Ricardo Alves Jr.-en lana lehen aldiz, Horizontes Latinosen
Ricardo Alves Jr.-en “A Professora de Francês” filmaren mundu-estreinaldia iragarri da Horizontes Latinos sailean. Valentina Maurel, Juan Miguel Gelacio eta Esteban Hoyos Garcia, Lorenzo Ferro eta Lucas A. Vignale, Alessandra Sanguinetti, Dominga Sotomayor eta Bruno Santamaria Razoren parte hartzea ere izango da Donostiako Zinemaldian.
Gara, , 11-08-2026Horizontes Latinos sailak hamabi lan izango ditu. Hala iragarri zuen atzo Donostiako Zinemaldiak. “Siempre soy tu animal materno / Forever Your Maternal Animal”, Valentina Maurelen (San Jose, 1988) bigarren filmak, emakume gazte baten istorioa kontatzen du: Europatik Costa Ricara itzuli eta, etxera iristean, ikusiko du familia zeharo bananduta dagoela. Marina De Tavira, Daniela Marin Navarro eta Mariangel Villegas antzezleek emakumezko aktore onenaren saria eskuratu zuten Cannesko Un Certain Regard atalean.
“A Professora de Francês / The French Teacher” filmaren Ricardo Alves Jr. zinemagilearen (Belo Horizonte, 1982) fikziozko laugarren film luzea mundu-estreinaldia hartuko du Horizontes Latinosek. Zuzendari, gidoigile, ekoizle eta antzerki zuzendari brasildarrak zinema esperimentalaren, fikzioaren eta ez-fikzioaren artean egin du bere ibilbidea, eta thriller psikologiko bat aurkeztuko du oraingo honetan: aita gaixotu ondoren, emakume bat etxera itzuliko da; kongregazio erlijioso batek harrera egingo dio eta protagonistaren identitatea eta zentzutasuna kolokan geratuko dira.
Juan Miguel Gelacio (Bogota, 1995) eta Esteban Hoyos Garcia (Bogota, 1995) kolonbiarrek osatutako bikotea Donostiara itzuliko da zuzendutako azken lanarekin: “Cinco años, cuatro meses / Five Years, Four Months”. Karlovy Varyn estreinatutako filmak emakume baten istorioa kontatzen du: Kolonbiako gatazka armatuan desagertu zitzaion semea, eta hura aurkitzeko zurrumurru ilun baten arrastoari jarraituko dio.
“El tren fluvial / The River Train” pelikulak 9 urteko malambo-dantzari baten ametsa kontatzen digu: trenez bidaiatu eta Buenos Aires ezagutu nahi du mutikoak. Filma Lorenzo Ferrok (Buenos Aires, 1998) eta duela gutxi hildako Lucas A. Vignalek (Buenos Aires, 1997-2026) zuzendua Berlinaleko Perspectives ataletik igaro da.
Alessandra Sanguinetti argazkilari entzutetsuak (New York, 1968), zuzendu duen lehen film luzea, “La ilusión de un verano sin fin / The Illusion of an Everlasting Summer”, eskainiko du, Locarnoko zinema-jaialdiko Cineasti del Presente atalean aurkeztutako ez-fikziozko lana.
25 URTEKO FILMAKETA
Pelikula 25 urtean zehar filmatu da, eta Guille eta Belinda lehengusinen istorioa kontatzen du: Argentinako panpan bizi dira protagonistak, eta haurtzaroko fantasiatik eta nerabezaroko nahietatik amatasunaren erronketara nola igarotzen diren erakusten du obrak.
2025ean Horizontes Latinos sailari “Limpia” filmaren mundu-estreinaldiarekin hasiera eman ondoren, Dominga Sotomayor txiletarra (Santiago, 1985) Zinemaldira itzuliko da “La Perra” erakustera. Filmak Palm Dog sari bat jaso du Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean. Pilar Quintanaren izen bereko eleberriaren egokitzapen librea da: izan ez zen amatasun batengatiko dolu intimoa jorratzen du, zeinaren zauriak berriro irekitzen diren abandonatutako txakurkume bat agertzen denean.
Bruno Santamaria Razo (Mexiko Hiria, 1986) argazki zuzendari eta ez-fikziozko film luzeen egileak fikzioari ekin dio oraingoan “Seis meses en el edificio rosa con azul / Six Months In a Pink & Blue Building” obrarekin. Filma 1990eko hamarkadan dago girotuta, Mexikon, eta 11 urteko haur bat du protagonista nagusi, lagunik onenak desioa pizten diola deskubrituko duena, GIBa detektatu dioten aitaren kondizio berriari aurre egin bitartean.
Film horiez gain, Estatu espainiarraren koprodukzio batzuk jada iragarriak ere bilduko ditu sailak: Diego Lunaren “Ceniza en la boca / Ashes”, Fernanda Tovarren “Chicas tristes / Sad Girlz”, Manuela Martelliren “El deshielo / The Meltdown”, Fernando Eimbckeren “Moscas / Flies” eta Marcelo Martinessiren “Narciso”, hain zuzen ere.
(Puede haber caducado)