Hamar urtean deus guti aldatu da: Etorkinekin-Diakitek EBko Migrazio eta Asilo Ituna salatu du
Hamar urte bete ditu etorkinen harreran diharduen federazioak; alta, egoerak gogorra izaten segitzen du. Europar Batasunak harturiko neurriak deitoratu ditu; Migrazio eta Asilo Ituna eta Itzulera Legea, hain zuzen ere. Mugarik Gabe jaialdiaren hirugarrena aurkezteko ere baliatu du.
Gara, , 09-09-2026Hamarkada oso bat bete du Etorkinekin-Diakite federazioak; hamar urte «elkartasunean oinarritu harrera sistema» bat antolatzen eta «migrazioaren errealitateari eta migratzaileen bizitzari buruzko kontzientziazioa sustatzen». Bada, atzo (hilak 8) Baionako Zizpa Gaztetxean emandako prentsaurrekoan elkartearen ordezkariek hala nabarmendu zuten: «Hamar urte horien ondoren, ondorioa argia da: gure lana inoiz baino beharrezkoagoa da, migratzaileentzat gero eta gogorragoa den errealitatearen aitzinean».
Hain justu, ildo beretik jo du Amaia Fontang Etorkinekin-Diakiteren ordezkariak KAZETAri eginiko adierazpenetan. Bere ustez, elkartearen ibilbidea «baikorra» izan bada ere, «anitz da egiteko oraino»; egoera «larria» baita: «Ez dakit optimista edo pesimista izan behar den; baina, dena den, ez diogu gure buruari galdera hori pausatzen. Hor dira migranteak, eskubideak dituzte, eta horiekin batera borrokatu behar dugu».
Migrazio politiken okertzea
Frantziar Estatuak eta Europar Batasunak norabide bera hartu dutela deritzote elkarteko kideek: eskuin muturraren, esklusioaren eta arrazakeriaren logikan, paper-gabe kopurua emendatu eta migrazio politika murriztaileak areagotu dituela diote. Azkenaldiko adibide bat mahairatu dute: ekainaren 16an onarturiko legeak arriskutsutzat jotzen diren atzerritar batzuen atxikitze administratiboa zazpi hilera arte luzatzea zekarren.
Dena dela, Etorkinekin-Diakitek begirada Europan du, nagusiki. Izan ere, berriki onarturiko bi lege deitoratu zituen agerraldian. Lehena, Europar Batasuneko Migrazio eta Asilo Ituna da, zeinak asilo eskubideari eta Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenari aurre egiten duela iruditzen zaion. Legeak bildutako hainbat neurri azaldu zituzten: mugetako kontrolen indartzea, asiloa jaso dezaketen pertsonen sakabanatze «autoritarioa» Europako estatu boluntarioetan, haurren zazpi egunera arteko itxialdia…
Halaber, itunaren gibeletik heldutako beste honako neurria ere kritikatu du: Itzulera Legea, bertan egoteko eskubiderik gabe Europar Batasuneko lurretan diren pertsonak kanporatzeko prozedurak «sinplifikatu, erraztu eta azkartu» egiten dituena. Legea indarrean sartuz, kanporaketan berehalakoan aplikatu daitezke. Gainera, Europar Batasunetik kanpoko itzulera zentroak ezartzea ahalbidetzen du.
Mugarik Gaberen hirugarrena
Egoera horren aitzinean, Mugarik Gabe jaialdirako ezarri zuten heldu den hitzordua: hilaren 24tik urriaren 3ra bitartean iraganen da, Ipar Euskal Herriko bost udalerritan. Lehen helmuga, hilaren 24koa, Baionan izanen da, Atalante zineman. Bertan, ‘Congo boy’ (2026) filma emanen du, Rafiki Farialarena. Eztabaida batek hetsiko du gaua.
Ondotik, hilaren 26an, Hazparneko Ttattola gaztetxearen txanda izanen da. Lagundu gabeko adin ttipikoak hizpide, Francisco Sanchez Rodriguez abokatuak zailtasun legalak azalduko ditu. Era berean, Etorkinekin-Diakiteko kideek Pirinio Atlantikoetako Departamenduak adingabetzat onartzen ez dituen gazteekin egiten duen esku hartzea nolakoa den jakinaraziko du.
Urriaren lehenean, Donapaleuko Saint Louis zinemak irekiko du asteburu luzea. Thomas Bornot eta Cyril Montanaren ‘Welcome to Europe, qui sont les vrais barbares ?’ dokumentalaren proiekzioa egonen da; eta, jarraian, Etorkinekin. Elkartasuna Amikuzen elkartearen ekintzei buruzko iritzi trukaketarekin segituko du.
Biharamunean, urriaren 2an, generoa eta migrazioaren arteko harremana izanen dute aipagai, Urruñako Berttoli elkartean; Grace Favrel, Lucie Jaeger eta emazte erbesteratu batzuen testigantzekin. Ondotik, ospakizun giroa gehitzeko, DJ Janis Loopingek alaituko du aretoa.
Azken egunerako egitarau oparoa ondu dute. Uztaritzen iraganen da, Lapurdi gelan eta Bilgunean, eta mahai inguru andana bat entzuteko parada izanen da: ‘Immigrazioa: egiaztapenaren gudua eta gudu kulturala’, François Heranekin; ‘Asiloa eta migrazioa, Europako itunaren apustuak’, Pernando Barrena eta Damien Caremerekin; ‘Euskal Herria harrera herria’, Damien Careme, Mathieu Horn eta Boubacar Dioufekin; ‘Migratu bizitzeko, ez hiltzeko’ Alarmphone ekintza sareko militanteekin; eta ‘Migrazioaren errealitateak eta apustuak Kanarietan’, Leticia Marthe, Pablo Pinedo eta Lorenzo Caglionirekin.
(Puede haber caducado)