Simon Fetet, Pirinio Atlantikoetako prefet berria, aitzinekoaren ildotik?
Abuztuaren 24an hartu zuen kargua Simon Fetetek, Pirinio Atlantikoetako prefet berriak. Migrazioa, euskal gatazkaren memoria eta euskara; horiexek Pirinio Atlantikoetako prefet berriak bulego gainean dauzkan hiru etxeko lan. Ikusteko dago ea Itsasuko besten karietara, bertako herritar talde batek inauguraturiko horma irudiarekin zer gertatuko den ondoko egun eta asteetan.
Gara, , 01-09-2026Pirinio Atlantikoetara iritsi aitzin, Administrazioko ardura postu anitzetatik iragan da ikasketak Ena eskolan egin zituen Simon Fetet goi funtzionarioa. Kontuen Ganberan jarduteaz gain, Deux-Sevres departamenduko prefeta ere izana da. Horrez gain, Frantziako Barne Ministerioaren barnean, Immigrazioaren eta Mugen zuzendaria izan zen hiru urtez, hurrenez hurren, Gerald Darmanin eta Bruno Retailleauren agindupean.
Departamenduan pil-pilean dauden gaiei eta zuzenki Ipar Euskal Herriari dagozkion auziei buruz mintzatu zen Simon Fetet abuztuaren 26an, Pauen emandako prentsaurrekoan. Hitzetik ekintzara iraganez, Itsasun Txomin Olharagaray Iparretarrak-eko (IK) kide zena gogoratuz egindako horma irudiaren aurka esku hartu du karguan eman dituen lehen egunetan.
MUGETAKO KONTROLAK
Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugako sei igarobide bisitatuz estreinatu zuen kargua prefet berriak. Berak duela zenbait urte pentsaturiko irizpide eta tresnak abian jartzeko orduan segurtasun indarrek erakutsitako profesionaltasuna nabarmendu zuen, Mediabask-ek jaso zuenez.
Ceutako (Estatu espainola), migrazio krisiaz geroztik, 350 dira departamenduko mugako igarobideetan kokatutako poliziak, jendarmeak, “Sentinelle” operazioko militarrak, CRSak eta aduanazainak.
Mugako kontrolak eztabaida iturri izan dira azken asteetan Hego Euskal Herrian. Izan ere, zenbait egunetan, 14 kilometrora arteko auto ilarak izan dira Biriatu eta Irun artean. Zenbait arduradun politikok Biriatuko ordainlekuko errei guziak zabalik ez egotea aipatu dute arazoen iturburu gisara. Prefetaren erranetan, ez legoke polizia kontrolei loturiko arazorik.
Gai horren harira, prefetak azaldu zuenez, «aldizkakoak, bideratuak, egokigarriak, erreaktiboak, eta zirkulazioa kondizio nahiko onetan egitea ahalbidetzen duten kontrolak» ezartzen dituzte; betiere Schengeneko muga-kodearen zuzentarauak betez.
ITSASUKO HORMA IRUDIA
Itsasun Txomin Olharagaray Iparretarrak (IK) erakundeko kide zenaren omenez egindako margolana ezabatzea galdegin dio prefetak bertako auzapezari eta jakinarazpena igorri dio Baionako prokuradoreari. «Aski ongi neurtzen dut, nire ustez, zer den politikari, historiari edo kulturari dagokiona, eta zer den, aitzitik, izaera penala hartu eta delitu bilaka daitekeena», adierazi zuen Simon Fetetek.
Justizia gaiekin jarraituz, aitzineko prefetak Sarako eta Baionako herriko etxeek euskara udalerriko hizkuntza ofizial gisa aitortzeko harturiko deliberoen aurka jarritako helegiteez galdeturik, «erabaki bera» hartuko lukeela uste duela erantzun zuen prefetak. Bada, bertze herriko etxe batzuek gisa bertsuko deliberoak onartuko balituzte, esku hartuko lukeela iragarri zuen.
Paueko prefeturan egondako aitzineko kargudunaren urratsei jarraituko die Simon Fetetek? Ikusteko dago ea Itsasuko besten karietara, bertako herritar talde batek inauguraturiko horma irudiarekin zer gertatuko den ondoko egun eta asteetan.
Euskara ofizialki arautzeko gaiari dagokionez, herri askok agertu dute hizkuntza aitortzeko borondatea. Itsasuk eta Hiriburuk, esaterako, jada bozkatu dute neurria eta ez diete helegiterik jarri. Haren sustapena aipagai izanen dute, adibidez, Baigorri, Donapaleu, Izura-Azme eta Uztaritzeko herriko kontseiluetan. Migrazioa, euskal gatazkaren memoria eta euskara; bulego gainean ditu hiru etxeko lan.
(Puede haber caducado)