«Harro izatea ez da aski; egiazko erantzun bat behar da, gainera, antifaxista dena gaur egun»
Ipar Euskal Herriko Asanblada Transmaribibolloko kideak dira Joana Detchart eta Maddi Kintana. Hilaren 19an Baionan eginen den harrotasun egun erradikalaren antolakuntzan murgildurik daude. Queer askapenaren eta bertze borroka batzuen arteko loturaz mintzatu dira KAZETAri emandako elkarrizketan.
Gara, , 10-09-2026Queer oldarra’ izanen da hilaren 19rako Baionan antolatuko den harrotasun erradikalaren leloa. Transfeminismoa eta antifaxismoa ardatz, zapalkuntzak deusezteko xede argia adierazten dute Ipar Euska Herriko Asanblada Transmaribibollokoko kideek. Joana Detchart (Baiona, 1996) eta Maddi Kintanak (Zurich, Suitza, 1999) ez dute «LGBT+ mugimenduaren normalizazioan» sinesten eta zapalduen arteko aliantzak josi nahi dituzte. Egitarau oparoa prestatu dute harrotasunaren egunerako: piknika eginen dute 13:00etan, 15:00etan manifestazioa eta 19:00etatik goiti gaualdia Baionako Zizpa gaztetxean.
Ipar Euskal Herriko asanblada transmaribibolloa noiz, nola eta zein beharri erantzuteko sortu zen?
Maddi Kintana: Bildu ginen hainbat kolektibo feminista, queer eta borroka eremukoak, sindikatuak… Bagenuen kezka partekatu bat: ez zegoela nolabaiteko espazio bat zeinean batzen zen borroka queerra ikuspegi intersekzional batetik. Eta batu ginen, hasi ginen elkarren artean hitz egiten, erabaki genuen zerbait sortzea. Kolektibo batetik abiatu zen, baina gero hori desegin genuen; eta ez da hainbeste eragileen arteko mugimendu bat, baizik eta jende talde bat, erabaki duena elkarrekin zerbait osatzea oso modu horizontalean.
Joana Detchart: Duela urtebete ohartu ginen beharrezkoa zela saretzea. Ez dakit, garai bitxia zen; irailean izan ziren ikasturte hasierako gatazkak eta hainbat behar sozial. Guk gure burua ez genuen baitezpada kokatzen mugimendu horietan, baina gure beharrak genituen. Faxismoaren gorakadarekin, ondoko epeetan ere, zinez, bazen babes eta zaintza behar bat, saretzekoa; eta, beraz, gure tresnak horretan ezarri eta topaguneak sortu behar genituen. Hortik zen asanblada sortu. Lehenik, hainbat kolektibo bildu ziren aipatzeko: zer? Nola? Ea sare bat sortu behar zen, edo ekitaldi bat egin…
M.K.: Bai, eta nik ikusten dut azkenean Baionan falta zela zerbait. Ez zegoen harrotasun erradikal bat hartzen zuena kontuan borroka anitzen arteko intersekzioa, izan antifaxista edo antikapitalista izatea, izan Palestinaren aldeko posizio argi bat edo izan transfeminismoaren aldeko aldarri bat. Hortik dator ideia: egin nahi genuela zerbait ideologikoki markatua, askapen ikuspegi horretatik.
J.D.: Eta lurraldeari lotuta. Jakinez badirela mugimendu transfeministak eta asanblada transmaribibolloak Hegoaldean; baina gure beharretan oinarrituz, Iparraldeko errealitatean ez zen. Azkenean, izan da topagune bat, esperimentala, eta hortik pentsatu da harrotasun erradikal hori egitea. Pixka bat ondorio bat izan da.
Zeintzuk dira hilabeteotan egin dituzuen jarduerak?
M.K.: Izan dira hilabete batzuk biziki fite pasa zaizkigunak. Ematen du denbora anitz dela, baina azkenean halako gauza handi bat antolatzeak denbora hartzen du. Baina egin dugun gauza nabarmenetako bat izan zen piknik bat antolatzea maiatzean, Baionan; eta harrituak ginen jende ezberdina etorri zelako, adin guztietakoa, eta agian festa giroa hain gogoko ez duen jendeak ere hor ikusi zuen bere lekua etortzeko. Orduan, elkargune bat sortu genuen kolektibora sartzeko.
Horrez gain, Baionako besta alternatiboek eskaini ziguten irekiera diskurtsoa egitea. Orduan, baliatu genuen espazio hori oroitarazteko gureak ere badirela bestak eta gu hor egonen garela; bestak ez direla izanen denonak ez baldin badira feministak, queerrak eta antifaxistak. Hori egin dugu; baina, batez ere, aritu gara gure artean saretzen. Tailerrak egiten, afixaketak egiten elkarrekin, bilera osteko tragoak hartzen. Horrek guztiak ere balio dute maila interno batean gure arteko kohesioa indartzeko.
