Ultraeskuinaren garaipenak aspaldiko zauria gaiztotu du Alemanian
Berria, , 07-09-2026Inkestek iragarritakoa bete da: AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultrak irabazi ditu Alemaniako Saxonia – Anhalt estatuko hauteskundeak, eta, hala, aspaldiko zauri bat gaiztotu egin da bart Alemanian. Oraindik ere gehiago gaiztotu daiteke. Alderdiak «historikotzat» jo ditu emaitzok, eta iradoki eskuin muturraren oldarraldia areagotu baino ez dutela egin; Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak, aitzitik, adierazi du AfDren garaipenak «guztiz inarrosi» dituela den – denak: «Ez genuen halako porrotik espero, baina onartu egin behar dugu. Demokraziaren arauak dira». Nabarmendu du ez duela dimisiorik aurkeztuko: «Amore ematea ez da aukera bat».
CDUko alderdikideekin bilera bat egin eta gero erreparatu die atzoko emaitzei: adierazi du alderdi demokristauak azken hamarkadetan izan dituen emaitzarik txarrenak direla atzokoak, eta ondorioak izango dituela. «Gobernuak eta haien politikak hauteskundeen esku utzi behar dira; horixe da demokraziaren esentzia. Baina badago aldatu ezin daitekeen zera bat: gure bizikidetzaren arauak eta gure konstituzioaren balioak», erantsi du Merzek, ultraeskuinaren gorakadari erantzute aldera; izan ere, AfDren programan dago, besteak beste, migrazioari eta asilo eskubideei dagozkienak aldatzea. «Gure konstituzioak ordena babesten eta bermatzen du, eta zuzentzen dudan gobernua arduratuko da konstituzioa aplikatzen dela ziurtatzeaz», esan du.
Friedrich Merz prentsaurreko batean gaur, Berlinen. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
AfD alderdiak garaipen handia lortu du Saxonia – Anhalt estatuko bozetan, eta 39 ordezkari eskuratu —42 behar dira parlamentuan gehiengo osoa izateko—. Horiek horrela, Alemaniako eskualde batean ultraeskuineko alderdi batek gobernatzea lortu dezake Bigarren Mundu Gerraz geroztik (1939 – 1945) lehen aldiz. Alice Weidel AfDko buruetako batek garaipen hori baliatu du, eta gaur emandako prentsaurreko batean iragarri du CDU – CSU blokeak «inoiz» ez duela irabaziko hauteskunde orokorrik —Alemanian 2029an egitekoak dira hurrengo hauteskunde orokorrak—. Azaldu du Saxonia – Anhalteko bozetan «izugarri mobilizatu» direla ordura arte botoa eman ez dutenak, eta CDUren «gainbehera» eragin duela horrek.
Boz orokorrak baino askozaz ere lehenago, irailaren 20an, tokiko hauteskundeak egingo dituzte Berlin eta Mecklenburg – Aurrepomerania landerretan ere. Atzo arratsaldean, Saxonia – Anhalteko bozen biharamunean, AfD alderdiaren kontrako manifestazioa egin zuten milaka lagunek Alemaniako hiriburuan.
Parlamentuko aritmetika
Saxonia – Anhalteko AfDren hautagai Ulrich Siegmund pozarren azaldu da bart emaitzen berri izan ondorengo festan: «Historia idatzi dugu. Seinale bat da Alemania guztiarentzat. Herrialde osoa zeharkatzen duen bulkada bat. Eskua luzatuko diegu herrialde honetan sortu diren arazo guztiak gurekin batera konpondu nahi dituztenei».
Eskuin muturrak irabazi izana, ordea, ez da aski Siegmundek gobernadore kargua bereganatzeko. Beste alderdiren baten babesa behar du, eta esana du ez duela gutxiengoan aginduko, ez dela horrelako «jokoetan» eroriko. Alde horretatik, BSW da eskuin muturraren alternatiba bakarra —Die Linke ezkerreko alderdiko kide ohi Sahra Wagenknechtek sortu zuen alderdia, 2024an—. Esana dute ez dutela ez Siegmund ez, esaterako, CDUko Sven Schulze jarduneko gobernadorea babestuko, baina ez dute bat egin eskuin muturrarekin akordioak egitearen aurkako alderdien jarrerarekin. Dena den, AfDrentzat nahikoa litzateke BSW taldeak abstentziora jotzea boterea eskuratu ahal izateko.
