Etorkina
eKoGraFIaK
Berria, 22-09-2006ASIER SARASOLA
Anbulantzia sirena hotsak, kaira bildutakoen aurpegi halako begi bi, kazetarien kameren flashak, eta agian, ezagun egiten den zera bakarra segurtasun indarren uniformizazioa. Hizkuntza arrotzean Coca-cola eskatzeko lain hitz. Galleta batzuk eskertzeko buruaz egin keinu.
Marokon muga gordez herrazko hesia. Balak eta autobus leihatilak. Orain, Kanariar uharteak; orain Atlantikoa lehen Sahara bazen. Harea eta gatza ihesi doanaren egarriarentzat.
Agintarien itolarriak, euren arteko salaketa antzuen bidez estutzen du etorkinen aukeren lepoa. Mailaka antolatuko dituzte; kasta ezberdinaren arabera; europarrak eta hegoamerikar europarrenak, hegoamerikar indigenak, magrebdarrak eta beltzak. «La cosa esta»-ren amaiera eskatzen dute senatuan popularrek. Itzultzera behartzen dituztenen irudirik ez da eskaintzen gobernuaren aldetik.
Albistegietan erkideak ageri zaizkio. Tragedia doinuak, larritasun kopetak, indar polizialak. Oskolaren barrualdea sendotzen duen barraskiloaren antzera uzkurtuko den jendea ezagutzeke du, lanerakoan, alokatzerakoan.
Hesiz inguratuz babestu nahi dituzte herrialde garatuenek bertakoak. Askatasun indibiduala identifikazio sistema ezin hobea gertatu da. Ustiapenerako izan diren lurretan bizi-itxaropen luzeenak, ez du hemengo aurrejubilazioa lortzear den aitona gazte baten adina berdintzen. Ihes hesi gainetik egiteko aski.
Iritsia denak, etorkin izateko era anitz izan direla jakin ahal izango du. Orain hesiak paratzen dituzten horien amona kasu. Berri emaileei ia beti ahazten zaien auzia, hauxe, eta bertsuki, ez dute onartuko Europa zaharraren krisialdi ekonomikorik ere, europarren pobretze joeraren gaineko hitz bat ere ez.
ETBko albistegietan Gambia aldetik ekarritako erreportaje sortarekin ari zaizkio etorkinen inguruan. Lana estimagarriro burutuz gainera. Zoragarria dirudi Gambiak bere horretan. Zoragarria gambiarrentzat izan ezik. Aurrekoan ETB2n, Hotel Rwanda ikustekotan zen, baina bertako genozidioa, denbora gutxienean lagun gehien hil duena bezala aurkeztu eta gero, gogoak joan zitzaizkion. Kanarietako dozenaka zenbatze hori bezalakoa irizten dio. Arazoa ez dela datozenen kontua eramatea, arazoa kontatzean dagoela baizik.
(Puede haber caducado)