J.D.: Barne hausnarketa potolo bat egin dugu. Bazen behar hori: topatuko dugu elkar, eta kokatuko dugu gure burua politikoki. Eta, azkenean, gure lehen lana izan zen gutuna idaztea, tresna politiko biziki zorrotza dena. Gure lehen ekintzetariko bat izan zen, gero abiarazi zuena beste guztia. Gure barne elkarrizketak eta eztabaidak zehaztu ditugu. Beti iruditzen zaigu ados garela, baina eztabaidak pausatu behar dira, hausnartu eta gure buruak dudan ezarri; eta ez gara batere garbiak sentitzen, baina lanketa baten abiatzeko prest bai, eta uste dut aukera dela denentzat.
Harrotasun eguneko afixak, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)
Nolako harremana duzue mugimendu feministako eta LGBT+ mugimenduko gainerateko eragileekin?
M.K.: Mugimendu transfeministako eragileak barnean gaude, asko eta asko. Baditugu txapel bikoitzak edo antzeko txapelak; azkenean, borrokek bat egiten baitute. Nire ustez, transfeminismoaren ekarpena oinarrizkoa izan da, ematen digulako marko ideologiko bat gure posizionamendua gizartean aztertzeko. Gorputzetik-eta. Orduan, nik esango nuke ezin dela pentsatu asanblada hau transfeminismorik gabe.
J.D.: Azkenean, asanblada hau ez da zerotik agertzen; ingurumen batetik agertu zen, hutsune batzuk agerian ezartzeko eta lanketa bat egiteko; baina transfeminismoa eta antifaxismoa oinarri gisa hartuz eta queer mugimenduaren tresnak baliatuz. Intersekzionalitatea berriz ere politizatu eta kokatu behar da, askapen mugimendu hau gorputz guzietatik abiarazi behar delako.
M.K.: Eta beste LGBT+ taldeei dagokienez, uste dut badela beste jende bat leku jakin batzuetatik datorrena, queer ingurukoa eta abar… Bazen Bitxi Bitxi ere bai tartean; hartu dugu oinarri hori.
J.D.: Bai, inportantea da. Usu aipatzen dugu ildo politikoa pixka bat abstraktutik, baina praktikotik aipa daiteke mutualizazioa ere: tresnak/tokiak partekatzen ditugu, beste lurraldeetako mugimenduekin batu gara, aritu gara hitz egiten Biarnoko edo Landetako beste talde batzuekin, gure baliabideak trukatzeko. Eta, noski, Hegoaldeko taldeak ere topatu nahi ditugu, nahiz eta anitzetan gure errealitateak ezberdinak diren. Batzeko eta euskararen aldetik ere gauzak egiteko. Beraz, etengabe bada beste kideekin lotura egiteko sentsibilitate hori.
M.K.: Bai, eta, adibidez, badugu Bekat’uros Atharratzen, eta badugu harreman pixka bat ere haiekin. Uste dut inspiratu garela anitz haiengandik. Guk erabiltzen ditugun tokiak dira beste espazio militante batzuk, eta hortik haratago badugu harremana [Baionako] gaztetxearekin, sindikatuekin eta beste hainbat kiderekin gauzak antolatzeko.
«Nire ustez, transfeminismoaren ekarpena oinarrizkoa izan da, ematen digulako marko ideologiko bat gure posizionamendua gizartean aztertzeko», M. Kintana
Ekainaren 28ko LGBTI nazioarteko egunaren inguruan harrotasun mobilizazio bat antolatu ohi da jadanik; zergatik dago, zuen ustez, harrotasun egun erradikal bat antolatzeko beharra?
J.D.: Ez da aski homosexuala edo bisexuala izatea disidentea izateko. Gure pribilegioez ohartu eta landu egin behar ditugu, egiazko aldaketa sozialak lortzeko. Beraz, ez dugu sinesten LGBT+ mugimenduaren normalizazioan, sistema kontsumitzaile eta zapaltzailea barneratzen duelako. Queerra izatea transbertsala da; horregatik aldarrikatzen dugu erradikalak garela, izan nahi baitugu denei irekiak eta gure ezberdintasunak elkarretaratu nahi baititugu. Azkenean, nik aski argi dut, eskuin muturraren gorakadarekin, gauzak egiteko eta borroka hori gorpuzteko ardura dugula gure mugimenduetatik eta queer mugimendutik ere. Hortaz, harro izatea bakarrik ez da aski; egiazko erantzun bat behar da, gainera, antifaxista dena, gaur egun.
