«Esklabotza modernoari» buruzko filmak zabaldu du lehiaketa

Nick Broomfield zuzendari britainiarrak Txinako etorkinen errealitatea eta fikzioa batu ditu 'Ghosts'-en

Berria, 22-09-2006

JON ESKISABEL

Donostia

2004ko otsailean legez kanpoko 23 etorkin txinatar hil ziren Morecambe badian (Ingalaterra), gauez itsaskiak biltzen ari zirela. Itsasoak eraman zituen. Gertakizun horrek bultzatu zituen Nick Broomfield zuzendaria eta Jez Lewis ekoizlea «esklabotza modernoari buruzko filma» egitera. «Mendebaldean gero eta aberatsagoak gara, eta gure gizartea gero eta zaharragoa da. Hortaz, etorkin legal eta ilegalekin dugun menpekotasuna gero eta handiagoa da, eta gure bizi – kalitatea haien eskulanaren menpe dago», adierazi zuen Broomfieldek Ghosts filmaren jendaurreko aurkezpenean.

Dokumentalaren generoan aritutako zuzendaria da Broomfield, baina oraingoan beste modu bat bilatu du istorioa kontatzeko, «errealitatearen eta zinemako narrazioaren arteko batuketa». Errealitatearekiko atxikimendua aktoreen hautaketatik hasi zen. Denak etorkin ilegalak dira. Ai Qin Lin Londresko eliza batean aurkitu zuten. Familia eta semea Txinan utzita, zortzi urte zeramatzan Ingalaterran paperik gabe lanean. Filmak bere esperientzia kontatzen du. «Nire familiari eta semeari aurrera ateratzen lagundu nahi nielako joan nintzen, baina Ingalaterran atsekabetuta bizi nintzen, nire semeaz eta familiaz gogoratzen nintzen bakoitzean negar egiten nuen, baina ezin nuen Txinara itzuli. Bizi izandakoa berriz jokatu behar izan nuen filmean, eta horrek asko lagundu zuen emozioak benetakoak izaten». Txinatik Ingalaterrara joaten diren etorkin gehienak ez dira jaioterrira itzultzen, baina Lin salbuespena izan zen. Filmeko ekoizleak egindako gestioei esker itzuli zen etxera, eta une hori jaso du pelikulak. Filma «ahalik eta errealena» izatea nahi zuen zuzendariak: «etorkinak filmean agertzen ziren etxean bizi ziren, lanera joateko erabiltzen zuten furgoneta hori bera zen, etxe barruko harremana oso estua zen… Big brother moduko bat zen».

SUPERMERKATUEN AURKA. Immigrazioaren gaia berez «oso larria eta konplexua» bada ere, Erresuma Batura joaten diren txinatarren egoera are korapilatsuagoa dela esan zuen Jez Lewisek. «Ezinezkoa da inor aberriratzea Txinara, jatorrizko paperak desagertu badira. Hori ez da beste herrietan gertatzen. Bestetik, Txinako eta Erresuma Batuko gobernuen arteko harreman labainkorrak ez du laguntzen arazoari erantzuna ematen».

Etorkinen esklabotza lanaz baliatzen diren supermerkatu kateen izenak aipatzen ditu filmak. «Supermerkatu kateen aurka jo nahi genuen. Arazoak supermerkatu kateei eragiten ez dien bitartean, ez da konponbiderik izango. Eta kontsumitzaileak ere inplikatu behar dira, konturatu behar dira sagarren kalitatea ez dela garrantzia duen bakarra, sagar horiek bildu dituen eskulanaren erabilera egokia ere bermatu behar dela».

Biktimen senideek ez dute inongo diru laguntzarik jaso, eta Londresko gobernuak ez du auziarekin ezer jakin nahi izan. Hortaz, filmaren arduradunek diru bilketa abiatu dute webgune batean (www.ghosts.uk.com), familiek ez baitute Ingalaterrara joateko beren senideek hartutako zorrak kitatzeko dirurik. Broomfieldek azaldu zuenez, maileguen emaileak presio handia egiten ari dira senideen gainean. «Mehatxatu egiten dituzte, eraso eta horietako batzuen alabak prostituitzera behartu dituzte. Muturreko egoera batean daude, etsipenak jota».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)