EH Bilduk hirugarren sektorea barne izango duen udal mahaia eskatu du KASen debekuaren aurrean
Ohar baten bidez, EH Bilduk Jon Insausti alkateak KASen afariak debekatzeko hartutako erabakia salatu du berriz, baita argipenak eskatu ere. Udal mahai bat sortzea beharrezkotzat dela erantsi du, eta bertan hirugarren sektoreko ordezkariak eta KAS egotea beharrezkoa dela.
Gara, , 03-09-2026EH Bilduk ohar batean salatu du Jon Insausti alkateak KAS debekatu zuenetik hilabete baino gehiago igaro ondoren, Udal Gobernak ez duela martxan jarri inolako mahairik egoerari irtenbide bat bilatzeko.
Aldebakartasunez hartutako erabakiaren aurrean, EH Bilduk berretsi du mahai bat sortzeko premia dagoela, eta bertan «Udaleko sail desberdinak eta hirugarren sektoreko ordezkariak egoteko ezinbestekoa» dela, KAS barne. Gaineratu dute, haien ustez ez dela berandu egoera honi irtenbide adostuak bilatzeko eta gaian adituak zein arituak direnei entzuteko.
«Debekuaren berri izan genuen unetik salatu genuen erabakia», gogora ekarri du EH Bilduk, eta eskaera berriro luzatu diote.
Bestalde, gehitu dute «sei urtetan KASen jardunaren beharra desagertu baino handitu izanak, instituzioetatik martxan jarritako baliabideen gabeziak mahai-gaineratzen» dituela. Horregatik, oharrean azaldu dute, KAS ekimen herritar eta solidarioa aliatua izan dela Donostiako Udaletxearentzat eta penagarria dela PNV-PSEren Udal Gobernuak hala ulertu ez izana.
Gauzak honela, EH Bilduk adierazi du auziari irtenbidea emateko borondatea duela eta Insausti alkatea interpelatuko duela, datozen udal batzordeetan azalpenak eman ditzan. Era berean, gai hau lantzeko martxan diren erakundeen arteko markoen egoera zein den jakin nahi dutela azaldu dute.
Argipen gehiago eskatu dituzte, besteak beste, ‘Otorduak II’ programaren ingurukoak. «Nolako zabalpena duen argitu nahi dugu, hala nola iragarri ziren 100 otorduak noiz hasi diren jasotzen beharra duten pertsonek». Gogorarazi nahi izan dute, KASen hitzetan, debekuaren ondorioz alternatibarik gabe utzi direla pertsonetako asko, itxaron zerrendak direla medio edota udal zerbitzuetan jarritako baldintzak oraindik betetzen ez dituztelako.
(Puede haber caducado)