AfD alderdiko kideak garaipena ospatzen atzo, Magdeburgen. FILIP SINGER / EFE
Merz kantzilerraren CDU demokristauak uste baino porrot handiagoa izan du, eta, berrogei ordezkari izan beharrean, hamasei izango ditu aurrerantzean. Kantzilerrak esan du Alemaniako Gobernuak «bere esku» daukala gizarteari erakustea iaz erabakitako bidea dela «egokiena», eta gaineratu du herriarekiko bere erantzukizunaz jabetuta dagoela: «Erantzukizun horrek eskatzen duen mailanegongo naiz».
CDU Alderdiko idazkari nagusi Franziska Hoppermannek aitortu du porrota «garratza» izan dela, baina baztertu egin du Merzen etorkizuna ezbaian jartzea. Sven Schulze Saxonia – Anhalteko jarduneko gobernadoreak gaur esan du gobernua osatzeko ardura jada ez duela CDUk, AfDk duela. CDU 2002tik da agintean estatu horretan, baina azken urteetan haren babesak nabarmen egin du behera. Azken inkesten arabera, eskualdeko bozkatzaileen %9 soilik daude ados Alemaniako kantzilerraren politikekin.
Emaitzak inor gutxi harrapatuko du ezustean. Izan ere, 2025eko hauteskunde federaletan, herrialdeko bigarren indarra bilakatu zen AfD —botoen %20,6 bildu zituen, Merzen CDU – CSU blokeak baino zortzi puntu gutxiago—, eta, azken inkesten arabera, lehen indarra izateko lehian dabil gaur egun. Insa etxeak abuztuan plazaratutako inkestaren arabera, AfDk irabaziko ditu 2029ko Alemaniako hauteskundeak, zortzi punturen aldeaz —iragarpena betez gero, %28ren babesa lortuko luke—.
Orain arteko garaipenik handiena izan da igandekoa Alemaniako eskuin muturreko alderdiarentzat. 2013an sortu, apurka indartuz joan, eta iaz bigarren indarra izan zen hauteskunde federaletan. Duela bi urte, berriz, Turingia estatuko hauteskundeak irabazi zituen, nahiz eta ezin izan zuen boterera heldu, ez baitzuen gehiengorik eskuratu parlamentuan.
Oihartzuna Europan
Europa osoan izan du oihartzuna Saxonia – Anhalt eskualdeko hauteskunde gauak, eta, horren harira, mezuak idatzi dituzte hainbat agintarik X sare sozialean. Esaterako, Donald Tusk Poloniako lehen ministroak adierazi du «kaikuak eta traidoreak» soilik poztu daitezkeela AfDren garaipena ikusita; Radoslaw Sikorski Atzerri ministroak nabarmendu du oso seinale larria dela Europarentzat.
Europako Gaietarako Frantziako ministro Benjamin Haddadek ere bide beretik jo du, eta ohartarazi «nazionalismoa eta xenofobia» inoiz ez direla «irtenbidea» izango. «Ezin dugu gure historia ahaztu», gaineratu du. Roland Lescure Frantziako Finantza ministroak, berriz, adierazi du Europarentzat erronka handia dela olatu populistari aurre egitea.
Kontrara, Viktor Orban Hungariako lehen ministro ohia asko poztu da emaitzarekin. «Gau handia da Alemaniarentzat eta Europarentzat. Lotu uhalak, hau hasiera besterik ez da eta!», idatzi zuen atzo.
Errusiako presidentearen laguntzaile Kirill Dmitrievek ere goraipatu egin ditu ultraeskuinaren emaitzak: «Garaipen historikoa da». AfD Errusiarekin lerratzearen aldekoa da, eta ukrainarrak errefuxiatu izendatzearen aurka agertu izan da.
(Puede haber caducado)