Xabier Aierdi eta Belen Uranga: Euskara migrazioak ekarritako ispiluetan: argi-itzaletan
Soziologoa da Aierdi; soziolinguista Uranga. Biek hogei urte baino gehiago daramatzate migratzaileek Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa nola hautematen duten aztertzen eta horrek dakartzan ondorioen gainean gogoetatzen.
Berria, , 05-09-2026Bertakoa da Belen Uranga, eta Zumaian egin dute topaketa, Gipuzkoan, euskara oraindik erruz entzuten den eremu geografiko horietako batean. Usu euskara badenik ere ez dakitela heltzen diren herritar berriez mintzatzeko elkartu dira, migratzaileez, biek urteak baitaramatzate aztertzen nola hautematen duten heldu berriek Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa —eta bertako hizkuntza gutxitua, euskara— eta gogoetatzen zer ondorio dakartzan horrek euskararen biziberritzean. 2008tik ari dira propio gaiari buruzko azterlanetan. Soziologoa da Xabier Aierdi, migrazioen gaineko ikerketetan aditua eta erreferentea, eta ikuspegi horretatik aztertu ditu gaiaren erraiak. Soziolinguistika aditua da Uranga. Elkarren osagarri dira bien ikuskerak Hego Euskal Herrian urteotan zer gertatzen ari den ulertzeko. Izan ere, Ipar Euskal Herrian bestelakoak dira migrazioaren ezaugarriak eta ondorioak.
Uztailaren 30ean milaka pertsonak Marokoren eta Espainiaren arteko muga gainditu aurretik egin zen elkarrizketa, baina horrek Espainiako hiri autonomo Ceutan eragindako «hondamendi humanitarioa» gogoan hartzea ezinbestekoa iruditu zaie bi elkarrizketatuei, eta mezu hau eransteko eskatu dute: «Nahiz eta hemen lantzen ditugun gaiekin lotura zuzenik ez izan, ezin gara gure arteko immigrazioaz eta euskarak bertan duen lekuaz hitz egiten hasi gertakari latz horiek guztiak gogoan izan gabe».
Plazan da gaia: gero eta usuago aditzen dira migratzaileen etorrera euskararen biziberritzean izaten ari den ondorioei buruzko kezkak. Aurrejuzguak-eta badira maiz horietan. Kezka eragiten dizuete halakoek?
XABIER AIERDI: Ez oso handia. Ez naiz asko kezkatzen, tolerantzia indizea aztertzen dugunean euskaldunenak, gipuzkoarrak, nolabait abertzale joera dutenak izaten direlako toleranteenak. Uste dut hor badaukagula txerto on bat.
BELEN URANGA: Ni ados, baina ñabarduraren bat eginda. Sortzen edo azaleratzen ari diren diskurtso batzuek bai, kezkatzen naute. Harrera gizartean, gure gizartean arreta jarrarazten du migrazioak, eta horrek azaleratu edo anplifikatu egiten ditu gizarte honen alderik onenak —balioak, elkartasun sentimendua…— eta besteak —hutsuneak, arazoak, gabeziak…—. Euskara biziberritzeko zailtasunak ere anplifikatu egiten ditu.
AIERDI: Ispilu lana egiten du.
URANGA: Ispilu lana egiten du, eta anplifikatu egiten du. Oraintxe, migrazioaz hitz egingo ez bagenu ere, euskararen biziberritzearen inguruan badago kezka handi bat, eta migrazioak are handiago erakusten du hori. Beraz, ni kezkatzen nau.
Migratzaileak lehendik ere heldu dira Euskal Herrira, eta lehendik ere usu hankaz gora jarri dute egoera soziolinguistikoa. Atzera begira ere, egin dituzue ikerketak: aurreko mendeko 50eko eta 60ko hamarraldietan zer jazo zen aztertzeko, adibidez. Zer ikasbide atera behar da prozesu horietatik?
