Gaur hasiko da Arambururen erailketaren aferan akusatuak diren militante faxisten epaiketa, Parisen
Hiru aste iraunen du auziak, eta irailaren 25erako espero dute epaia. Eskuin muturreko militanteak dira bi akusatu nagusiak: Le Priol hilketagatik epaituko dute, eta Bouvier, hilketa saiakeragatik.
Berria, , 07-09-2026Federico Martin Arambururen hurbilekoek justizia nahi dute, eta auzia duina izatea espero dute. Izan ere, gaur arratsaldean hasiko da Federico Martin Aramburu Miarritzeko errugbilari ohi argentinarraren hilketaren inguruko epaiketa, Parisko Krimen Auzitegian. 2022ko martxoaren 19an hil zuten, Paris zentroan, tiroz. Loik Le Priol hilketagatik epaituko dute, Romain Bouvier hilketa saiakeragatik, Lyson Rochemir hilketa saiakeran konplize aritzeagatik, eta Anthony Sorrentino probak eta gaizkileak kukutu eta laguntzeagatik.
Eskuin muturreko GUD talde bortitzeko militante faxistak dira Le Priol eta Bouvier, bi akusatu nagusiak. Gainera, Le Priol Frantziako armadako eliteko soldatu izandakoa da. Kartzelaturik agertuko dira epailearen aitzinera, jadanik preso baitaude, aitzinetik izandako afera batengatik: 2015ean GUDeko kide ohi bat torturatu zuten, lagun izandakoa. Beste bi akusatuak aske agertuko dira auzira, kontrol judizialpean. Le Priolek, Bouvierrek eta Rochemirrek bizi osoko kartzela zigorra bete behar izateko arriskua dute; Sorrentinok, hiru urteko kartzelaldia betetzekoa. Epaiketak hiru aste iraunen du, eta irailaren 25erako espero da emaitza.
Akusatuen abokatuek uste dute defentsa legitimo gisa hartu behar dela akusatuek egindakoa, eta hala eskatuko dute auzi denboran, ez baitute onartu nahi ekintza hartan premeditazioa izan zela. Nolanahi ere, ikerketan jasoak dira hilketaren bideoak, eta parte zibilen akusatuek argi utzi nahi dute krimena aldez aitzinetik pentsatua zela: adieraziko dute akusatuak biktimen gibeletik joan izanak eta autoan armak gorde izanak hori frogatzen dutela.
2022ko martxoaren 19an gertatu zen Arambururen hilketa, Parisko Saint Germain etorbidean. Aramburu eta haren lankide eta lagun Shaun Hegarty Parisen elkartu ziren gau hartan, bien enpresak kontratu bat lortu berri zuela ospatzeko. Le Mabillon ostatuan zirela, bi errugbilari ohiek borroka bat izan zuten akusatuen mahaikoekin. Borrokaren amaieran, gainera, Poliziaren besoko faltsuak atera zituzten akusatuek, eta Arambururi eta Hegartyri sinetsarazi poliziak zirela. Oroitaraztekoa da, bestalde, torturen aferagatik kontrol judizialpean zirela Le Priol eta Bouvier garai hartan, eta beraz, ez zutela ez Parisen izateko eskubiderik, ez elkartzeko eskubiderik, ezta armak izateko eskubiderik ere.
Auziak argituko du zehazki zein izan zen akusatuen eta errugbilarien arteko borrokaren abiapuntua, baina lehen zantzuen arabera, akusatuek beste pertsona bat iraindu zuten, eta Hegartyk eta Aramburuk eskatu zieten pertsona hori errespetuz tratatzeko. Orduan, Le Priolek eta Bouvierrek «gu hemengoak gara» eta beste gisa bateko erranaldi supremazistak bota zizkieten.
Bi partetan iragan zen borroka, eta finitzean, Hegartyk eta Aramburuk beren hotelerako bidea hartu zuten. Bidean, beste hotel batean gelditu ziren izotz poltsa bat galdetzera, bildutako kolpeak arintzeko. Hotel hartatik ateratzean, Jeep gisako auto bat arribatu zen haien heinera: Lyson Rochemirrek gidatzen zuen, eta Bouvier autotik atera zen, armaturik. Berehala, arma Arambururi buruz zuzendu, eta tiro egin zion. Aramburu zauritua zela ihes egin zuten Bouvierrek eta Rochemirek. Orduan arribatu zen Le Priol, oinez, hura ere armaturik. Hark ere tiro egin zion Arambururi, eta, auzitegi medikuaren arabera, haren tiroek hil zuten errugbilari ohia.
Aramburu familiaren abokatu Yann Le Brasek BERRIAri erran dio bi tiroketa horiek «izugarri bortitzak» izan zirela. Bouvierrek lau tiro egin zizkion Arambururi lau segundoan, eta bi lekutan zauritu. Le Priol arribatu zenean, beste sei tiro egin zizkion lau segundoan, horietako batzuk Aramburu bizkarrez zela.
Akusatuen nortasuna lehenik
Epaiketako lehen egunetan akusatuen nortasuna aztertuko dute. Prozeduran, bazter utzi dute hilketa arrazoi arrazistengatik gertatu izana, baina, dena den, akusatuen ibilbidea eta ideologia faxista aipatuko dituzte gaur, bihar eta etzi. Parte zibilen abokatuek uste dute ideologia supremazistak «bazkatuak» direla bi akusatu nagusiak, eta horrek bultzatu zituela halako indarkeria baliatzera. Kasurako, Bouvierren etxea miatu zutenean, arma andana bat atzeman zituzten, baita objektu eta liburu naziak ere. 1968an sortu zen GUD taldea, Parisko Assas Unibertsitatean. Hartan militatu dute bi akusatu nagusiek, baita Sorrentinok ere, Mediapart hedabidearen arabera. Zehaztekoa da gaur egun GUD talde faxistak lotura argiak dituela oraino RN Batasun Nazionala alderdiarekin.
Epaiketak segitu arau, ikertzaile eta adituek inkestaren nondik norakoak zehaztuko dizkiete epaileei. Bigarren asteko lehen egunetan, parte zibilak entzunen dituzte, tartean Shaun Hegarty, lekuko eta biktima gisa deklaratuko duena. Akusatuen galdeketa izanen da ondotik. Azken astean, parte zibilen abokatuen alegatuak, fiskalaren eskaera, eta defentsaren abokatuen alegatuak izanen dira. Lau urte eta erdi itxaron ondoan, emaitza irailaren 25erako espero du familiak.
(Puede haber caducado)