Argudioak

MaraTiLa

Berria, 21-09-2006

xabier etxaniz rojo

Astelehenean Azpeitiko euskara patronatuko Interneteko zerrendatik immigrazioari buruzko bi mezu iritsi zitzaizkidan. Lehengoa ikasle etorkinen hazkundearen ingurukoa zen. Antza, Hego Euskal Herrian etorkinen seme-alabek ikasleen %4,4 osatzen dute jada, eta gehiago iritsiko dira.

Bigarrenak Gotzon Garatek AEBetan bizi diren etorkin hispanoei eta haien hizkuntza ohiturei buruzko iritzi artikulu bat zekarren, arras interesgarria. Gotzonek dio etorkinen seme-alabek gazteleraz hitz egiten dutela gurasoekin, baina beraien artean ingelesez mintzatzen direla. Etorkinen seme-alabek behar-beharrezkoa dute ingelesa, ate guztiak zabalduko dizkien hizkuntza baita. Gurean, ordea, ez da gauza bera gertatzen.

Gurean etorkin hegoamerikarrek estatuko hizkuntza darabilte, ez dute zertan ahaleginik egin. Zorionez, gurea kolore anitzeko gizartea izango da, baina, zoritxarrez, hizkuntza bakarra izango du eta, horrela jarraituz gero, hizkuntza hori ez da euskara izango.

Gotzonen tesiarekin bat nator guztiz. Euskarak ez du iraungo beharrezkoa ez bada, eta beharrezko bihurtzeko modu bakarra independentzia da, euskara nazio hizkuntza izatea da.

Maiz, independentziaren aldeko aldarriek iragana dute oinarri. Erreinu bat izan ginela, Europako herririk zaharrena garela, eskubideak armaz lapurtu zizkigutela.

Nago argudiook, balekoak izanik ere, baztertu beharko genituzkeela. Izan ere, argudiorik sendoena etorkizunean baitago.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)