz” egunkariak ezagutzera eman duenez, Benjamin Netanyahuk bazekien Hamas eraso gogor bat prestatzen ari zela 2023ko urriaren 7rako. Arabiar Emirerri Batuetako buru Mohamed bin Zayedek abisatu zuen. “Times Of Israel” egunkariak baieztatutako albistearen arabera, Netanyahuk ez zien jasotako informazioa helarazi Israelgo segurtasun arduradunei. Honezkero jakina denez, eraso haiek eragindako shocka baliatu du Netanyahuk Gaza birrindu eta genozidioa martxan jartzeko.
Kazetaritzaren garrantzia aldarrikatzeko balio duen argitalpena urriaren 27an Israelen egingo diren hauteskundeen testuinguruan kokatu behar da. Lehenengo aldiz Gazako sarraskia hasi zenetik, israeldarrek euren Gobernuaren inguruko iritzia plazaratu ahalko dute hautetsontzietan. Inkesten arabera, lehia estua izango da Netanyahuren eta Gadi Eisenkot Israelgo Estatu Nagusiko buru ohiaren artean. Netanyahuren etengabeko polarizazioaren aurrean, Eisenkotek batasunaren hautagai gisa aurkezten du bere burua. Israeldarren batasuna, jakina. Netanyahuren ihesbide bakarra aurrera jarraitzea da. Horregatik iragarri zuen atzo “Haaretz”-en aurkako salaketa aurkeztuko duela, eta horregatik behartu du Londres Jerusalemeko kontsulatu historikoa uztera, Zisjordaniako koloniekin harremana eteteagatik zigor gisa. Larri dabil.
Netanyahu Gobernutik kanporatzea aurrebaldintza da Israelen edozer gauza aldatzen hasteko, baina ez da aldaketa horren bermea. Eisenkot Zisjordaniako koloniak hedatzearen alde dago, eta, militar gisa, doktrina kriminalak aplikatu ditu Palestinan eta Libanon. Gaur egun, palestinarren Estatuaren aurka kokatzen du bere burua eta Hamasen kontra Netanyahuk bezain erretolika gogorra erabiltzen du. Netanyahuk hauteskundeak galtzea albiste ona litzateke, besteak beste, noizbait epaitzeko aukera erraztuko lukeelako, baina Eisenkotek ez dakar besapean palestinarrentzat esperantzarik. Netanyahuz harago, kolonizazioan eta okupazioan oinarritutako erregimen bat da palestinarrek pairatzen dutena, eta Tel Aviv-eko Gobernuko maizterra gorabehera, hori eraisteko nazioarteko presioa tinko mantendu behar da.
(Puede haber caducado)