AIERDI: Orduan egoera ekonomiko ona geneukan; orduan integrazio estrukturalerako posibilitate handia geneukan; orduan esperantza geneukan: migratu zutenak ziur zeuden gorantz egingo zutela. Hori gaur egun ez dago bermatuta, eta hori oso kezkagarria da. Egun ez dago bermatuta, prozesua prekarizazioan oinarritzen delako, etxebizitzaren gero eta arazo larriagoan oinarritzen delako, eta askotan ikasketa maila eskas batean oinarritzen delako. Elementu horiek guztiak oso kezkagarriak dira, zeren eta immigrazio oso menpeko bat sor dezakegu, baita etnoestratifikazio ikaragarri bat ere, eta hori oso kezkagarria da. Euskarari dagokionez, garai hartan migratu zutenak ez ziren euskarara hurbildu: haien seme-alabak hurbildu ziren. Frankismoan geunden: euskara errealitate urruneko bat zen askorentzat. Prozesu inportantea gertatu zen, ordea, 1975etik aurrera; oso garai emankorra izan zen, zeren eta gauza asko nahastu ziren: politizazioa, militantzia, pasioa… Helburu demokratiko eta abertzaleak, hein batean, gauza bera ziren, eta hor ideologizazio bat gertatu zen: egundoko mugimendua izan zen, eta, hori dena nahastean, gaur agian existitzen ez diren baldintza batzuk sortu ziren orduan.
«Elementu kezkagarriak badira, zeren eta immigrazio oso menpeko bat sortu dezakegu, baita etnoestratifikazio ikaragarri bat ere»
XABIER AIERDI
Soziologoa
URANGA: Nik gogoa daukat pixka bat atzerago joateko. Asko interesatzen zait gogoratzea: XIX. mendearen bigarren erdian Espainiatik Bizkaira etorri zen migrazio populazioak bikoiztu egin zuen biztanleria. Bikoiztu. Horrek esan nahi du euskararekin inolako harremanik ez zuen jendea etorri zela bi hizkuntza zituen lurralde batera. Bizkaian topatu zuten gizarte hartan, gehiengo soziala euskalduna zen: %80tik gora euskaldunak ziren XIX. mendean. Eliteak ez, noski. Baina sozialki bazen. XX. mendean, migrazioak Bizkaira heltzen jarraitu zuen ikaragarri, eta Gipuzkoara pasatu zen. Herri askotan, populazioa bikoiztu ez, hirukoiztu eta laukoiztu egin zen…
AIERDI: Eta 26 aldiz handitu ere bai.
Lehen halako 26 bihurtu ziren populazio batzuk?
URANGA: Zenbait tokitan ikaragarria izan zen.
AIERDI: Ermuan, lehen halako hamasei; Leioan, 26.
URANGA: Euskara presentzia sozial hori galduz zihoan bezala —eta zer esanik ez frankismoarekin heldu ziren debekuen eta zapalkuntza erabatekoaren ondorioz—, bertakoak transmisioa eteten ere hasi ziren. Hori oso garbia da. Beraz, biziberritze prozesua hasi zenean, 1982an, Bizkaian euskaldunak %17 ziren. Ehun edo 80 urte lehenago, ordea, %80 ziren. Hortik abiatu zen biziberritze prozesua: hori ahaztu egiten zaigu. Baina egoera demografiko oso zail batean hasi zen euskararen biziberritze prozesua. Eta hori da, nire ustez, irakaspen bat. Prozesua oso egoera konplexuan hasi zen, baita demografikoki ere. Gaur egun ere konplikatua izan daiteke, baina aktibatu daiteke. Nire lehen irakaspena hori da.
«Soziolinguistikak aspaldi esan zuen: hizkuntza gutxituak dauden lekuetan, migratzaileak hizkuntza horretan sozializatuko dira baldin eta, bakar-bakarrik, begi bistan jartzen bada hizkuntza hori onuragarria izango zaiela»
BELEN URANGASoziolinguista
AIERDI: Bai, bai, hor atera daitezke irakaspen batzuk. Posible da berriro errekuperazio bat egitea, baina benetan jokatu behar dugu, lehengo eta behin, asko ikertuz egoera. Zergatik? Mundua erabat aldatu da, eta erabat aldatu da hizkuntzekin daukagun harremana: denok daukagun harremana. Eta nire kezkarik handiena da: seguruenera, gaur egun militantzia falta zaigu, politizazioa falta zaigu, eta, azken finean, mobilizazioa falta zaigu. Hiru elementu horiek beharrezkoak ditugu. Beste aro bat zabaldu gura bada eta ez badugu nahi aro hori idealismo hutsean oinarritzea, lortu behar dugu mobilizazio handi bat euskal gizartearena, eta instituzioek parte har dezatela benetan hori suspertzen.