M.K.: Hartuko nituzke Joanaren hitzak. Guk, azkenean, ez dugu normalizazio bat nahi; guk nahi dugu hautsi sistema honekin, sistema dikotomiko honekin eta sortzen dituen eredu guztiekin: familia nuklearra, heteronormatibitatea, zuritasuna… Horrekin hautsi nahi dugu, eta horretaz hausnartzen dugu. Orduan, beste etorkizun bat saiatzen ari gara sortzen gure artean.
Zuen gutunak jasotzen duenez, ez duzue gorputzak baztertzen dituen feminismoan sinesten; antikapitalista, antirrazista eta antikolonialtzat definitu duzue zuen burua. Zergatik?
M.K.: Guk borroka bakar bat hartzen badugu, beste guztiak ahantziz, azken finean, ertz kamuts bat begiratzen ari gara. Ikusten dugu arazoak egiturazkoak direla eta elkar elikatzen dutela. Bi gizon elkarrekin ezkondurik egon daitezke, haur bat erosi hala nahi badute, eta bizi oso pozik kapitalismoan. Eta guk holako ereduak salatzen ditugu. Palestinarekin ere gertatzen den bezala, guk ezin dugu aldarrikatu gure askatasuna eta erabakitzeko askatasuna batzuentzat bakarrik dela eta ez besteentzat. Eta guk geuk ere eragiten ditugu zapalkuntzak. Joanak esan du lehenago, uste dut hori ere garrantzitsua dela: zalantzan jartzea gizartean dugun posizioa.
Euskal Herriko askapen mugimendu queerraren barnean kokatzen duzue zuen burua. Zein garrantzi dauka, zuen kasuan, borroka herri edo lurralde jakin batean kokatzeak?
M.K.: Euskal Herrian bizi izan dugun testuinguru sozial eta politikoa zapalkuntza historiko bat ere izan da. Eta horrek eragin du gu testuinguru jakin batean bizitzea, bizipen oso zehatzekin, izan hizkuntzarengatik edo errepresioarengatik, markatu gaituztenak herri mugimenduetan egon garen kideak eta gu baino lehenago zeudenak. Ezin dugu hori ahantzi edo egin hori existituko ez balitz bezala; anitz, gainera, mugimendu horien parte gara. Orduan, zuk ezin duzu sortu askapen mugimendu bat Euskal Herrian eta ez borrokatu Euskal Herriaren askatasunaren, independentziaren eta autodeterminazioaren alde. Azken finean, ari zara hautatzen, nolabait, borroka bat ala bestea. Euskal Herriko borrokak baditu askapenerako tresna eta giltza asko, guretzako baliagarriak direnak. Gu gara queerrak eta euskaldunak; horrek definitzen gaitu. Eta kokatzen gara lur batean, zeren eta, azkenean, ez gara munduko biztanleak. Eta uste dut horrela ari garela gure pribilegioez hitz egiten, eta horrek ematen digula nortasun berezi bat.
J.D.: Arrunt bat egiten dut zurekin, eta gero nik ere beste zentzuan hartuko nuke: transfeminismoa txertatzea euskal askapenean. Bada, usu, pentsaketa bat aski purista Euskal Herriari eta euskal nortasunari begira, baina Euskal Herria ez da irla bat; eredu batean kokatzen da, patriarkala dena, transfobia goratzen duena, eta faxismoa Euskal Herrian ere ari da gora egiten. Transfeministok badugu leku bat politikoki, non elkar-gurutzatze eta ikuspegi aski zabala dugun horretan. Ez dugu beste zapalkuntzarik errepikatu nahi Euskal Herrian.
«Gure gorputz eta borrokak itxikeriatik atera nahi ditugu», J. Detchart
Nolakoa izanen da hilaren 19ko harrotasun erradikala?
M.K.: Hitz sinple batekin hasteko: lehena. Ez dugu ahantzi behar, eta uste dut jadanik gauza handia dela lehena izatea Baionan. Politikoa izanen dela eta, espero dezagun, gozagarria ere. Ikusiko zer gertatzen den, baina horrek guztiak ilusioa pizten digu. Uste dut ilusioa piztea beste jende bati Baionan badela gako bat esperantza ez galtzeko garai ilunetan.
J.D.: Gure lemak dira ‘Queer oldarra’ eta ‘Gure harrotasuna borroka da’; eta, azkenean, horretan gabiltza. Harro baino gehiago, borrokalaria izanen da, aldarrikatzailea izanen da, karrikak hartuko ditugu. Zinez bagenuen buruan ahal bezain inklusiboa izatea. Gure gorputz eta borrokak itxikeriatik atera nahi ditugu. Usu, gure karrikak hartzeko moldeak askotarikoak dira; beraz, familiek eta edozein ibilbidetatik heldu den jendeak ere bere tokia dute. Erranen nuke ez dela hasiera bat, segida bat baizik.
(Puede haber caducado)