Hego Euskal Herriko ikasleen emaitzak kaskartu egin dira PISAren azterketan

Txostenaren arabera, ikasleek behera egin dute zientzietan, matematikan eta irakurketan. Beherakada orokorra da, eta bat dator mundu osoko joerarekin.

Berria, Arantxa Iraola - Ion Orzaiz - Gotzon Hermosilla, 09-09-2026

Ikasturte hasierarekin batera heldu da ebaluazioa: berriro kalean da OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak hiru urtean behin egiten duen PISA txostena. Mundu osoko datuak aztertuta egiten den erretratu doia da txosten hori, hezkuntza agintariek aintzakotzat hartu behar izaten dituzten erreferentzietako bat. Ikasleek zientzietan, matematikan eta irakurketan duten gaitasunari erreparatu izan diote orain arte ikerketan. Eta emaitzak ez dira pozteko modukoak, Hego Euskal Herriko ikasleek behera egin baitute aztertutako hiru esparru horietan.

Hego Euskal Herriko datuak bereizita ematen ditu PISAk: Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak batetik, eta Nafarroakoak bestetik. Guztietan dago beherakada. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek 419 puntu lortu dituzte irakurketan, eta 2022an 466 izan ziren; zientzietan, 459 puntu —2022an, 480 puntu—, eta matematikan 460 puntu —2022an baino 22 gutxiago—. Emaitzak antzekoak dira Nafarroan: irakurketan 441 puntu bildu dituzte, 2022an baino 37 gutxiago; matematikan, 462 puntu —492 izan ziren 2022an— eta zientzietan, berriz, 489tik 472ra jaitsi da puntuazioa.

Datuok ezinegona eragin dute Hegoaldeko hezkuntza arduradunen artean. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno izan da PISAren 2025eko txostenaren gaineko gogoeta egin duen lehen arduradun politikoa: «testuingurua» eman nahi izan die datuei, beheranzko joeraren zergatiak eta horien oinarrian egon daitezkeen askotariko faktoreak azaldu. Eta, hala ere, uzkur hitz egin du hedabideen aurrean: «Emaitzak ez dira onak». Onartu du kaskartzea «nabaria» izan dela PISAk aintzat hartzen dituen hiru aldagaietan —irakurketan, matematikan eta zientzietan—, eta Nafarroan «are gehiago» nabaritu dela, batez ere aurreko urteetako emaitzekin alderatuta: «Hamabi punturen aldea dago 2015eko txostenaren eta 2025ekoaren artean, eta bidean galdu diren puntu horien erdiak azken hiru urteotan galdu ditugu, 2022tik aurrera».

«Hamabi punturen aldea dago 2015eko txostenaren eta 2025ekoaren artean, eta bidean galdu diren puntu horien erdiak azken hiru urteotan galdu ditugu, 2022tik aurrera»

CARLOS GIMENO
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria
Jatorria arrakala bihurtua
Bat-bateko beheranzkoa azaltzeko, immigrazioan eta arrakala sozioekonomikoan egin du azpimarra Gimenok. Azaldu du Nafarroa dela «atzerritar jatorriko ikasleen ehuneko handienetakoa duten erkidegoetako bat». Zehazki, herrialdean eskolatutako ikasleen %26,7 dira —Europako Batasunean %16koa da ehuneko hori—: «Aintzat hartu behar dugu 2018ko PISA txostena egin zenean jatorria %17,56 zela atzerrian duten ikasleen ehunekoa, eta 2022an, berriz, %20koa. COVID-19aren pandemiaren ostean, gora egin zuen jatorri atzerritarreko ikasleen kopuruak, eta horien %30 inguruk ez zuten gaztelaniaz hitz egiten».

Hezkuntza kontseilariak esplikatu duenez, jatorria atzerrian duten estudiante horietako asko «ohiko epetik kanpo» matrikulatu ziren, duela gutxi sartu ziren Nafarroako hezkuntza sisteman, eta «desabantaila agerikoak» dituzte: «Faktore horiek guztiek, desoreka sozioekonomikoekin batera, arrakalak sor ditzakete edukiak ulertzeko eta barneratzeko garaian».

Hala ere, badago aldea atzerritik etorritako famili batzuen eta besteen artean ere. Gimenoren esanetan, emaitza hobeak lortu dituzte guraso etorkinak izanik Nafarroan jaio diren ikasleek —bigarren belaunaldiko atzerritartzat jotzen dituzte txostenean—, atzerrian jaio direnek baino. «Bigarren belaunaldikoek eta bertan jaiotakoek emaitza nahiko antzekoak lortu dituzte 2025eko PISA txostenean. Zer erakusten du horrek? Bada, martxan jarri diren programak eta baliabideak eraginkorrak direla, xedetzat baitaukate ikaslerik zaurgarrienek aurrera egitea, eta haiei esker ez baitago alde nabarmenik bertan jaiotako ikasleen eta bigarren belaunaldiko etorkinen artean».

