Ehunka lagunek protesta egin dute Donostian, erosketa orgak eskuan

Kaleko Afari Solidarioak egitasmoak deituta egin dute mobilizazioa. Kalerik kale ibili dira Parte Zaharrean, eta argi adierazi dute kalean bizi direnei ogitartekoak banatzea ez dela delitua.

Berria, Aitor Biain, 27-08-2026

Ehunka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Donostiako Parte Zaharrean, KAS Kaleko Afari Solidarioak egitasmoak egindako deiari erantzunez. Erosketa orgak eskuan, kalerik kale ibili dira pasieran, protesta gisara, salatzeko Donostiako Udaltzaingoa jazartzen ari zaiela herritarrei, kalean bizi direnei janaria emateagatik.

Uztailaren 28an kalean bizi direnei janari banatzea debekatu zion Donostiako Udalak KASeko boluntarioei. Harrezkero, erosketa orgak hartu eta kalean paseatuz banatzen dizkiete ogitartekoak, eta azkeneko asteetan udaltzainek maiz identifikatu dituzte horretan ari ziren boluntarioak, eta erosketa orgak arakatu dizkiete. Aurreko ostiralean, lau lagun identifikatu zituzten beren ikasleei jana eskaintzeagatik —hizkuntza ere erakusten baitiete kalean bizi direnei—, eta aste honetan ere salaketa errepikatu dute: udaltzainen hiru patruilak blokeatu ditu janaria banatzen ari ziren lagun batzuk, Kristinaenea parkean, eta argazkiak ateratzea ere debekatu diete.

Egoera «zentzugabea» da, KASen arabera, eta gero eta zailagoa da udalaren jarrera ulertzea. «Erosketa orgatxo bat eramateak susmagarri egiten zaitu», gaitzetsi dute. Hori dela eta, identifikatutako boluntarioei elkartasuna adierazteaz gain, mezu argia zabaldu nahi izan dute gaur, erosketa orgak salaketa tresnatzat hartuta: ogitartekoak banatzea ez da delitua, ez eta inori jazartzeko arrazoia ere.

Dozenaka lagun elkartu dira Parte Zaharrean, beraz, 19:30ean. Hara eta hona ibili dira erosketa orgekin, talde txikietan, eta 20:00ak aldera Plaza Berrian elkartu dira guztiak. Han ohartarazi dute gose denari janaria emateak ezin duela jazartzeko arrazoia izan, eta adierazi dute ez dutela amore emango eta afariak banatuko dituztela aurrerantzean ere.

«Afaltzea ez da delitua» eta gisako oihuak ere egin dituzte bertan. Orgak zerura altxatuta bukatu dute protesta, eta, ondoren, plazaren erdian eseri dira, eta ogitartekoak janez amaitu dute mobilizazioa. EH Bilduko eta Elkarrekin-eko zinegotzien babesa jaso dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)