Doku-fikzioaren mugak

Berria, 22-09-2006

Zinema baino askoz ere zaharragoa da errealitate eta fikzioaren arteko borroka, adierazpide artistiko orok ezagutu dute galdera bera: lortzerik al dago inguratzen gaituen mundua eta sortzailearen irudimenaren arteko oreka? Arteak bidegabekeriak salatu behar ditu ala beste batzuen funtzioa da hori? Galdera sorta amaiezina da eta norberak emandako erantzunak eta hartutako jarrerak infinituraino luzatu dute eztabaida.

Eta gaur egun pil – pilean segitzen du. Azken urteotan dokumental zinematografikoa enegarren urrezko aroa nozitzen ari da eta azpigenero gutxietsia izatetik kultureta gehienen genero kutuna izatera pasatu da. Baita zinemaldiena ere. Ez da kasualitate hutsa: norabiderik gabe ari da kulunka gure mundua eta iparrorratza galdu zuen aspaldian zinemagintza garaikideak, hortaz egoera horren berri emateko bide aproposena dirudi dokumentalak.

Egile ezaguna da Nick Broomfield; Michael Mooreren egoa ospetsu bihurtu aurretik, ibilia zen han – hemenka haren teknika bertsuak erabiltzen: zuzendari – narratzailea protagonista bihurtuta, gai arantzatsuetan murgildu eta horien interpretazio subjektibo samarra egin.Ghosts – en, ordea, dokumental peto – petoa alde batera utzi eta istorio dramatiko bat kontatzen saiatu da. Baina saioa erdibidean geratu zaio. Dokumentalaren baliabideak antzematen ahal dira nonahi, dramatismoaren kaltean.

Hasieratik beretik benetako gertaera bat dela esanen zaio ikusleari: duela bi urte 23 etorkin txinatar hil ziren Ingalaterrako kostaldean, itsaskiak biltzen ari zirenean. Txinan semea utzi behar izan duen Ai Quin etorkinaren gorabeherak dira ardatz nagusia. Sorterria utzi eta Ingalaterran saiatzea erabakiko du ama gazteak, baina amestutako paradisura ailegatzeko bidaia luzea egin beharko du. Lehen ordu laurden horretan zalantza sortuko da: ez al dira bobinaz okertu eta Michael Winterbottomen In this world jarri? Parekotasunak, susmagarriak.

Hortik aurrera, legez kanpo bizi diren txinatarren egunerokoa kontatzeari lotzen zaio Broomfield: herrikide baten eskutik onartu beharreko esklabotza berria, lan merkatuaren ustela, europarren ezinikusia… Bizitoki berria furgoneta, etxe edo lantegien kristalen atzetik baino ez dute ezagutuko. Zinez eguneroko triste eta gordina, dokumental baterako lehengai oso aproposa.

Baina Ghosts ez da dokumentala, beste zerbait izan nahi du eta nahikeria horretan agerian gelditzen dira pelikularen hutsuneak, zinematografikoki deus berririk ekartzen ez duelako. Pertsonaiak nahiko lauak dira – – salbuespena nagusi txinatarra da, hainbatetan irrigarri samar agertzen dena – – , haien herrimina nahiko modu oinarrizkoan dago islatuta eta egoera asko topiko samar gertatzen dira – – furgonetaren matxura, esaterako – – . Dramaz mozorrotuta agertu nahi izan du Broomfieldek oso dokumental ona izaten ahal zena, baina argi gelditu da berezko eremua zein duen.

Hutsuneak hutsune, merezi duen pelikula da, bereziki gure barnean argi gorrixka bat pizten ahal duelako. Gu – – idazten duen neronek, irakurtzen duen zerorrek – – kristalaren beste aldean gaude eta, Gaur egun asko ikusita ere, nekez ulertzen ahal dugu ordu txikitan legez kanpo itsaskietan aritzea edo patera batek hondoa jotzea zer den.

Zuzendaria: Nick Broomfield. Gidoilariak: Nick Broomfield, Jez Lewis. Aktoreak: Ai Qin lin, Zhan yu, Zhe Wei, Man Qin Wei. Iraupena: 96 minutu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)