Bestalde, oso sakon erreparatu behar diogu migratzaileen integrazioari; integrazioa eskasa bada, ahula bada eta labainkorra bada, beste guztia ez da posible izango. Esaten da: «Euskara integrazio hizkuntza da». Ez, euskara ezin liteke izan integrazio hizkuntza. Beste gauza bat da zera: euskal gizarteak esaten badie migratzaileei aurrera egingo dutela, haien seme-alabek aurrera egingo dutela, eta gizarte eredugarri bat eskaintzen badugu maila soziopolitikoan, ekonomikoan eta kulturalean, orduan saldu ahal izango dugu euskara errealitate horren parte modura. Zeren eta, bestela, jendea ez da lerratzen menderatzailea ez den hizkuntzara; minoritarioa den hizkuntzak ez du koertziorik eragiten, eta, gizartean koertziorik ez dagoenean, koertziorik sentitzen ez baduzu, orduan ez dago hurbiltzerik: hori soziologiako oinarrizko tesia da.
URANGA: Soziolinguistikak aspaldi esan zuen: hizkuntza gutxituak dauden lekuetan, migratzaileak hizkuntza horretan sozializatuko dira baldin eta, bakar-bakarrik, begi bistan jartzen bada hizkuntza hori onuragarria izango zaiela. Modu batean edo bestean. Izan liteke alderdi instrumental batetik: beharrezkoa dute gizartean aurrera egiteko. Edo beste alde batetik: behar dute bertako harreman sareak ezagutzeko, bilduago sentitzeko. Hori gertatzen ez bada, ez daukate inolako interesik.
Ze aldagai daude gaztelaniaz integratzeko? Denak dauzkate alde; bai gaztelaniaz hitz egiten dutenek, eta bai hitz egiten ez dutenek. Zergatik? Haien gizarteratzeko fase guztietan euskara oso egoera bazterrekoan dagoelako. Beraz, ez badira indartzen onura horiek, edo gertatzen ez badira, gaztelaniaz sozializatuko dira.
«Gizarte eredugarri bat eskaintzen badugu maila soziopolitikoan, ekonomikoan eta kulturalean, orduan saldu ahal izango dugu euskara errealitate horren parte modura»
XABIER AIERDI
Soziologoa
AIERDI: Pentsatu, gainera, asko Latinoamerikatik datozela: iaz ere ia %80 Latinoamerikatik heldu ziren. Eta gero non kokatzen dira? Kokatzen diren tokietan euskararekin kontaktua izateko probabilitaterik ez badago, beste guztia izan daiteke erreferente sinboliko bat hortik dagoena, gauza kurioso bat, exotismo puntu bat duena.
Ispiluaz hizketan hasi duzue elkarrizketa. Zer erakusten du ispilu horrek?
URANGA: Nire ustez, ispiluak erakusten du euskarak ez duela nahikoa presentziarik…
Alegia, toki txikia du, eta migratzaileek ez dute ikusten.
URANGA: Gehienek, lehen faseetan, ez daukate inolako kontakturik. Gehienetan, seme-alabak eskolara eramaten dituztenean izaten dute lehen kontaktua. Horrek erakusten du euskara ez dela hor ageri administrazio publikoa haiekin harremanetan jartzen denean, eta lan munduan, zer esanik ez. Lan munduarena ikaragarria da, eta oraintxe, nire ustez, oso inportantea da hor eragitea. Eta sozialki ere bai; sozialki ere oso esparru gutxi daude migratzaileen eta euskaldunen artean kontaktuak izateko.
AIERDI: Bai, eta beharbada ikusten dute euskara eskatzen zaiela eta bertakoek ez dutela hitz egiten. Ispilua zera da: haiengan ikusten ditugu, askotan mesederako, lehen hautematen ez genituen kontu batzuk. Eta hautematen ditugunean, konturatzen gara gure gizarteak bazituela lehendik ere arrakala nahiko inportanteak. Horretarako, immigrazioa ispilurik onena da.
