Eskuin muturreko AfD alderdia nagusitu da Alemaniako Saxonia-Anhalt eskualdeko bozetan
Gehiengo osotik hiru diputatura geratu da AfD. Esperotakoa baino emaitzak txarragoak lortu ditu Friedrich Merz kantzilerraren CDUk eta 40 ordezkari izatetik 16 izatera igaroko da.
Berria, , 07-09-2026Inkestek iragarritakoa bete da AfD Alemaniarentzako Alternatibarentzat. Eskuin muturreko alderdiak garaipen handia lortu du Saxonia-Anhalt eskualdeko bozetan, eta 39 ordezkari eskuratu ditu —42 beharko lituzke parlamentuan gehiengo osoa izateko—. Aldiz, esperotakoa baino porrot handiagoa izan du Friedrich Merzen CDU demokristauak eta orain arteko 40 ordezkari izatetik 16 izatera igaroko da.
Pozik agertu da AfDren hautagai Ulrich Siegmund eta «historia» egin dutela nabarmendu du. Eskuin muturraren garaipena, ordea, ez da aski Siegmundek gobernadore kargua bereganatzeko. Beste alderdiren baten babesa behar du. Zentzu horretan, ezkerreko BSW da eskuin muturraren alternatiba bakarra —Die Linke ezkerreko alderdiaren kide ohi Sahra Wagenknechtek sortu zuen alderdia, 2024an—. Nazionalistek esana dute ez dutela ez Siegmund ez Sven Schulze jarduneko gobernadorea babestuko, baina eskuin muturrarekin akordioak egitearen aurkako gainontzeko alderdien jarreraren kontra agertu izan dira. Dena den, AfDrentzat nahikoa litzateke BSWren abstentzioa boterea eskuratu ahal izateko.
Pozarren azaldu da Siegmund emaitzak jakin ondorengo festan: «Historia idatzi dugu. Seinale bat da Alemania guztiarentzat. Herrialde osoa zeharkatzen duen bulkada bat da. Eskua luzatuko diegu herrialde honetan sortu diren arazo guztiak gurekin batera konpondu nahi dituztenei». Era berean, alderdi ultrako zuzendariorde Alice Weidelek adierazi zuen Siegmundekin «lehen ministroa» daukatela alderdian, eta Saxonia-Anhalt eskualdean gobernatzearen ardura edukitzeaz gain, «maila federalean» gobernatzeko ardura ere izango dutela.
Hala ere, AfDren azken emaitza horrek inor gutxi harrapatuko zuen ezustean. Izan ere, 2025eko hauteskunde federaletan AfD herrialdeko bigarren indarra bilakatu zen —botoen %20,6 bildu zituen, Merzen CDU-CSU blokeak baino zortzi puntu gutxiago—, eta, azken inkesten arabera, lehen indarra izateko lehian dago gaur egun. Insa etxeak abuztuan plazaratutako inkestaren arabera, AfDk irabaziko lituzke 2029ko Alemaniako hauteskundeak, zortzi punturen aldearekin —%28ren babesa lortuko luke—.
Orain arteko garaipenik handiena izan da igandekoa Alemaniako eskuin-muturreko alderdiarentzat. 2013an sortua, apurka indartzen joan da mugimendua eta iaz bigarren indarra izan zen hauteskunde federaletan. Duela bi urte, berriz, Turingiako hauteskundeak irabazi zituen, nahiz eta ezin izan zuen boterera heldu, ez baitzuen parlamentuan gehiengorik eskuratu.
Oso bestelako giroa izan da bart CDUren bulegoetan. Alderdiko idazkari nagusi Franziska Hoppermannek aitortu du porrota «garratza» izan dela, baina baztertu egin du Merzen etorkizuna ezbaian jartzea. CDU 2002tik da agintean Saxonia-Anhalt eskualdean, baina azken urteetan haren babesak nabarmen egin du behera. Azken inkesten arabera, eskualdeko bozkatzaileen %9 soilik leudeke ados Alemaniako kantzilerraren politikekin.
Kontserbadoreen talde parlamentarioko presidente Thorsten Freik atzo adierazi zuen AfDren garaipena «inflexio puntu bat» izan dela Alemaniarentzat. «Lehen aldia da Konstituzioa Babesteko Eskualde Bulegoak eskuin muturreko moduan sailkatutako alderdi batek gehiengoa lortzen duena», nabarmendu du Alemaniako telebistan eginiko elkarrizketa batean.
Oihartzuna Europan
Europa osoan izan du oihartzuna Saxonia-Anhalt eskualdeko hauteskunde gauak, eta aldeko eta kontrako mezuak idatzi dituzte hainbat agintarik X sare sozialean. Polonian, esaterako, Donald Tusk lehen ministroak adierazi du «kaikuak eta traidoreak» soilik poztu daitezkeela AfDren garaipenarekin; Radoslaw Sikorski Atzerri ministroak, berriz, nabarmendu du oso seinale larria dela Europarentzat.
Harago joan da Frantziako Europako Gaietarako ministro Benjamin Haddad, eta ohartarazi du «nazionalismoa eta xenofobia» inoiz ez direla «irtenbidea» izango. «Ezin dugu gure historia ahaztu», gaineratu du. Roland Lescure Frantziako Finantza ministroak bide beretik jo du, eta adierazi du Europak erronka handi bat daukala aurrean olatu populistari aurre egiterako orduan.
Kontrara, Viktor Orban Hungariako lehen ministro ohia asko poztu da emaitzarekin. «Gau handia da Alemaniarentzat eta Europarentzat. Lotu uhalak, hasiera besterik ez da eta!», idatzi zuen atzo.
Errusiako presidentearen laguntzaile Kirill Dmitrievek ere goraipatu egin ditu ultraeskuinaren emaitzak: «Garaipen historikoa da». Gogorarazi behar da AfD Kremlinen aldekoa dela, eta ukrainarrak errefuxiatu moduan izendatzearen aurka agertu izan dela.
(Puede haber caducado)