Afari solidarioak
Gara, , 17-08-2026Donostiako Udalak debekatu ditu Plaza Berrian, udaletxe zaharraren arkupeetan, borondate oneko herritar batzuek egunero eskaintzen zituzten afari solidarioak. Hiru arrazoi nagusi omen daude erabakiaren oinarrian: «gune publikoen erabileraren arazoak, osasun publikoa eta kaleetako segurtasuna». Nonbait udal zerbitzuen hainbat txosten ondorio horretara iritsi dira: afari solidarioak kontu horietan arrisku bihurtu dira eta erabakia azkar batean hartu da.
Deigarri gertatu da noiz, non eta nola gure Udalak erabaki irmo eta azkarrak hartzen dituen. Arrazoi horiek beste jardueretan ere pilatzen dira eta gure udal ordezkariek urteak daramatzate ezikusiarena egiten. Nik bereziki ezagutzen ditut gure auzoko kaleetan jaun eta jabe diren ostalaritzako hainbaten kontuak. Baina izango dira gehiago besteetan. Esaterako, afariak antolatzen ziren plaza eta arkupe horiexek, monumentu historiko izan arren, egunero erabiltzen dituzte edarien almazena izateko ostalaritzako banatzaileek. Esaterako, biztanleen kriterioen aurka araututako ordenantza batean, bestela ere oso beteta dauden kaleen “okupazioa” baimendu zen mahaitxo eta trasteekin oso kriterio zabalez, eta arau horiek konplitzen ote diren apenas begiratzen den. Esaterako, musika eta zaraten “inbasioari” ordenantza barregarria jarri arren, Donostia osoan ez da begiratu ere egiten betetzen den edo ez (motorren kontuak aparteko omenaldia behar du). Eta Udalak berak antolatzen dituen ekitaldietan ez da errespetatzen.
Alkateak elkarrizketa eman du prentsan eta, tonu lasaiaz, adierazi du zergatik izan den. Ez, ordea, beste kasuetan zergatik ez den erabakirik hartzen. Esaterako, Santa Maria basilikaren harmailak zergatik bihurtu diren ondoko tabernen terrazak (sare sozialetan oso famatuak). Han geratzen diren edalontzi eta platerak istripu hainbat sortu dituzte, neronek izan nuen bat, eta jarraituko dute sortzen. Hori ez omen da segurtasuna. Esaterako, zergatik ez zaion bilatzen irtenbide egokirik zaborren pilaketa eta bilketari. Zergatik Aldamar kalea edo Sarriegi plaza nazkagarri izaten diren, osasun publikoa arriskuan jartzen (eskerrak anbulatorioa ondoan dagoen), zabor edukiontzi guztiak mukuru (ez da zaila asmatzen nortzuk ez dituzten horietan arauak errespetatzen). Zergatik beira bilketaren ordutegia praktikan zabaldu den, zergatik erabiltzen den orain kamioi txikiagoa, zeinak kristal pusketez betetzen dituen kaleak eta kalteak sortzen (sandaliak erabiltzen dituzten hainbatek izan dituzte ebakiak oinetan).
Hala ere, hori dena ez da, nire ustez, larriena. Borondate onez, hainbat hiritarrek denbora luzez euren lana eta dirua eskaini dute gizartean dagoen arazo bati irtenbidea ematen. Kalean zereginik, zer janik, non lo eginik ez duten pertsona ugariei, ahal zuten neurrian, laguntza ematen zieten eta ziplo moztu zaie egiteko aukera. Ez zituzten ziur aski erarik egokienak egiteko. Ez zuten bitartekorik, noski; bai, ordea, gogoa.
Autoritateak erakutsi dio boterea duela. Ez du, ordea, agertu gaitasunik edozein gizartetan balio onenak ordezkatzen dituzten herritarrekin, aurretik hitz egiteko eta erdibideak bilatzeko. Horixe zerbitzu sozialak jardun behar dutela kontu horiez. Baina, nonbait, ez ziren behar bezainbeste arduratzen. Eta norabide onenaren bila gindoazen bitartean, ez al zen egoki pixkana, era adostuan, ibiltzea? Segurtasun handiagoa jarri zitekeen, kontrola ere antola zitekeen, dirutan ere lagun zitekeen… era berria bilatzen zen bitartean. Baina efektu kolpea handiagoa izan da horrela.
Alkateak esan du ez dela erabakia hartu arrazoi elektoralistak tarteko. Kosta egiten da sinestea, areago Eusko Jaurlaritzako erabaki eta adierazpen batzuekin parekatzen bada. Demokrazia deitzen den antolaketa honetan, edozer egin nahi duenak, asmorik onenez izan arren, boterea eskuratu behar du. Eta, horretarako, diskurtso salgarria komeni. Bestela ezer egin ezinik geratzen da. Baina boterea duen edo eskuratu nahi duenak ere, badu eginkizun nagusia: bere munduaren ikuskera aldarrikatzea eta zabaltzea. Inork egin dezake egoeraren irakurketa hau: ultraeskuina botoen eremua jaten ari zaigu gorrotoaren berbaldiarekin eta zerbait egin behar. Jakina da, antzinatik, gorrotoa zabaltzea gasolinarekin sua piztea baino errazagoa dela. Horregatik, bide horretan beti irabaziko dute gorrotatzaileek. Kontrakoan, aldiz, indar guztiak bildu behar ditugu eta sustrai sakonetan bermatu.
Gorrotoa aise sartzen da bihotzetan. Harreman sozialetan maitasuna zabaltzearen profesionala izan behar zuen Javier Aizpunek, Iruñea ondoko Uharte herriko erretoreak, hitz su-eragileak bota ditu sareetan, bere ustez, Ceutan gertatu den “inbasioaren” inguruan, Alvarez entziklopedia frankista zaharra irakurtzearen ondorioz. Elizak ez al dio espedienterik ireki behar? Edo klausurako monasterio batera bidali? Eliztar batzuek diote iritzi berekoak direla. Ez dakit ze ebanjelio irakurtzen duten. San Bihotz-bakorena izango da.
(Puede haber caducado)