Eta gizartearen inkoherentziak agerian uzten ditu.
AIERDI: Denak. Inkoherentzia guztiak agerian geratzen dira.
«Ez bada lortu lan munduan euskararen presentzia handiagoa izatea, enpresaburuak gehiago inplikatzea, nola lortuko da migratzaileak prozesu horretan sartzea?»
BELEN URANGA SoziolinguistaBeharra, obligazioa, koertzioa… halako hitzak agertu dira usu euskararen biziberritze politikak auzitan jartzeko, eta inposizio hitza ere agertzen da maiz. Nola jarri hor oreka bat?
URANGA: Ez da erraza, baina, alde batetik, zaila da migratzaileen gain jartzea koertzio neurriak bertako biztanleen gain ez baldin badaude. Hori da lehenengo araua. Esaterako, ez bada lortu lan munduan euskararen presentzia handiagoa izatea, enpresaburuak gehiago inplikatzea, nola lortuko da migratzaileak prozesu horretan sartzea?
AIERDI: Nik, koertzio edo koakzio hitzak erabiltzen ditudanean, modurik soziologikoenean erabiltzen ditut. Ez ditut kidetzen, inondik inora ere, inposizioarekin. Koertzioa izan daiteke neurrien bidez, edo testuinguruaren arabera. Hau da, toki batean hizkuntza bat oso menderatzailea denean, ez du behar koertziorik. Berez, edozein biztanlek hizkuntza hori erabiltzen du edo erabili nahi du…
Ez da hala gertatzen euskararekin, ordea. Oso toki gutxitan gertatzen da, berez, hori…
AIERDI: Koertzioarekin esan nahi dudana da nola giro batek, kontestu batek, espazio sozial batek inposatu egiten duen inposatu gabe. Azken batean, hori da gizartea: koertzio isil bat, koertzio ikusezin bat… Konturatu gabe egiten dituzu ehunka praktika, ustez zeuk hala aukeratuta, gainera. Eta, gero, inposizio eta tankerakoak joko politikoan dauden zenbait elementu dira…
Baina hor daude, eta zenbaitetan indar handia hartzen ari dira mezu horiek.
AIERDI: Bai, baina horrek eskatzen du eremu horretatik irtetea eta esatea: «Nola areagotu genezake euskararen presentzia gero jendeak euskarara gehitu nahi izateko?». Hau da, guk baldintza batzuk jarri behar ditugu, eta, argi esan behar da, guk beti pagafantas-aren sindromea izango dugu: guk beti Sisiforen lana egin beharko dugu. Hori garbi izan behar dugu… Alde horretatik, niretzat inposizioa ez; gehiago izango da gonbita, sedukzioa, iradokizuna… Zeren eta badaukagu ikuspegi punitibo bat euskaraz ez dakienaren inguruan. «Hauek ez dute ikasi nahi». Esaldi hori izugarria da. Zeren eta pentsatu behar da zer baldintza soziologiko dauden pertsona bat euskarara hurbil dadin. Errealitate materialean berdintasunik ez badago, oso zaila da zu iradokitzailea izatea. Hortik abiatu behar dugu. Euskara inposizioa? Inposizioa eremu batzuetan izango da, eta beste batzuetan, aldiz, galtzaile nabarmena.
«’Hauek ez dute ikasi nahi’. Esaldi hori izugarria da. Zeren eta pentsatu behar da zer baldintza soziologiko dauden pertsona bat euskarara hurbil dadin»
XABIER AIERDI
Soziologoa
URANGA: Sedukzioaz-eta asko hitz egiten da. Niri ez zait asko gustatzen, zeren eta zenbaitetan infantilizazio puntu bat ere ikusten dut hor. Niri gehiago gustatzen zait onurei buruz hitz egitea. Alegia, migratzaileak euskaraz integratuko dira baldin eta euskal gizartea euskaraz integratzen bada, euskaraz integratzeko aukera badago, eta, oraintxe migratzailerik ez balego ere, izugarrizko problema geneukake bertan euskaraz egiten ez duen populazio osoarekin…
(ID_16316827) (Andoni Canellada/@FOKU) 2026-07-27, Zumaia. Xabier Aierdi eta Belen Uranga
Aierdi eta Uranga solasaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Lan munduko gabeziak aipatu dituzue. Hutsune handia dago hor: euskararen presentzia oso urria da. Horren ondorioz, ikasle askok ez al dute sentitzen haurtzaroan eta nerabezaroan euskarara hurbiltzeko ahalegina egin behar izan dutela eta gero iruzur bat dela dena, lan munduan-eta ez delako garrantzitsua?
