MAMUAK

Diario Vasco, 22-09-2006

Zinemaldiko lehen eguna, goizeko hamarrak bost gutxi. Hamaiketan hasten da filma eta sei pertsona daude jada ilaran. Haien larruan jartzen naiz: inor baino lehenago Kursaalera sartu eta ehunka leku libre topatzean, ez ote dute halako duda – muda atake bat izanen? Ez ote dute, behin eseri direnean, okerreko eserlekuan jarri direneko usterik?

Hamaikak bost gutxi. Hastera doa filma eta arratsaldean omen datorren hurakanaz mintzo da jendea. Egun txarra gaur, gona janzteko: kameralariak zain daude, norbere ehiza postuan, faldus marylinux baten atezuan. Eserlekua gorde dioten kazetari argentinarra berandu heldu da eta ez da bere lagunekin eseri. «Lekua gorde eta aurreko ilaran esertzea ere, esker txarreko hori!», leporatu dio emakume helduak. Gizonkoteak: «Zure ondoan jarriz gero ez dakit ilunpean tentazioari eutsi ahal izango niokeen» (tonua zer den: doinu argentinarrarekin esanda asko irabazten du).

Hasi da filma. Ghosts. Despistaturen bat ere bada tartean: «Ikusita daukat, Patrick Swayze ateratzen da, ezta?». Inglaterran bizitza latza daramaten paperik gabeko etorkin txinatarrak protagonista. Hasieratik antizipatzen da tragedia. Baina aurrez egunkariko argazkian bizirik ikusi dituzu aktoreak, horregatik zaude lasai: jendaurrean malkoei eusteko kontrol – mental ariketa bat da aktoreak bizirik daudela jakitea. Itxura gordetzea komeni da. «Eguraldi txarra dago. Hobe: giro txarra denean mamuak ez dira atera – tzen». Mamuei buruzko film bat, pentsatu duzu hasieran. Baina ez dago hain garbi mamuen kontua. Funtzionari ingelesei ere mamu esaten diete. Eta poliziei. Ingeles oro da mamu etorkin txinatarren begietan.

Horra paradoxa: paperik gabeko mamuak mamu dei – tzen dio ingeles petoari, bere existentzia indartzeko. Auto – afirmazio modu bat?

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)