Hauteskunde ziklo berriari begira, EH Bilduk «neofaxismoa geratzea» eta «autogobernuan sakontzea» du xede

Arnaldo Otegik ohartarazi duenez, koalizioak bere esku dagoen guztia egingo du Hego zein Ipar Euskal Herrian eskuin muturrak agintzeko biderik izan ez dezan. Autogobernuan «jauzia» ematea defendatu du.

Berria, Aitor Biain, 01-09-2026

Datorren hauteskunde zikloari begira hasi du urte politikoa EH Bilduk, bai baitaki bozek hurrengo hilabeteetako jarduna baldintzatuko dutela. Horregatik, lehentasunak ongi finkatzea ezinbestekoa da, Arnaldo Otegi idazkari nagusiaren ustez, «zerbait ezohikoa» baitago jokoan, «historikoa ez esateagatik». Bada, Espainiako eta Frantziako gobernuetara iritsita eskuin muturrak Hego eta Ipar Euskal Herrian agindu dezakeela-eta, hori galaraztea izango da koalizio subiranistaren lehentasunetako bat, Otegik adierazi duenez. Bestea, berriz, «autogobernuan sakontzea» izango da, etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresna «burujabeak» lortzeko.

Iruñean egin du urte politiko berria hasteko ekitaldia EH Bilduk; bertan bildu ditu koalizio subiranistak zuzendaritzako kideak, urte politiko berriaren bide orria finkatzeko eta bozek utz ditzaketen agertoki posibleak aurreikusteko, betiere «herri ikuspegiari lehentasuna emanez», Otegik azpimarratu duenez. Koalizioaren «jardun politikoaren DNAn baitago» herri interesak alderdiaren interesen aurretik jartzea.

Eta, herri gisa, EH Bilduk argi dauka «autoritarismoa eta neofaxismoa geratzea» dela Euskal Herriaren lehentasun nagusiena. Izan ere, EH Bilduko buruak ohartarazi duenez, eskuin muturrari agintera iristeko bidea eman diezaiokete hilabete gutxi barru Frantzian eta Espainian egingo diren hauteskundeek; udaberrian izango dira lehenak, eta beranduenez heldu den urteko udan bigarrenak. «Horrek esan nahiko luke, herri ikuspegi batetik begiratuta, Euskal Herri osoa eduki dezakegula bi gobernu erreakzionarioren pean».

«Herri ikuspegi batetik begiratuta, Euskal Herri osoa eduki dezakegu bi gobernu erreakzionarioren pean».

ARNALDO OTEGI

EH Bilduko idazkari nagusia
Hori dela eta, EH Bilduko idazkari nagusiak argi adierazi du koalizioak bere esku dagoen guztia egingo duela hori hala ez izateko. Nola? Bada, ez soilik «botoen bidez», baita «borroka kulturalaren eta politikoaren bidez» ere, eta baita «masa borrokaren» bidez ere, halakorik beharko balitz. Izan ere, zera dago jokoan, Euskal Herrian «minoritarioak» direnen esku geratuko ote den funtsezko zenbait aldagairen kontrola: «Euskal herritarren bizitzaren eta nazio identitatearena, emakumeen eta gazteen interesena, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokarena edota etxebizitza eskuratzeko eskubidearena».

Helburu horiei begira ere balioko dute, hain justu, maiatzeko udal eta foru hauteskundeek. Hauteskunde horiei dagokienez, ordea, EH Bilduren «erronka» beste bat da: «oraindik eta indartsuagoa izatea», bai EAEn eta baita Nafarroan ere. Alegia, Hego Euskal Herriko erakundeetan lehen indar politikoa izateko «anbizioa» baduela berrestea eta, aldi berean, bere leku politikoa handitzea. Zertarako? «Ezberdinen arteko akordioak sustatzeko eta akordio horiek gehiengoaren interesak defendatzeko».

Nafarroan bereziki, erabakigarria izaten jarraitu nahi du EH Bilduk. Edo, zergatik ez, udaletan eta parlamentuan lehen indarra izatera heldu. Berriz PSNren gobernu bat babestuko lukeen edo gobernuan sartzeko asmorik duen galdetuta, ordea, ez du kasu hipotetikoez hitz egin nahi izan: «Nafarroan lehentasuna da bloke aurrerakoia gehiengoa izatea. Konbentzituta nago lortuko dugula», azpimarratu du. «Gure esku badago, UPNk ez du gobernatuko». Edonola ere, Otegik argi adierazi du Euskal Herrian «bloke antifaxista, feminista, sozialista eta subiranista» bat gidatzen jarraitu nahi duela.

Autogobernuaren aldeko «jauzia»
Eskuin muturrari aurre egiteaz gain, autogobernuan sakontzea da EH Bilduk ezarri duen beste lehentasunetako bat, hala EAEn nola Nafarroan. Autogobernuan «jauzi bat» eman behar dela nabarmendu du Otegik, eta ezberdinen arteko akordioen alde egin du, betiere oinarrizko printzipioak aintzat hartuta; Euskal Herria «nazio bat» dela, bertako erakundeek eskumen gehiago behar dituztela eta euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela. Elkarrizketak abian direla gogorarazi du, eta azpimarratu aukera ikusten duela Euskal Herriak «behar eta merezi dituen tresna politiko eta juridikoak» lortzeko.

Izan ere, Otegik azpimarratu du handiak direla Euskal Herriak aurrez aurre dituen erronkak, hala nola industria iraultza, teknologikoa, adimen artifiziala, migrazioa, demografia, gizartearen zahartzea… Eta horiei guztiei aurre egiteko tresna gehiago behar dituztela gobernuek. Tresna «burujabeak», alegia, «erabakiak hemen hartzeko eta politikak hemen zehazteko».

«Gure autogobernua defendatzea antifaxismoa egitea da. Ez bakarrik politika publiko ezberdinak egiteko, baizik eta Euskal Herrian beste motatako gizarte bat eraikitzeko», azpimarratu du. Hori dela eta, EH Bilduko idazkari nagusiak azaldu du lidergoa ezin dela kudeaketan soilik oinarritu. Haren hitzetan, lidergoak «etikoa, morala eta politikoa» izan behar du, eta alderdietatik harago joan behar da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)