URANGA: Askok bai. Baina hori detektatuta geneukan migrazioa etorri aurretik ere. Horregatik ari ginen aspaldi lan munduko arduradunekin ere. Ez da posible oraindik lan munduko arduradunak interpelatuta ez sentitzea prozesu honen parte izateko. Hori sedukzioz lor liteke? Bai, baina legez ere bai.
Beste gauza asko legez egin diren moduan, bada garaia legez ere beste pauso batzuk emateko. Euskarak beharrezkoa izan behar du, onuragarria izan behar du. Eta sozialki euskarak presentzia izan behar du. Horra: Zumaian orain dela aste batzuk jarri zuten martxan ontziola [Balenciaga ontziolak ekitaldi bat egin zuen uztailaren 16an, berriz martxan ari dela jakinarazteko]. Agintari guztiak zeuden hemen, jabeak… Publikoak, pribatuak, denak; kartel bat zegoen, gela hau bezain handia, eta dena zegoen ingelesez, hemen, Zumaian.
AIERDI: Txarto zabiltzate.
URANGA: Oso txarto gabiltza. Eta legez gauza asko egin daitezke. Eta ez naiz ari langileei begira; arduradunez ari naiz. Legeek arduradunei eragin beharko liekete. Interpelatu egin behar dira: ardura dutela esan behar zaie.
Eskolak ere erruz egin du euskalduntzeko.
AIERDI: Eskola inportantea izanda ere, gauza bat esan behar zaio euskal gizarteari: heldutako migratzaile guztien %13 inguru joango dira eskolara. Datu hori ez dugu ahaztu behar. Hezkuntza bide osoa %6k bakarrik egingo dute. %7k zati bat egingo dute, eta oso lotuta egongo da familiak ekarri ditueneko momentuarekin. Iaz, esaterako, 8.000 ikasletik gora etorri ziren matrikula bizian. Horrek esan gura du egun bakoitzeko 50 neska-mutiko sartu zirela gela batean: eguneko. Eta horrek esan gura du ezegonkortu egiten dituzula 50 ikasgela egunero. Orduan, eskolak eman dezakeena eman dezake…
Beraz, adierazten ari zarena da migratzaile familietako ikasle asko euskaldundu gabe aterako direla eskolatik.
AIERDI: Eta igual ez dugula lehen belaunaldia euskaldundu behar. Hori da nire tesi bat. Pentsatu: 12 urterekin sartzen den ikasle batek halabeharrez sartu behar du murgiltze gela batean, nahiz eta agian ja hutsune bat duen jatorritik hezkuntza mailari dagokionez? Igual horri buruz pentsatu behar dugu. Zeren eta bai: ikasle batzuk euskaldundu barik ateratzen dira, bai migratzaileak eta bai bertakoak. Ni Eusko Legebiltzarrean sinatu zen Hezkuntza Legearen oso aurka nago alde horretatik…
«Izu ideologikoetatik eta bihotzeko izuetatik harago, lasaitu egin behar dugu, eta gogoeta egin. Eskola oso-osorik birplanteatu behar da»
XABIER AIERDI
Soziologoa
Zirrikituak falta zaizkiolako halako egoeretarako?
