Halima Ahmed: «Migranteentzat 2.500 eta 4.000 otordu artean banatzen ari gara egunero»
Berria, , 12-08-2026«Inoiz ez zen izana halako egoerarik». Luna Blanca GKE gobernuz kanpoko erakundeak lau hamarkada daramatza Ceutan lanean (Espainia). Halima Ahmed bozeramailearen arabera, inoiz ez dute bizi izan azken egunetan bezalako egoerarik. Orain arte, ceutarrentzako otorduak prestatzen aritu dira batez ere. Azken egunetan, ordea, lan karga nabarmen areagotu zaie; izan ere, bermatu nahi dute Ceutan geratzen diren milaka migranteek ere «gutxienez otordu bero bat» jaso dezaten egunean. Bi pertsona patatak zuritzen; dozena erdi bat lagun otorduak tuperretan sartu eta egoitzatik kanpora eramaten; bost kazola sutan. «Gaur fideua daukate».
Ohiko egoeran zein da zuen egitekoa?
Gure helburua da bermatzea herritar zaurgarriek egunean otordu bero bat jaso ahal izango dutela. Ohiko egoeran ceutarrekin egiten dugu lan, espainiarrekin; ez migranteekin. Batzuek gure egoitzan jasotzen dituzte otorduak, eta beste batzuei bizitokira eramaten dizkiegu, urrun bizi direlako edo ezin direlako etorri. Gainera, kalean bizi diren 32 pertsonari eguneko otordu guztiak ematen dizkiegu, baita garbitoki zerbitzua eskaini eta bestelako laguntza eman ere. Etxerik gabe geratu diren herritarrentzako ostatuetara ere ematen dugu janaria.
Eta migranteei?
Jantoki sozial bat ere badugu, egoitzaren ondoko karpan. Han ez dugu inolako dokumentaziorik eskatzen, ezta jendeari nondik datorren galdetu ere. Janaria hartzen dute, mahaian eseri, jan, eta alde egin. Batez ere migranteak etortzen ziren hara, baina duela bi hilabete itxi egin behar izan genuen.
Zergatik?
Iaz, maiatzetik eta ekainetik aurrera, migrante asko etortzen hasi ziren, batez ere Saharaz hegoaldekoak: jantokian egunean bost, hamar edo hogeita hamar lagun jaso beharrean, bostehun pertsona inguru jasotzen hasi ginen. Baliabiderik gabe geratu ginen, eta ezin genion egoerari aurre egin. Horregatik, azkenean, ixtea erabaki genuen. Halere, migrante horietako batzuk, 50 edo 60, egoitzara etorri zaizkigu gerora ere. Eta guk ezin diegu ezetz esan: ezin diegu plater bat janari ukatu.
Zer aldatu da uztailaren amaierako zeharkaldiaren ostean?
Gure programa guztiei eusten diegu, baina, horrez gain, migranteentzat 2.500 eta 4.000 otordu artean banatzen ari gara egunero. Jantokia itxita dago, baina migranteak egunero etorri dira; ceutarrei janaria banatu ostean, beste 2.500 otordu inguru banatzen aritu gara. Hona etortzen ziren, gure egoitzara.
Luna Blanca GKEko bi kide otorduak prestatzen. A. GARMENDIA ETXEBERRIA
Beste leku batzuetan ere egiten dituzue banaketak, ezta?
Bai. Milatik gora otordu eramaten ditugu Tarajalgo industrialdera, beste ehunka La Reinan emakumeentzat eta haurrentzat antolatu duten gunera, eta beste horrenbeste El Principe auzunean emakumeak eta haurrak hartzeko prestatu duten kirolgunera. Hori bai, igandetik jada ez ditugu banatzen egoitzan ematen genituen 2.500 otordu horiek.
Baliabidez nola zabiltzate?
Gaizki. Gizarte Gaietarako Kontseilaritzak [Ceutakoak] laguntza bat ematen digu, baina jaki asko behar ditugu. Konfiantza dugu gure hornitzaileekin, eta jakiak fidantzapean ematen ari zaizkigu. Krisialdia amaitzen denean ikusiko dugu nola ordaindu dezakegun hau guztia.
(Puede haber caducado)