«Faxismoaren aurka eta Euskal Herriaren alde» mobilizatzeko deia luzatu du Ernaik iganderako

Ehun gazte inguru elkartu dira Ernaik Donostian egin duen agerraldian, igande honetan Gipuzkoako hiriburuan egingo duten mobilizazio nazionalera dei egiteko. «Inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria eraikitzeko norabidean, ezinbesteko hitzordua izango da», azpimarratu dute.

Gara, Naiz, 07-09-2026

Ernai gazte antolakundeak agerraldi jendetsua egin du astelehen honetan Donostian, irailaren 13an ‘Euskal Herria irabaztera. Faxismoari ez’ lelopean egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia luzatzeko. Faxismoaren gorakadaren testuinguruan, «nazio kontzientzia handitzea» eta «Euskal Herriaren alde borrokatzea» ezinbestekoa dela nabarmendu du.

Ehun gazte inguru bildu dira Haizearen Orrazian. Han, Amaiur Egurrolak, Ernaiko bozeramaileak, gogoratu du «Euskal Herrian faxismoaren kontrako euste horma bat eraiki dela hamarkadetako lanari esker» eta igande honetan berriz ere Donostiako kaleak hartuko dituztela «faxismoari ezetz esateko».
PUBLICIDAD

Hain zuzen ere, irailaren 13ko hitzorduaren atarian, erreketeen omenez Isuskitza mendian 1940an jarritako gurutze frankista bota zuten Ernaiko gazteek joan den ostiral gauean.

Gogoratu duenez, maiatzaren 9an Bergarako frontoian kongresu prozesuari bukaera eman eta bertan emandako hausnarketak partekatu zituzten. Gerora, uda osoa herriz herri lanean eman du gazte antolakundeak. Alta, igande honetan Donostian egingo duten manifestazio nazionalarekin amaituko dute udako kanpaina.

«Irailaren 2an hamarnaka ultra Euskal Herriko plaza desberdinetan mobilizatu ziren. Bi dira bertan oso argi ikusi ahal izan genituen auziak. Alde batetik, tamalez egon bagaudela ideia arrazista eta xenofoboen indartzen unea batean. Euskal Herrian, mugatuagoa izan daitekeena baina baita lurreratzen dena. Eta bestetik, gurean faxistak espainako banderak eskuan hartuta datozela. Alegia, gurean faxismoa eta espainolismoa banaezinak diren bi afera dira», azpimarratu du.

Gauzak horrela, igandean garaiak eskatzen duen herri erantzuna emateko «ezinbesteko zita» dela nabarmendu du Egurrolak: «Urteetan zehar egindako borrokek gehiengo hori sortu eta zabaldu dute. Hain zuzen, faxismoaren aurka eusteko ez ezik, beste jendarte baten alde urratsak eman ahal izateko aukerak ematen dizkiguna. Alegia, baditugu baldintzak, herri sektorea zentroan jarriko duen alternatiba askatzaile bat eraikitzeko. Eta alternatiba hori, inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria eraikitzea da, ezinbestean».

«Aukerak baliatu eta erantzuteko unea»

Ildo horretan, Ernaiko bozeramaileak ohartarazi du «lurralde eta testuinguru bakoitzean, faxismoak forma ezberdin bat» hartzen duela: «Euskal Herrian, faxismoak, espainolismo eta jakobinismo atzerakoiaren forma hartzen du, Euskal Herriaren proiektua, guztiz deseroso eta kontrajarria zaielako faxistei».

«Euskal Herrian, faxismoak, espainolismo eta jakobinismo atzerakoiaren forma hartzen du, Euskal Herriaren proiektua, guztiz deseroso eta kontrajarria zaielako faxistei»

Horren aurrean, «herri sektorea zentroan jarriko duen alternatiba askatzaile bat eraikitzeko» tresnak eta baldintzak dituztela azaldu du Egurrolak. Eta alternatiba hori «inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria» eraikitzea dela nabarmendu du.

Horregatik guztiagatik, aldarri horiek denak ozen oihukatuko dituzte Donostian datorren igandean, «hamarkadaz hamarkada, borrokaz borroka eraikitako euste horma mantentzen jarraitzeaz gain, aipatutako proiektu askatzaileari, gazte zapaldurik biziko ez den Euskal Herriari bide emateko».

Bide horretan, kulturgintzako, aisialdiko eta mugimendu sozialetako ehunka pertsona erreferentzialek faxismoaren inguruko Ernairen manifestua sinatu zuten iragan astean. Fermin Muguruza, Itziar Ituño, Antton eta Julen Telleria, Lur Errekondo, Ainhoa Vitoria, Dupla, Deskontrol, Neomak, Sua eta Joseba Tapia daude sinatzaileen artean, besteak beste.

«Aukerak baliatu eta erantzuteko unea» dela aldarrikatu zuten, eta, horregatik, mobilizazio nazionalean parte hartzeko deia luzatu zuten hauek ere.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)