AIERDI: Zirrikituak ez. Halako egoeretan, aurrena, lasaitasuna behar da; bigarrenik, egoera ondo ikertu behar da, eta ibilbide askotarikoak eman. Zeren eta, igual, batzuek «egun on», «kaixo» eta «zer moduz» esatea baino ez duzu lortuko. Baina hori oso inportantea da, zeren eta gero taberna batean bazaude eta hasten bazara esaten: «Arratsaldeon on, zer moduz», agian horrek asko balio dio lotura afektiborako. Hortik hasi behar ditugu hainbat esperimentazio. Hemen diru asko behar da esperimentaziorako, ezarrerarako, eta hau serioski hartu behar da. Baina pentsatu behar dugu eskolak muga handiak dituela; ezin dugu pentsatu eskolak konponduko duenik hau. Hori, segregazioa alde batera utzita; gero, gainera, hor segregazioa sartzen badugu, ba, are arazo gehiago. Batzuk hau iragartzen ari gara ia kasik jaio ginenetik, eta ez digute kasurik egin.
Esaten ari zarenak egungo hizkuntzen eredua gainditu eta beste ate bat zabaltzea eskatzen du…
AIERDI: Jakina. Baina herri honetan kontsentsuak eta orekak hain zailak izanda, lehenik egundoko lekua eman behar zaio gaiari eztabaida publikoan, eta, izu ideologikoetatik eta bihotzeko izuetatik harago, lasaitu egin behar dugu, eta gogoeta egin. Eskola oso-osorik birplanteatu behar da. Eta, gero, nire ustez, eskola publikoak mimo asko behar du.
URANGA: Ñabardura txiki bat eskolaren gaian. Gogoratu nahi dut, adibidez, Eusko Jaurlaritzara begira, asko kostatu zaiola konturatzea zer zegoen esku artean. Orain dela bost-sei urte, Jaurlaritzako aholkularitza batzordean segregazioaren gaia aipatze hutsagatik… erantzun izugarri oldarkorra jasotzen zen. Halaber, Hezkuntza Saila programa pilotuak egiten ari da hainbat urtean… Aski da. Pilotuak oso ondo daude, ikerketak oso ondo daude, baina gauzak egiten hasi behar da, inbertsioak egin behar dira.
«Proiektu pilotuak oso ondo daude, ikerketak oso ondo daude, baina gauzak egiten hasi behar da, inbertsioak egin behar dira»
BELEN URANGASoziolinguista
Helduen euskalduntzean ere, doakotasunerako urratsak urteotan hasi dira, oraintxe.
AIERDI: Etorkizunean denak izan beharko du doakoa. Eta ezingo da pentsatu denok irten beharko dugunik Euskaltzaindiko kide. Eskema berri batzuk behar ditugu, gizarte osora begira. Niri gustatzen zait Iurrebasoren liburuaren titulua: Esnatu ala hil. Gustatzen zait, zeren eta uste dut heldu behar dugula halako shock egoera batera: kontzientzia hartze inportante batera.
Euskaltzaleena…
AIERDI: Bai, bai. Oso positiboa iruditzen zait, momentu honetan, agonia positibo bat esperimentatzea. Ez agonia bat geure buruaz beste egiteko. Ez, ez, ez. Agonia positibo bat. Agonia sortzaile bat behar dugu, esateko: «Heldu gara hona, egundoko lorpenak ditugu». Eta jakinda ere eskasiak daudela, poroak daudela, mobilizazio bat berreskuratu behar da, eta mobilizazio horrek agoniko-sortzailea izan behar du. Elementu biak eduki behar ditu.
«Mobilizazio bat berreskuratu behar da, eta mobilizazio horrek agoniko-sortzailea izan behar du. Bi elementuak eduki behar ditu»
XABIER AIERDI
Soziologoa
Migratzaileentzako harrera sistema sarri aipatzen da. Nolakoa izan behar du?
URANGA: Udal mailako harrera sistema bat izan behar du oinarri; hori izan daiteke eraginkorrena, batez ere migratzaileek ukitzen dituzten arlo guztiak koordinatzeko beharra duelako. Baina horrek esan nahi du aurrerapauso ikaragarri bat eman behar dela udal mailako egitura guztietan.
AIERDI: Bai, minimo batzuk jarri behar dira, udal guztiek eduki ditzaten.
Nola txertatu hor hizkuntzaren aldagaia?
