Israelgo armadak onartu du Hind Rajab adingabearen autoaren aurka egin zuela, duela bi urte

2024ko urtarrilean Hind Rajab eta haren familiaren autoaren aurka egin zuen Israelgo armadak. Bi urte beranduago, onartu egin dute eraso hori egin izana, nahiz eta hainbat informazio ezkutatu. Lehen aldia da ikerketa baten harira bere gain hartzen duela eraso bat, beste lauekin batera.

Gara, Aingeru Odriozola, 19-08-2026

Orain dela urtebete estreinatu zen ‘The Voice of Hind Rajab’, Israelgo armadak 2024an eraso batean hil zuen Hind Rajab adingabearen agonia kontatzen duen filma. Munduko zinema jaialdi nagusietan, baita Donostiako Zinemaldian ere.

Bada, bi urte beranduago, asteazken honetan, Israelgo armadak bere gain hartu du Hind Rajab adingabearen eta haren familiaren aurkako erasoa. Hain justu, 2024ko urtarrilean hil zituzten, eta orain iragarri dute ikerketa penal bati ekin diotela, Israelgo militarrek biktimen autoaren eta bertaratu zen anbulantziaren aurka tirokatzeagatik.

«Ikerketaren ondorioek diote Israelgo Defentsa Indarrek haiengana gerturatzen ari zen ibilgailu baten aurka egin zutela», adierazi du armadak ohar batean.

Hind Rajaben autoaren aurka tiro egin zutela onartu duten arren, azpimarratu dute haurrak auzokideei luzatutako agindua urratu zuela. Lehen erasoan bost pertsona hil ziren, baina Hind eta Layan Hamada haren 15 urteko lehengusua ez.

Bi haurrek sorospen zerbitzuekin izan zuten dei baten ostean, mugimendua koordinatu ahal izan zuen Palestinako Ilargi Gorriaren anbulantzia batek. Halako batean, Hinden ahotsa besterik ez zuten entzuten telefonoaren beste aldean zeuden medikuek, lehengusua tirokatu baitzuten bigarren erasoaldi batean. Txostenak, ordea, ez du hori azaltzen.

Hinden familiaren autoa

Ilargi Gorriaren anbulantzia iritsi bezain pronto, misil batek ibilgailuaren aurka egin eta bi paramediku hil zituen. Nahiz eta Armadak ez onartu esplizituki bonbardaketa hori, jasotzen du ibilgailuaren aurkako tiroketarekin batera ikerketa penala irekitzeko irizpide bat izan dela.

Epaileak 150 ikerketa mahai gainean izan arren, lehen aldia da horien gaineko erabaki bat hartu duena eta, ikerketa batean oinarrituta, onartzen duela Armadak eraso bat egin izana. Besteak beste, orain arte ez zioten tropak erasoaren gunean egon zirenik, ezta ere Hinden familiaren autoa izan zela tirokatua.

Israelgo Estatukideen Batzar Nagusiaren Ikerketa eta Ebaluazio Mekanismoaren (FFAM) azken ikerketaren harira, txostenean azaldu dute Fiskaltza Militarrak agindu zuela ikerketa penal bat irekitzea. Azkenean, Polizia Militarraren Ikerketa Kriminaleko Dibisioaren esku geratu zen ikerketa.

Azalpenak soilik Hind Rajab haurraren eta nazioartean ezagunak egin diren beste lau erasoren inguruan eman dituzte; tartean, World Central Kitchen GKEaren aurkako erasoarena, 2024ko apirilean. Zazpi langile hil ziren orduan. Txostenak dio Fiskaltzak berak erabaki zuela kasu hori ez ikertzea ezta neurri gehiago hartzea ere.

Armadak kargutik kendu

Eraso horiez gain, Fiskaltzak beste ikerketa bat irekitzea erabaki du iazko martxoan tropek hainbat anbulantzien, suhiltzaileen kamioi baten eta NBEko auto baten aurka egin zutelako, Tal al Sultan Gaza hegoaldean.

Lehenik, tropek «ongi argiztatuta eta identifikatuta» zeuden Ilargi Gorriaren bost anbulantzien aurka egin zuten. Hamabost minutu beranduago, lehen biktimak artatzeko suhiltzaileen kamioiaren eta anbulantziaren aurka egin zuten baita ere.

Azken ibilgailua iritsi zenean, UNRWA elkartearena hori, berriz su eman zuten. Guztira, 15 pertsona hil ziren, denak paramediku eta sorosleak. Israelgo Armadaren hitzetan, horietako sei Hamasen parte ziren.

Hori horrela izanik, Armadak kargutik kendu zuen Golani Brigadako Errekonozimendu komandanteordea (infanteria talde ezagun bat).

«Gertakarian egindako tiroek delituzko jokabidearen arrazoizko susmoa pizten dutela egiaztatu ondoren, Polizia Militarrak gertakariari buruzko ikerketa penala hastea erabaki da», jasotzen du komunikatuak.

Armadaren txostenak, halaber, tropek Mugarik Gabeko Medikuei egindako bi eraso ebaluatzen ditu: bata, 2024an Jan Yunisen zuten egoitzetako baten aurka egindakoa, non bertako bi langile hil ziren; eta bestea, 2023ko azaroan Gaza hirian egindako konboietako baten aurka egindakoa.

Kasu bakar batean ere ez zen ikerketa penalik abiatu, nahiz eta «heriotza tragikoak» edo tropek behar bezalako informaziorik gabe egindako ekintza aitortu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)