Izan ere, Nafarroako hezkuntza sistemaren lehentasuna «ikasle guztiak aurrera ateratzea» da, Gimenok azpimarratu duenez: «ez dadila inor bazterrean geratu». Eskola goiz uzten dutenen tasa apalaz ere hitz egin du. «Eskola-uzte tasarik txikiena duen erkidegoa gara, eta horrek esan nahi du zailtasunak dituzten ikasle horiek guztiak aurrera ateratzen ari direla Nafarroako hezkuntza sistemari esker».

«Ez dira nahi ditugun datuak; ez dira onak. Ikasketa gaitasuna galdu dugu»

BEGOÑA PEDROSA
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua
Kezkatuta solastatu da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosa ere. «Ez dira nahi ditugun datuak; ez dira onak. Ikasketa gaitasuna galdu dugu». Gobernu kontseiluaren osteko agerraldian hartu du hitza, Gasteizen. Pedrosak ere, Gimenoren gisa, «testuingurua» jarri nahi izan die gaur ezagutzera eman diren datuei. Batetik, beherakada «globala» dela gogoratu du: emaitzen beherakada agerikoa da, oro har, mundu osoan. Bestetik azaldu du iaz abiarazi zuela Hezkuntza Sailak emaitzak hobetzeko propio landutako estrategia bat, eta hori indartzen jarraitzea dela asmoa. Era berean, gogora ekarri du lehengo astean aurkeztu zituztela azkena egindako ebaluazio diagnostikoko datuak, eta horietan eboluzioa ez dela txarra: hain justu ere, datu horien aurkezpenean esan zutenez, DBHko 4. mailako ikasleen emaitzak hobetu egin dira gaztelanian eta zientzian, eta «egonkortu» euskaran.

Ez die larritasunik kendu nahi izan, hala ere, PISAren emaitzei Pedrosak, eta tentuz aztertu beharko direla onartu du: «Beherakada nabarmena da». PISAk ikasleen konpetentzia nagusiak neurtzeaz gain, hezkuntza sistemetan sortzen diren arrakalei-eta ere erreparatzen diela gogoratu du, eta hor datuak argitsuagoak direla: «Gure indarguneetako bat da». Ekitatearekin batera, ordea, kalitatea ere hezkuntza sistemek ezinbestean bermatu behar duten ezaugarria dela onartu du, eta PISAk erakutsitako ahulezietan propio eragin behar dela. Horretan ari direla esan du. «Datuekin jarriko gara, beste ikerketa batzuekin gurutzatuko ditugu, eta zentroekin lanean hasiko gara. Laburbilduz, lanean jarraituko dugu: PISAko datuek horretarako dei argia egin digute». Guraso eta ikasleei lasaitasun mezua helarazi die Pedrosak. «Sistema etengabe ebaluatzen da: hori da bermerik onena».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere ikasle migratzaileen emaitzak gainerakoenak baino txarragoak direla onartu du Pedrosak. Etorkizunak bide argitsuagoak zabaltzen dituela gogoratu du, ordea: ez da betierekoa aldea. «Migratzaileen bigarren belaunaldiko ikasleen emaitzak parekatzen ari dira jatorria bertan dutenekin».

Estibaliz Canto Eusko Jaurlaritzako eta PSE-EEko hezkuntza batzordeko bozeramaileari «larritzekoak» iruditu zaizkio txosteneko datuak. Pedrosari eskatu dio emaitzak «zorrotz» ikertzeko, «beharrezko neurriak topatzeko», eta «akatsak konpontzeko eta hobetzeko». Balioa eman dio hezkuntza sistemari, esanez «erlatiboki ekitatiboa, errepikatzaileen tasa baxukoa eta eskola jazarpen gutxikoa» dela, eta hori «ez datorrela bat» emaitza horiekin: «Gure gizarteko baliabide soziekonomikoek eta hezkuntzan egindako inbertsioek ez lituzkete datu horiek eman behar; argi dago zerbait gaizki dagoela».