AIERDI: Lehenik eta behin, informatuz: heltzen direnei hizkuntza existitzen dela azaldu behar diezu: nora etorri diren, zer gustatuko litzaigukeen gertatzea bertakoei, eta, adinaren arabera, eskola sistemaren gaineko kontuak.
URANGA: Eta informazioa emate horretan interes minimo bat erakutsi behar da haien hizkuntza ezagutzaren inguruan. Bada ordua, behintzat, interes bat azaltzeko. Eman dezagun behar dugula arabieraz hitz egiten duen jendea; bada, balioa eman behar zaio horri. Gizarte honek behar du hori, eta bertako hizkuntzen kudeaketan inportanteak izan daitezke migratzaileek ekar ditzaketen hizkuntzak.
AIERDI: Immigrazio teknikariak, euskara teknikariak, gizarte zerbitzuak… Nik uste dut horien artean osatu behar dela nolabaiteko pull bat, eta zeharkakoa izan behar du.
URANGA: Agonia aipatu du Xabierrek. Nik ez dakit agonia den. Garai inportantea da: mundu guztia dago ados horretan. Ni ere bai. 80ko hamarraldian ere, adibidez, ezaugarriak oso ezberdinak ziren arren, garai oso konplikatua zen, baina gauza asko egiteko bidea eman zen. Orain ere egoera oso konplikatua da, baina badago gauza bat berdintsu funtziona dezakeena: borondatea, nahi kolektibo bat, desioa, ilusioa… Badago nahi kolektibo bat. Batzuentzat, atzera begirakoetan oinarritua izango da; beste batzuentzat, berriz, ez. Jende euskaldun asko dago ez daukana erreferentziarik atzean. Etorkizunera begira izan behar du…
AIERDI: Beste fase batera egiteko.
«Gizartea, gaur egun, konplexuagoa da: zentzu identitarioan, hizkuntzekiko harremanetan… Baina gu gizarte hori gara, eta, euskararen biziberritzeak aurrera egitea nahi badugu, gizarte horrek egingo du hori»
BELEN URANGA
Soziolinguista
URANGA: Gizartea, gaur egun, konplexuagoa da: zentzu identitarioan, hizkuntzarekiko harremanetan… Baina gu gizarte hori gara; gustatu edo ez gustatu, gaur egungo gizartea horrelakoa da, eta, euskararen biziberritzeak aurrera egitea nahi badugu, gizarte horrek egingo du hori. Gu hil egingo gara, Xabier…
AIERDI: Guri gutxi geratzen zaigu.
URANGA: Baina gizarte horrek egingo du, eta hor tokatzen zaigu baliabideak ipintzea migratzaileak inplikatuta sentitzeko. Bestela, desafekzio handi bat izango da.
XABIER AIERDI
(Zeberio, Bizkaia, 1957). Hizketan hasten denean, berehala agertzen da irakaslea; zuztarretara jotzen du sarri, gizartea ulertzen ahalegintzeko oinarrizko printzipioetara. Soziologia eta Kazetaritza ikasia da. «Baina soziologian ibili naiz; batez ere, irakasle: hori da niretzat identitaterik inportanteena». Ikertzaile modura Espainiatik heldutako immigrazioa ikertzen hasi zen. «Espero ez nuela enkargatu ziguten Ikuspegi [Immigrazioaren Euskal Behatokia] martxan jartzea; hor zortzi bat urte egin nituen». Arloan ikertzen segitzen du, Begirune fundazioan.
BELEN URANGA
(Zumaia, Gipuzkoa, 1961). Euskal Filologia eta Euskal Ikasketa Aurreratuak eginda, Bretainian egonaldi bat egin zuen, eta han izan zuen «lehen kontaktua» hizkuntza aniztasunaren gaiarekin. Unesco Etxean, Bilbon, hamar urte egin zituen ondoren arlo horretan, munduko hizkuntza aniztasunaren gaineko azterlanetan murgilduta. Ondorengo geralekua Soziolinguistika Klusterrean izan zuen, orain dela ia bi hamarraldi. Euskararen biziberritzearekin lotutako ikerketetan murgildu zen han propio, eta bertan ari da gaur egun ere.
(Puede haber caducado)