«Euskara salbatuta dago, arazoa gu gara»

a. Barandiaran

Berria, 23-09-2006

a. Barandiaran

Ez da bilketa lan hutsa izan. Herriaren nortasunak, hizkuntzak eta kulturak zergatik iraun duten azaltzeko saioa ere bada liburua, Xamarrek dioenez. «Isolamendua, arrazoi geografikoak eta, hori gezurra da», azaldu du. «Etorkinen fenomenoa betikoa izan da, eta a zer – nolako uholdeak izan diren hemen, oraingoekin konparatuta! Eta beti momentuan momentura egokitu eta aurrera ateratzeko moduan izan gara. Betiere identitatea, kultura, onarria eta hizkuntza mantenduz. Hori da erakutsi nahi den teoria nagusia».

Azken elean hitz hauexekin azaldu du. «Hau guztia Euskal Herriaren / euskara jendearen bizitasunaren eta bizinahiaren seinale da, jatorrizko identitarearen / euskaldunatasunaren defentsa tinkoa eta egoera berrietarako moldagarritasuna uztartuz, era bakarra baita herri identitate atxikitzeko Historia osoan zehar, eta – segurki – , Herriaren iraupen harrigarriaren esplikazio bakarra».

Liburu honen jatorria non dago?

Dibulgazio liburua da. Gure haurren euskal curriculuma asko aipatzen da, baina jakin – min handia dago, eta ez dago material egokirik. Eta funtsezko interesa da, horrek motibatzen baikaitu aitzina egiteko, euskarari lotzeko… Hori ere elikatu behar da. Motibazioa – ezagutza – erabilpena, diogu. Ezagutza, hor nonbait; erabilpena, areago. Baina motibazioa, nola bultzatu, nola lortzen da? Geure burua ezagutzetik dator, etortzekotan. Hori da helburua. Kasu honetan, historia gaia hartuta.

Zer lotura du Orhipean liburuarekin?

Dena, funtsean gure kultura da. Eta kultura historiaren ondorioa ere bada. Kasu honetan, Orhipean liburuko parte bat, historia zena, hartu eta garatu egin dut, sakonago aztertu.

Bilketa lan handia dago, baina entziklopedia txikia terminoa ez zaizu gustatzen.

Ez, entziklopediak dena hartu eta biltzeko asmoa duelako. Honek ez. Ez nuen nahi ildoa galtzea. Entziklopediek dena aipatzen dutenez, batzuetan ez dakigu zuzen zertaz ari diren. Nik historia ildoa ez nuen galdu nahi. Jendeak atera dezala garbiki gure historia nolakoa izan den. Ildo nagusia, oinarria.

Euskal Herriari kontrapuntua da Euskara Jendea esamoldea. Zergatik?

Hiztuna nabarmendu nahi dudalako. Azken denboretan Euskal Herria hitza kasik galtzen ari da hizkuntza konnotazioa. Hori nabarmendu nahi nuen: ez, ez, Euskal Herria zerbait bada, euskara jendearen herria da. Hori behin eta berriz nabarmendu nahi nuen. Ez dut maite gaur egun hizkuntzaren inguruan dugun diskurtso nagusia. Gugandik aparte dagoen zerbait dela dirudi. Euskarari oldarteak, eskubideak azpimarratzen ditugu. Baina euskara salbatuta dago. Gramatika eta hiztegi batean, hizkuntza salbatuta dago. Arazoa gu gara, jendea. Euskara bizi bilakatzen baita gure baitan, eta ez bertze inon. Hori nabarmendu nahi nuen. Euskararen historia egin nahi izatea hiztunen historia egitea da, edo alderantziz. Hau da, hiztunen historia hizkuntzarena da. Hori nabarmentzeko pentsatu nuen behar zela halako titulu bat.

Herriaren historia hizkuntzaren bidez egitea ez da ohikoa. Beste adibiderik badago gure inguruan?

Ez. Baina normalizatuta dauden herrialdeetan, erran gabe doa zein den kultura eta hizkuntza. Ez dute dudarik ere. Gehiago dena, faltsuki. Historia azaltzen dute normalizazio hori betidanik eta betiko izan balitz bezala. Eta ez da hala. Gure definizioa hortik pasatzen da. Ez du zentzurik gure herriaren historia egitea gure hiztunen komunitatearena egin gabe. Ez bakarrik hizkuntzarena berarena, hizkuntza komunitatearena baizik.

Adituek diote, alabaina, hemen elebitasuna izan dela beti nagusi.

Kasu, hori gai sakona da. Hori ez da horrela. Gure aitatxik eta amatxik ez zekiten erdaraz, edo nekez. Mugan, bistan da elebitasuna izaten zela, eta hizkuntza trukaketa handiak. Baina elebitasuna izaten zen zenbait kasutan, zenbait gizarte esparrutan, administrazioarekin zuzenean harremana zutenekin eta. Horiek bazuten, baina hortik esatera gehiengoa elebiduna zela, hori ez da egia. Gauza bat baita elebitasun soziala, eta beste bat norberarena. Askotan nahasten dira biak.

Euskal Herriaren bizitasunaren eta bizinahiaren seinale da, zure ustez, herriaren iraupenaren azalpen bakarra. Eztabaidagarria da, hala ere, komunitatearen iraute borondate hori. Ez, beharbada, XX. mendetik aurrera, baina lehenago…

Kultur gisa eta herri identitate gisa, nahi hori begi – bistakoa da, bestela ez da ulertzen. Anomalia kulturala da Europan. Nola da posible bereziki erromatarren uholdea gainditzea? Ez da ulertzen. Egia da gure herriaren historia galtzaileen historia izan dela beti, beti borrokan mantentzeko, eta beti galtzen ari. Baina horri esker iraun dugu segur aski. Askok eztabaidatzen dutela? Horixe. Eta askok esaten dute Euskal Herria ez dela existitu.

Inoiz baino kontzientziazio handiagoa dago, baina, akaso, inoiz baino egoera larriagoan dago euskara?

Hori zure iritzia da, kontzientziazioa gero eta handiagoa dena. Nik dudak ditut. Litekeena da gero eta kontzientziatu gehiago izatea, baina neurri batean bakarrik. Benetan hala balitz, hori islatuko litzateke gizartean, eta gero eta zulo handiagoa dago ustezko kontzientzia horren eta egiaren artean. Egunerokoan ikusten dugu, eta Pako Aristik idatzi zuen lehengoan horri buruz. Esaten badugu ez dugula masa kritikorik euskal kultura mantentzeko, non dago kontzientziazio hori? Eskizofrenian bizi gara, erraten dugunaren eta egiten dugunaren artean. Hori gure identitate eta hizkuntzarekin lotuta, noski. Bestela, Irlanda bidea.

Eta Irlanda bidea ez litzateke Euskal Herria izango?

Bistan da. Hori Pais Vasco edo Pays Basque litzateke, baina ez Euskal Herria.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)