Aspaldiko kezka
Emaitzen inguruko kezka aspaldikoa da. 2022an plazaratu zen aurreko txostena, eta, 2018ko dokumentuarekin alderatuta, beherakada orokortua izan zuten ikasleek. Orduko hartan, aurreko urteetako testuinguru gaiztoari erreparatu zieten hezkuntza arduradunek. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, adibidez, esan zuen COVID-19aren pandemiaren azken hondarrean egin zizkietela probak ikasleei, eta horrek eragina izan zuela. «Emaitzei sakonki eragin die, eta zerikusia du ikasleen eta irakasleen egoera afektibo eta emozionalarekin», argudiatu zuen. Azaldu zuen, gainera, «beherakada» orokorra izan zela: «Eragina herrialde guztietara zabaldu da».

Azken PISA txostenean, ikasleek matematikarako duten gaitasuna aztertu zuten, batez ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek 482 puntu erdietsi zituzten. Aurreko txostenarekin alderatuta, atzera egin zuten nabarmen gaitasun horretan: 499 puntu lortu zituzten 2018an; alegia, orain baino hamazazpi gehiago. Halere, besteak beste, Finlandiako, Suediako eta Alemaniako ikasleen parean zeuden orduan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleak. Gainera, Jaurlaritzak nabarmendu zuenez, ia herrialde guztietan izan zen «jaitsiera orokorra», Japonian eta Hego Korean izan ezik. Nafarroan ere nabari zen beherakada. Hain zuzen, 492 puntu lortu zituzten, aurreko aldian baino 11 gutxiago. Hori horrela, besteak beste Kanadako, Finlandiako eta Erresuma Batuko ikasleen parean zeuden Nafarroako gazteak.

Zientzietan ere behera egin zuten aurreko ebaluazioan. 480 puntu lortu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek. Aurreko aldian zazpi puntu gehiago bildu zituzten. Zientzietan ere hobeto moldatu ziren, nahiz eta haiek ere 2018an baino emaitza okerragoak izan. Hain zuzen ere, 489 puntu lortu zituzten, eta aurreko aldian, 492. OCDEko herrialdeek batez beste 485 puntu lortu zituzten zientzietan. Alegia, Nafarroako ikasleak gainetik ibili ziren; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleak, aldiz, azpitik. Irakurketan ere, Nafarroan hobea izan zen emaitza: 478 puntu lortu zituzten nafarrek, eta 466 puntu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek. Orduko hartan ez zen modurik egon 2018ko PISArekin alderaketak egiteko. Izan ere, datuak plazaratu zituztenean, ez zuten irakurketa gaitasunaren berri eman, hainbat institututan egindako probetan «irregulartasunak» aurkitu zituztela eta.

PISA txostenaren emaitzek agerian uzten dute gizarte aldagaiek hezkuntzan zer eragin duten ere. Aurreko txostenean, adibidez, argi ikusi zen jatorriak ere baduela eragina: hiru konpetentzietan emaitza hobeak lortu zituzten bertan jaiotako ikasleek, jatorria atzerrian dutenek baino.

Berritasunak
Gaur plazara atera duten ikerketaren berritasunetako bat hauxe da: oraingoan aztergai izan dute ikasleek baliabide digitalak erabiltzeko duten trebezia ere. Arlo horri helduta, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak «ezinbestekotzat» jo du konpetentzia digitalak ikasgelan lantzea, ordenagailu eramangarri eta pantaila adimendunen bidez, baina helburu pedagogikoekin soilik eta ongi prestatutako irakasleek lagunduta: «Ikasgelan, ongizate digitala lehenesten da. Ikasleak prestatzen ditugu gaur egungo mundu digitalean trebetasunak lor ditzaten, hezkuntza sistemak ezin baitio ez ikusiarena egin errealitate horri. Dena den, oso bestelako gauza da eskolatik kanpo sakelakoei eta bestelako gailuei ematen dieten erabilera; besteak beste, sare sozialetan. Halakoak erabat debekatuta daude ikasgela barruan».

Irakaskuntzako ohiko aldagaiez bestelakoak ikertzeko ahalegina egin dute lehendik ere PISA txostenean. 2024ko ekainean, esaterako, argitara atera zituzten ikasleen pentsamendu sortzailea aztergai zuen PISAren ikerketa batek emandakoak. Hor ikusi zen konpetentzia horretan batezbestekotik behera direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleak. Hor ere, Nafarroako ikasleek emaitza hobeak bildu zituzten. Europako Batasuneko ikasleen batez besteko puntuazioa 32,1 da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleak beherago geratu ziren: 31,9 lortu zituzten. Nafarroakoak gorago daude: 33,5. Alderaketarik ez zen izan hor: izan ere, lehen aldiz ebaluatu zuten aldagai hori. 15 urteko ikasleei egiten zaizkie ohiko probak, eta adin horretako ikasleei egin zitzaizkien besteak ere.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)