Ernaik igandeko manifestazioan parte hartzera deitu du, «faxismoari aurre» egiteko
'Euskal Herria irabaztera. Faxismoari ez' lelopean egingo dute manifestazioa. «Inolako zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria» lortzea dute helburu.
Berria, , 07-09-2026«Faxismoaren aurka eta Euskal Herriaren alde» manifestazioa egingo du igandean Ernaik, Donostian, Euskal Herria irabaztera. Faxismoari ez lelopean. Parte hartzeko deia egin du gaur, Haizearen Orraziaren parean. Arrazoitu dutenez, «faxismoaren gorakada» nabarmena den garaiotan ezinbestekoa da «nazio kontzientzia handitu eta Euskal Herriaren alde borrokatzea».
Urtero bezala, Donostiako kaleak hartuko ditu Ernaik, Kontxako estropaden bigarren asteburuaren egun berean. Amaiur Egurrola bozeramaileak esan du igandekoa ezinbesteko hitzordua izango dela «inolako zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria» lortzeko: «Eredu kapitalistari aurre egin ezean, are gogorrago kolpatuko ditu gure bizitzak, gero eta prekarizatuago biziko gara gazteok».
Ernaiko kideak azaldu du «faxismoak beharrezkoa duen ongarria» dela erreakzioa. Haien esanetan, Euskal Herrian faxismoak «espainolismo eta jakobinismo atzerakoiaren forma» hartzen du, «Euskal Herriaren proiektua guztiz deseroso eta kontrajarria zaielako faxistei».
Egurrolak esan du hamarkadetako lanari esker eraiki dela Euskal Herrian «faxismoaren kontrako euste horma bat», eta badaudela horri eusteko baldintzak: herritarrak zentroan jarri eta «aterabide askatzaile» bat proposatu dute.
Mobilizazioarekin bat
Manifestazioarekin bat egin dute kulturgintzako, aisialdiko eta gizarte mugimenduetako ehun pertsonak. Ernaik plazaratutako manifestua sinatu dute, eta mobilizatzeko deia egin. Sinatzaileen artean daude Fermin Muguruza, Itziar Ituño, Antton Telleria, Lur Errekondo, Neomak eta Joseba Tapia, besteak beste.
(Puede haber caducado)