Berrehun bat migratzailek protesta egin dute Ceutan, asiloa eskatzeko
Mezu aldarrikatzailedun kartelak izan dituzte eskuetan, eta baita zenbait Espainiako bandera ere. Ehunka migrantek jada bi aste daramate zer gertatuko zaien jakiteko zain.
Berria, , 16-08-2026Behin-behineko egoeran bizi diren berrehun bat migratzaile Ceutako El Trampolin hondartzan elkartu dira gaur, Espainiari asiloa eskatzeko. Eguerdian izan da, Gurutze Gorria bazkaria banatzen ari zenean. Lurrean eseri dira, eta «¡asilo!» (asiloa, euskaraz) oihukatu dute denek batera. Magrebetik joandako migratzaileek ez dute jan nahi izan, protesta modura, adierazteko ez dutela Marokora itzuli nahi —Saharaz hegoaldeko migratzaileek jan dute Gurutze Gorriak emandako janaria—. Mezu aldarrikatzailedun kartelak izan dituzte eskuetan, eta baita zenbait Espainiako bandera ere. Inguruan zegoen jendea batu zaie.
Inguruan lanean ari diren GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeetako kideek lagundu diete kartelak sortzen, eta haiek animatu dituzte protesta egitera. Aldarrikatu dute entzunak izan nahi dutela, eta asiloa eskatu nahi dutela Espainian. Azken egunetan eraiki dituzten dozenaka txabolen artean egin dute protesta, hirian eraiki duten bilgunerik handienean. Ez dute deialdi ofizialik egin.
Izan ere, itsasertzean daramate bi aste ehunka migrantek, zain. Beraiekin zer gertatuko den zain. Gutxienez 4.000 migrante adingabe daude Ceutan. Haietako askok bi aste baino gehiago daramatzate gauak kalean pasatzen, eta administrazioak apenas eman duen adingabeak erregistratzen hasteko pausorik.
Bihar Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Gobernu bilera egingo du zenbait ministrorekin, hain zuzen, Ceutako migratzaileekin zer egin erabakitzeko. Elma Saiz Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantzako eta Migrazioko ministroa ere Ceutan izango da bihar, hango arreta humanitarioaren berri izateko eta Juan Jesus Vivas Ceutako presidentearekin biltzeko.
(Puede haber caducado)