Xakea eta zinema
Berria, 24-09-2006lander garro
Gizakiaren ohorea bortizkien suntsitzen duen jokoa omen da xakea. Ikusi ditugu hondarraren aurka erraketak txikitzen dituzten tenislariak, burua ezker paretaren aurka kolpatzen duten pilotariak. Jokoa eta amorrua bide beretik doazela ez da albiste. Baina guztietan gizakiaren autoestimua gehien ukitzen duena, hori xakea da. Xakean, izan ere, ez da une bateko zoria neurtzen. Xakean garaile izatea ez da forma kontua, ez da entrenamendu kontua, adimen kontua baino. Galtzen duen horrek, arerioa baino ergelagoa dela uste du, eta hori onartzea ohorearen aurkako erasoetan gogorrena da.
Xake taula, angustia iturri izan ohi da, dibertimendu iturri baino gehiago. Froga ezazu noizbait, jada esperientzia ezagutzen ez baduzu. Jokalariak, ustez, logikaz mugitu ditu bere piezak. Taulan zentzuz kokatu ditu, arerioaren defentsa guneari erasotzeko armateria prestatzen ari delakoan. Piezak gudu – zelaitik barreiatu ondoren, enrokatu egin da: ça y est! Halako batean, ordea, oharkabean, aurkariaren piezak bere posizioa txikitzeko prest daudela deskubritu du: zein izan ote da akatsa? Pentsatu du. Azken uneko jokaldi salbatzailea bilatuko du, eta ezinaren ezinean, funtsean bere barruko maitasun apurra txikitu dela sentituko du.
Zinemak, Zinemaldiaren baitan, badauka osagai hori. Zinemaldiak ere badaki gizaki hantustearen banitatean dinamita dosi txikiak jartzen. Film batetik ateratzerakoan, adibidez, komentariorik zorrotzena bilatu behar da. Filma bukatu eta berehala, elkarren arteko begiradak gurutzatzen ditugu, aurkaria (beste ikusle guztiak) tanteatzen – edo. Gustatu ote zaie? Norberaren iritzia guztiz errotu aurretik, besteek zer ikusi ote duten deskubritu behar da. Bizpahiru segundo behar ditu obserbatzaile azkarrenak filmak sortutako aldartea zein den jakiteko. Hori baieztatuta, fusila zorrotik atera eta plazerez bota dezake ororen aurka: «Film ustela, eskasa, pretentziosoa…».
Zinemaldian denok nahi genuke kritiko, baina hanka sartzea xake taulan etsaiaren erreginaren erasoa bezalakoa izan daiteke: gure erreputazioa birrindu dezake. Tentuz ibiltzea komeni. Ikusi, entzun, eta, ahal bada, errepikatu. Horra formularik egokiena, ziurrena. Aurreneko egunean, adibidez, Ingalaterrako kostan itotako 23 etorkin txinatarren filma ikusi genuen (Ghosts). Filma amaituta, keinu gogorrez inguratuta geunden. Filma gordina zen, azukrerik gabekoa, hilabeteetako arrastoa uzten duten horietakoa. Gure aurreko andre batek albokoari galdetu zion, ea zer moduzko filma, eta besteak erantzun: «Polita, ezta?». Polita.
(Puede haber caducado)