Hamabi gobernuk Israelgo kolonien merkataritza zigortuko dutela iragarri dute
Gara, , 09-09-2026Europako hamaika herrialdek eta Kanadak Zisjordaniako kolonia israeldarretako ondasunen salerosketa murrizteko asmoa agertu dute.
Sinatzaileek onartezintzat jo dute bereziki Zisjordaniako E1 kokaleku proiekturako lizitazioekin aurrera egiteko erabakia. Estatu frantsesak, Britainia Handiak eta Kanadak kolonietatik datozen ondasunen merkataritza debekatu dute. Horiekin batera, Estatu espainolak, Danimarkak, Finlandiak, Irlandak, Islandiak, Norvegiak, Poloniak, Portugalek eta Suediak Europa mailako murrizketak babestuko dituztela adierazi dute. Gobernu horiek, halaber, Palestinako lurraldea bereganatzeko edo biztanleria palestinarra lekualdatzera behartzeko edozein neurriren aurka agertu dira, eta Israelgo Gobernuari eskatu diote berehala amai dezala Zisjordaniako kolonien hedapena. Era berean, indarkeria erabili duten kolonoak zigortzea eta Israelgo Armadaren aurkako salaketak ikertzea eskatu dute.
Deigarria da beti sionismoaren aldeko jarrera izan duten Gobernuen adierazpen hori –bereziki, britainiarra tartean izatea–, baina, hala ere, urratsa erdibidean geratu da, aldi berean Israeli babesa eman diotelako, «bere segurtasuna bermatzeko duen eskubidea» aldarrikatuz, eta Hamas gaitzetsi dutelako.
Hala ere, nahikoa izan da Israelek haserre erantzuteko. Gideon Saar Defentsako ministroak Britainia Handiaren aurkako neurriak iragarri ditu, besteak beste, Jerusalemgo kontsulatua ixtea, Palestinako Aginte Nazionaleko indarren entrenamendua etetea eta hamabi herritar britainiarri Israelen sartzeko debekua ezartzea.
(Puede haber caducado)