Aldundiek zuzeneko informazioa nahi dute adingabeak hartu edo ez erabakitzeko

Kanarietako benetako egoera ezagutuko dute erabakia asteazkenean hartu aurretik

Berria, 22-09-2006

erredakzioa

Bilbo

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru agintariek eurek joko dute datorren asteartean Madrilera (Espainia), bertan haurrez arduratzen diren erakundeetako ordezkariek egitekoa duten batzarrera. Bileran Kanariar Uharteetara (Espainia) bakarrik heldutako adingabe atzerritarrekin erabaki beharrekoak egitura horretan hartzea eskatuko dute Gipuzkoako ordezkariek. Hor entzundakoaren arabera, foru agintariek hurrengo egunean, hilaren 27an, erabakiko dute adingaberik hartuko duten edo ez.

Egun horretan dute hitzordua EAEko Gizarte Gaietako Lurralde arteko Kontseiluan, eta hura amaitutakoan jakinaraziko dute aldundietako ordezkariek zein erabaki hartu duten.

Guztira 500 bat ume dauzkate Kanarietan. Espainiako agintariek astelehenean erabaki zuten adingabe horiek guztiak gainerako lurraldeen artean banatzea. Sakoneko erabakia deitu dutena Immigrazio Politiken Batzorde Gorenean hartu zuten.

Bertan izan zen Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako sailburua. Hurrengoan, baina, aldundietako ordezkariak izango dira Madrilen, eurenak direlako adingabeen gaineko ardura eta eskuduntzak.

BILERA GASTEIZEN. Javier Madrazo hiru probintzietan gizarte gaiak kudeatzen dituzten diputatuekin batu zen atzo eguerdian, asteleheneko erabakiaren berri eman, eta horrek haiengan zelako eragina izan zezakeen elkarrekin aztertzeko.

Bileran informazioa jaso besterik ez zuten egin alde biek. Jaurlaritzak hori bai, atzera egin, eta auziko eskumenak aldundienak direnez, haien esku utzi zuen, ez bakarrik erabakia, baita aurrerantzean Espainiako agintariekin izan beharreko harremanak ere.

Madrazok asteleheneko bileran jazotakoak eta erabakitakoa jakinarazi zizkien foru ordezkariei. Hauek, euren aldetik, adingabe atzerritarrak hartzeko dituzten zerbitzuen egoera zertan den argitu zioten sailburuari. Argi utzi zioten hiru diputazioetako ordezkariek zerbitzuok gainezkoa dauzkatela une honetan.

Alde biak asteazkenean batuko dira berriro, EAEko Gizarte Gaietako Lurralde arteko Kontseiluan. Bertan, Jaurlaritza eta hiru aldundietako ordezkariekin batera, udalerrietako agintariak izango dira, Eudel Euskal Udalen Elkartearen bidez.

Kanarietan diren adingabe atzerritarren auziak tirabirak eragin ditu egunotan Jaurlaritzaren eta foru agintarien artean. Arabakoak, esaterako, berba gogorrak izan ditu Madrazoren kontra, Madrileko bilerara joan aurretik ez zuelako eurekin hitzartu Immigrazio Politiken Batzorde Gorenean esan beharrekoa.

Arabako Foru Aldundiak argi utzi dio sailburuari eurek ez daukatela bitarteko nahikorik ezohiko egoerei edo adingabe atzerritarren aparteko etorriei egoki erantzuteko. Gogoratu dutenez, Gasteizko Gurutzeko Gorriko egoitzan dozena bat ume dauzkate azken hiru urteetan bizitzen, batere egokiak ez diren baldintzetan.

Gipuzkoako Giza Eskubideen foru sailekoek ohartarazi dute, euren aldetik, herrialde horretan ostatutan sartu behar izan dituztela umeak erakundeen aterpetxean lekurik ez zegoelako haientzat. Horregatik esan zuten, ezer erabaki aurretik, Madrazok Madrilen zer agindu zuen jakin nahi zutela.

 

ZerBITzuaK

Araba. Aldundiak badu hiriburuan zentro bat bere ardurapean dituen adingabeei aterpe emateko. Horrez gainera, lekua du haientzat hirian bertan hainbat etxebizitza eta aterpetxetan. Guztira 87 adingabe ditu gaur egun, eta horietatik 21 dira atzerritarrak.

Bizkaia. Gizartekintza Sailaren ardurapean, guztira, 238 adingabe atzerritar daude une honetan. Zentro bi egokitu dituzte, Loiun eta Zornotzan, herrialdera heltzen diren adingabe atzerritarrak hartzeko. Bakoitzaren bizitza plana zehaztu ondoren, hiriburuan eta inguruko herrietan dauzkaten etxeetan banatzen dituzte.

Gipuzkoa. Aldundiak zentro bana dauka Tolosa eta Urnietan, heldutako adingabeak hartzeko. Gaur 27 gaztetxe dauzkate bertan. Beste 70 adingabe herrialdean banatutako ohiko zentroetan edo ostatuetan dauzkate.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)