Mathieu Molard: «Eskuin muturreko militante izatea da Le Priol eta Bouvier drama honetara eraman dituzten faktoreetako bat»

Eskuin muturreko talde eta sareak arras ongi ezagutzen ditu Molard kazetariak. Arambururen erailketa aitzin ere ezagunak zitzaizkion Le Priol eta Bouvier, ekintza bortitz batzuetan parte hartuak zirela eta.

Berria, Oihana Teyseyre Koskarat, 08-09-2026

Street Press hedabideko erredaktoreburua da Mathieu Molard (Paris, 1989), eskuin muturraren inguruko aditua. Loik Le Priol eta Romain Bouvier ezagunak zitzaizkion Aramburu auzia baino lehenago ere: ez zen lehen aldia eskuin muturreko indarkeria afera batzuetan haien izena ateratzen zena. Atzo hasi zen haien epaiketa, Parisen, Federico Martin Aramburu Biarritz Olympique taldeko errugbilari ohia tiroz hiltzea leporatuta. Le Prioli erailketa leporatzen diote, eta Bouvierri, erailketa saiakera. Molardek uste du auziaren muin politikoa ukaezina dela, eta beren militantziak eraman zituela egozten zaien krimenera.

Le Priol Arambururen erailketagatik epaitua den akusatua da. Nor da?
Gazte-gaztetatik eskuin muturrean markatua da. Haren aita ere eskuin muturreko militantea da; ttipitatik ingurune horretan bizi izan da. Eskuin muturreko militante anitz igaro diren ikastetxe pribatu katoliko batean ikasi zuen; Marine Le Penek bere seme-alabak ere han eskolatu zituen. Nerabezaroan jadanik, gazte bortitza izateko fama zuen. Gero, lizeo militar batera bidali zuten, eta Frantziako armadan sartu zen, baina ez edozein unitatetan: itsas komandoetan. Eliteko unitate berezi bat da, atzerriko operazio militarretan parte hartzen duena. Frantziako armadak gatazka armatuetara bidaltzen ditu, baita Frantzia ofizialki gerran ez den baina soldaduak diskretuki operazio armatuetara bidaltzen dituen eremu grisetara ere; zenbaitetan, pertsonak hiltzeko misioetara. Hiltzeko prestatua den unitate bat da, eta misio bereziki delikatuak egiten ditu. Harrigarria da armadak unitate horretan sarrarazi izana ordurako jadanik indarkeriagatik eta eskuin mutur erradikaleko taldeekin zituen loturengatik ezaguna zen pertsona bat. Armadak hori bazekien kontratatu zuenean eta eliteko unitate horretara bidali zuenean. Ez zuten, edozein soldadu arrunt gisa, errondak egitera bidali: eliteko komando batean sartu zuten.

Armadan indarkeria kasu batean nahasia izan zen.
Misio bat egin zuen Djibutin. Hango prostituta baten aurkako indarkeria kasu batean agertu zen: hari eraso egin izana leporatu zioten. Baina armadak babestu zuen [1.700 euro ordaindu zizkion Frantziako armadak andreari]. Bestalde, esperientzia militar hartatik erabat traumatizatuta itzuli zen. Trauma horren ondorioz desmobilizatu zuten. Eta, geroztik, gero eta ekintza bortitz gehiago egin ditu: GUDen inguruan ibiltzen zen, ideologia arrazista zuen, oso bortitza zen, armadak indarkeria hori are gehiago garatzen lagundu zion, eta horretan segitu du, pertsona bat hiltzeraino. Baina hori baino lehen, beste afera batengatik ere epaitu zuten; hain zuzen ere, Bouvierrekin batean.

Zeinetan?
Mediapart-ek zabaldu zuen bideo batean, biak ageri dira Edouard Klein —GUDeko buruzagi ohi bat— modu ikaragarri bortitzean torturatzen, 2015ean. Dirudienez, emazte baten kontrako indarkeria kasu baten ondorioz gertatu zen, baina ez da sekula argi gelditu zein izan zen arrazoia. Nolanahi ere, horrek erakusten du ordurako jadanik etengabeko indarkeria gurpil batean zirela biak. Tortura afera horregatik epaituak izan behar zuten, baina epaiketa behin eta berriz gibelatu zen, eta hainbat hutsegite gertatu ziren. Lehenik eta behin, armadaren hutsegitea: Le Priol babestu zuen, eta ondoren bere kabuz joaten utzi zuten, neholako segipenik gabe. Bigarrenik, justiziaren hutsegite bat ere izan da. Klein aferaren auziaren esperoan ez zuten behar bezalako jarraipen judizialik ukan, nahiz eta egindakoa biziki larria izan. Berez, kontrol judizialpean ziren, eta ez zuten elkarrekin egoterik, are gutiago armaturik.

Eta nor da Bouvier, Arambururen aferan erailketa saiakeragatik akusatua?
Ez dute profil bera, baina biak, ikuspegi soziologikotik, zerbaiten adierazle dira. Ultraerradikalizatutako burgesiaren adibide bat dira. Bouvierren familia, nik dakidala, ez da eskuin muturrean identifikatua. Haren ama abokatua da, mediatikoki ezaguna; besteak beste, Jacqueline Sauvage defendatzeagatik egin zen ezagun [Sauvagek senarra hil zuen urteetako indarkeriatik ihes egiteko]. Le Priol bezala, ingurune burges eta pribilegiatu batean handitu zen. Parisko Assas Unibertsitatean ikasi zuen, GUDen gotorlekuan. Han hasi zen taldean militatzen. Indarkeriak liluratzen zuen. Nolabait, ekintza bortitzetan parte hartzen zuten gizon horiek bezalakoa izan nahi zuen. Ezagutu zutenek erran didate Bouvierrek Le Priol miresten zuela. Armazaletasun handia zuen; etxean bazituen. Eskuin muturreko literatura talde bateko kidea zen, bestalde. Ikuspegi soziologikotik argi da: Parisko auzo aberatsetako eskuin muturreko burgesa da. Le Priol eta Bouvier eskuin mutur biziki erradikal eta aldi berean biziki burges baten erakusle dira.

Epaiketa orain hasi da. Heldu den apirilean, Frantziako presidentetzarako hauteskundeak izanen dira. Testuinguru horretan, zergatik da garrantzitsua gogora ekartzea zer lotura duen auzi honek eskuin muturrarekin?
Erakusten duelako eskuin muturra bortitza dela, eta eskuin muturrak hiltzen duela. Epaiketak gau hartan gertatutakoa argituko du, baina badirudi gertatutakoaren gibelean osagai arrazista bat ere badela; eta, beraz, osagai politiko bat. Tragedia hau posible izan da bi akusatuak indarkeria etengabe goraipatzen eta zilegitzat jotzen duen talde bateko kide zirelako; eta, gainera, armak zituztelako. Horregatik uste dut militante horien ibilbide politikoa ezin dela auzitik bereizi. Haien eskuin muturreko militantzia da drama honetara eraman dituzten faktoreetako bat.

Horrek erakusten du eskuin muturreko talde horien benetako aurpegia. Eta kontuan hartzekoa da ez direla alde batean Rassemblement National eta beste alde batean eskuin muturreko talde erradikalak. Eskuin mutur bat eta bakarra da, hainbat adar eta estrategia dituena. Batzuek bide parlamentarioa aukeratu dute boterea lortzeko; beste batzuek, berriz, ekintza bortitzak. Denak familia politiko berekoak dira, eta etengabeko harremana bada batzuen eta besteen artean. Horren adibide dira Le Priol RNko kideekin batera ageri den ezkontza bateko argazkiak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)