Mikel Ezkerro hil da, Argentinako euskal diasporaren historialari eta zutabe nagusietako bat
Euskal kulturaren zabalkundean eta diasporaren historiaren bilketan hamarkada luzetan erreferente izandako jatorri argentinarreko abertzalea zendu da. Mikel Ezkerrok (1938-2026) Argentinaren eta Euskal Herriaren arteko zubigintzan igaro du bizitza osoa.
Gara, , 10-08-2026Argentinako euskal diasporaren ahots argi, historialari zorrotz eta eragile nekaezinetako bat izan da Mikel Ezkerro, astelehen honetan hil den arte. Horregatik, Argentinako euskal komunitatea, Euskal Herriko kulturgintza eta, orokorrean, abertzaleak doluz daude. Buenos Airesko eta gainontzeko lurraldeetako euskal etxeetan, irratsaioetan, prentsan eta hitzaldietan belaunaldi desberdinei euskal nortasunaren eta historiaren berri ematera bideratu zituen lana eta bizitza.
1938ko maiatzaren 7an jaio zen Ezkerro, Rawsonen, Chacabuco barrutian, Buenos Airesko probintzian. Bere euskal jatorriak honela laburbiltzen zituen: «Nire aita argentinarra zen, nire ama euskalduna, baina nire aitona-amona guztiak, bai amaren aldetik bai aitaren aldetik, euskaldunak ziren».
Txikitan, urtebete besterik ez zuela, Bizkaira bidean jarri zen familiarekin, eta haurtzaroa Bilbon igaro zuen. Indautxuko Begoñako Ama Ikastetxean ikasi zuen, hamabi urte zituela berriro Argentinara itzuli zen arte. Jesuiten Colegio del Salvador ikastetxean osatu zituen bigarren mailako ikasketak Buenos Airesen. Historiarekiko, eta bereziki XIX. eta XX. mendeetako euskal historiarekiko zein euskal migrazioarekiko interesa eta konpromisoa goiz piztu zitzaizkion.
Diasporaren alde, buru-belarri
Giza eta historia zientzietan interes berezia izan zuen beti. Ikuspuntu horretatik, Ezkerrok sakonki ikertu zituen euskal etxeen bilakaera instituzionala, erbestearen eragina eta euskaldunek Argentinako jendartearen eraikuntzan izandako pisua. FEVA (Federación de Entidades Vasco Argentinas) delako erakundeko zein Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxeko Kultura Arloetako arduradun gisa aritu zen. Egin zuen lanak ezinbesteko oinarria finkatu zuen diasporaren garapen kulturalean. Horrez gain, Instituto Americano de Estudios Vascos-eko kide eta Arturo Campión Euskal Kultura eta Nazionalismoaren Ikasketa Zentroko bultzatzaileetako bat izan zen.
Laurak Bat elkartearen historia jorratzen duen lan monografikoaren egilea, Ezkerrok beti azpimarratu zuen Argentinako euskaltzaletasunak ezin zuela folklore hutsalean gelditu. Bere pentsamenduaren ardatz gisa, euskal komunitatearen jarraitutasuna bermatuko zituzten lau zutabe nagusiak aldarrikatzen zituen behin eta berriro: sentimendua, prestakuntza, informazioa eta ezagutza. Pentsamendu horri leial, herrialde osoko euskal etxeetan barrena ibili zen hamarkadetan, hitzaldiak eskaintzen, historia irakasten eta gazte zein helduen artean euskaltzaletasun kontziente eta ondo hezia sustatzen.
Politikoki, Eusko Alkartasuna izan da Ezkerroren erreferentzia nagusia. Ondorioz, alderdiko belaunaldi desberdinetako kideek Ezkerroren bizitza gogoratu eta goratu dute sareetan.
Euskal erbestearen eta erresistentziaren tradizioarekin lotura estua izan zuen halaber. Adibidez, Manuel, Andrés María eta Pello Irujo anaiekin nahiz diasporako beste hainbat kiderekin izandako harremanak, eta Buenos Airesko ‘Euzko Deya’ egunkariaren zein Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzaren inguruan egindako lanak, abertzaletasunarekiko bere leialtasunaren lekuko dira.
Alderdi abertzaleei diasporari arreta gehiago jartzeko eskatzen zien. 2011 urtean elkarrizketa sakon bat eman zion Fermin Munarrizi. Bertan, bere ideia nagusiak azaltzen zituen.
Bere ibilbideak, zorroztasun intelektualak eta euskaltzaletasun sutsuak Argentinako zein Euskal Herriko erakundeen aitortza zabala jaso zuten bizitza osoan zehar. Euskal identitatearen ikertzaile, aberriaren sustatzaile, diasporaren kronikaria… bizitza oparoa izan du Ezkerrok, eta uzten duen hutsunea ere tamaina berekoa izango da.
(Puede haber caducado)