«Bloke atzerakoiaren mehatxu autoritarioa gero eta handiagoa» dela diote EH Bilduk eta BNGk

EH Bilduko eta BNGko ordezkariek Espainiako Estatuaren egoera korapilatsua aztertu dute eta kezka agertu dute «bloke atzerakoiaren mehatxu autoritarioa gero eta handiagoa» delako.

Gara, , 02-09-2026

EH Bilduko eta BNGko ordezkariek Espainiako Estatuaren «egoera korapilatsua» aztertu dute asteazken honetan Bilbon egindako bileran eta kezka agertu dute «bloke atzerakoiaren mehatxu autoritarioa gero eta handiagoa delako.Espainiako Estatuan eta, bereziki, Euskal Herriko eta Galiziako herrietan eskubide politiko eta sozialak arriskuan jartzen dituen mehatxua, hain zuzen».

Ohar batean azaldu dutenez, EH Bilduk eta BNGk elkarlanerako aliantzak josteko konpromisoa agertu dute, «mehatxu faxistaren gorakada gelditzeko», azken urteetan arlo honetan eta beste batzuetan egiten ari diren moduan.

Zentzu honetan, ezker subiranistak eta BNGk Espainiako Estatua plurinazionala eta eleanitza dela aitortzeko bidean aurrera egiteko egin beharreko lanarekin jarraitzeko borondatea eta konpromisoa agertu dute.

Era berean, gaur arratsaldean egindako topaketan, nazioarteko testuinguru ezegonkorra ere aztertu da, «agenda autoritarioek eta giro belizista gero eta handiagoak markatua». EH Bildu zein BNG prest agertu dira elkarlanerako eta kolaboraziorako dinamika historikoarekin jarraitzeko, «Espainiako Estatuko zein nazioarteko mehatxu autoritarioei aurre egiteko».

Ezker subiranistaren aldetik, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak, Sonia Jacinto Antolakuntza idazkariak eta Gorka Elejabarrieta Harreman Politikoetako idazkari eta Senatuko bozeramaileak parte hartu dute. BNGren izenean Exekutiba Nazionaleko hiru kide joan dira: Montse Prado Cores, Nazioarteko Arloaren arduraduna eta Galiziako Parlamentuko lehendakariordea; Nestor Rego Candamil, Erakunde Arloaren koordinatzailea eta Kongresuko diputatua eta Lucia Lopez Sobrado, BNGko Antolakuntzako idazkari nazionala.

EH Bilduk indar eta alderdi subiranistekin eta ezker konfederalekoekin aldebiko bilerak egingo ditu irailean zehar. Topaketa dinamikaren helburua da Espainiako Estatuko egoera politiko aztertzea eta nazioarteko testuinguru ezegonkorraren inguruko hausnarketak partekatzea, «lankidetza eremu posibleak sakondu eta arakatzeaz gain».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)