100 bat erreferentek «faxismoari ez» esan diote, Ernairen manifestua sinatuz
‘Herri oso batek faxismoari ez’ lelopean idatzitako manifestua argitaratu du Ernaik, eta dei egin dute irailaren 13an, Donostian egingo duten mobilizazioan parte hartzera. 100 erreferente inguruk bat egin dute manifestuarekin.
Gara, , 03-09-2026Kulturgintzako, aisialdiko eta mugimendu sozialetako ehunka pertsona erreferentzialek faxismoaren inguruko Ernairen manifestua sinatu dute, eta honekin, datorren irailaren 13an Donostian mobilizatzeko deia zabaldu dute. Izen batzuk aipatzeagatik, Fermin Muguruza, Itziar Ituño, Antton eta Julen Telleria, Lur Errekondo, Ainhoa Vitoria, Dupla, Deskontrol, Neomak, Sua eta Joseba Tapia daude sinatzaileen artean.
«Testua sinatzen dugunok eremu anitzetatik egunerokoan faxismoaren aurka irmoki agertzen garen pertsonak gara»; hala hasten da manifestua. Jarraian, gehitu dute sinatzaileak ez dituela faxismoaren aurkako konbentzimenduak batzen, «Euskal Herriarekiko duten konpromisoak eta herritar zapaldurik izango ez den Euskal Herri aske baten aldeko atxikimenduak» baizik.
Euskal Herriaren aurkako nahiz pertsona migratuak eta LGTBIQ+ kolektiboko kideak jomugan jartzen dituzten mezuak gero eta ohikoagoak bihurtzen ari direla ekarri dute erdigunera manifestuan, eta azaldu dute «hori ez dela ausaz gertatzen». Horrela, ondoeza gizartearen gero eta sektore zabalagoetara hedatzen ari dela diote, eta jende gehiago dagoela beraz atsekabetuta: «Bada, atsekabe horri aurre egiteko eta hura gizarte berdinzaleago baten aldeko posizioetan itzuli ez dadin, oldarraldi erreakzionario oso bat jarri dute abian».
Oldarraldiaren ereduak ezberdinak direla argitu dute, besteak beste, euskararen aurkako oldarraldia, pertsona migratuen aurkako gorroto-diskurtsoak, feminismoaren eta trans kolektiboko pertsonen aurkako mezuak.
Hori horrela, ultraeskuinaren oldarraldiak askotariko formak hartzen dituen neurrian, haren aurkako borrokak ere izaera askotarikoa izan behar duela aldarrikatu dute. Beraz, horregatik sinatu dutela eremu ezberdinetako kideek manifestua.
Gaineratu dute, «egoera larria bada ere, Euskal Herrian badirela aurre egiteko aukerak» eta, ondorioz Euskal herrian faxismoaren aurkako eta jendarte justu baten aldeko «gehiengo zabal bat badagoela» adierazi dute. «Faxismoari aurre egiteko modurik eraginkorrena: faxismoari alternatiba oso bat gainjartzea da», aldarrikatu du Ernaik manifestuan.
Hori horrela, «aukerak baliatu eta erantzuteko unea» dela azpimarratu dute, eta horregatik, dei egiten dute herritar orok Ernaik irailaren 13an Donostian deitu duen mobilizazio nazionalean parte hartzera. «Herri oso batek faxismoari ez» lelopean egingo dute mobilizazioa.
(Puede haber caducado)