Euskara, afariak, futbola... eta bota dezala Aste Nagusian!
Onintza Mokoroak 19.00etan jaurti zuen kanoikadak astindu zuen atzo Donostia. Eta hortik aurrera abiatu zen Aste Nagusia, dantza giroan, zeruari begira -ekaitzaren mehatxupean egin zen ekitaldia- eta egunerokotasunaren errealitatea ahantzi gabe, KASi eta Piratei esker. Insausti alkateak espainiar Selekzioko bi futbolari gipuzkoarrak omendu zituen.
Gara, , 09-08-2026Sargoritik freskora. Zeru hodeitsutik enbatara. Udako martxa nagitik, festa giro bizira. Onintza Mokoroa artillari nagusiak 19.00etan piztu zuen metxa Alderdi Ederreko lorategietan, eta horrela eman zion hasiera zortzi eguneko jaiari. Donostiak, beraz, txanda hartu zien Iruñea, Baiona eta Gasteizi eta dagoeneko hemen da 2026ko Aste Nagusia.
Hasiera ofizialaren ekitaldiaren edukiari dagokionez, protagonismo osoa udaletxeko terrazan jarri zen, larregi akaso. 19.00etan, hau zen panorama: inguruak jendez lepo, euri mehatxua eta kanoikada itxura hartu genion trumoi baten oihartzuna.
Bertan batu ziren herritar ugarien artean, Kaleko Afari Solidarioen (KAS) presentzia nabaria eta ikusgarria izan zen. Jendartean Jon Insausti alkateak nahitaez irakurtzeko moduan, elkarte horretako partaideek kartelak eta neurri handiko pankarta bat zabaldu zituzten, non testu hau irakur zitekeen: «Elkartasuna ez da delitua. 300 pertsona otordurik gabe».
OMENALDIA OYARZABAL ETA ZUBIMENDIRI
Eta, 1993tik egiten den bezala, Urko kantariak berreskuratu zuen “Artillero dale fuego” herri-kanta abestu zen eta artillari nagusiak eman zion metxari su bosgarren urtez jarraian Onintza Mokoroak egin zuen. Ondoren, hiriko zortzi dantza taldeetako ordezkariek Antiguotarrak, Arkaitz, Eskola, Gero Axular, Goizaldi, Herridantza, Trebeska eta Kresala fandangoa eta arin-arina dantzatzen jarri zuten udaletxeko terraza.
Euskal dantzari egin zitzaion aitorpenetik aparte, hurrengo egunetan polemika piztu dezaken omenaldia egin nahi izan zuen Jon Insausti alkateak Aste Nagusiaren lehen egunean, harrera egin baitzien bi futbol jokalari gipuzkoarri: Mikel Oyarzabal Realeko kapitainari eta Martin Zubimendi Arsenaleko jokalariari.
Keinu horren bidez, Gipuzkoako futbolean funtsezkoak diren bi jokalari horien ibilbidea aitortu nahi izan zuen, eta, bide batez, Espainiako selekzioan Munduko Kopan jokatutako papera aitortu. Harreran, Insaustik festetako zapi bat oparitu zien biei, urrezko hariz brodaturiko euren izenekin.
EUSKARAREN ENBATA
Kanoikada ofiziala entzun bezain laster girotzen hasi zen Flamenka. Kaitik heldu ziren Matti eta Ezkila kapitaina, algara ederrean. Izan ere, ordurako nahiko gustura zeuden kofradia ezberdinetako pirata txiki eta handiak, gehienak kuadrillan bazkaldu ondoren. Lapiko batzuk eraman zituzten oholtzara, KASeko lagunei elkartasuna adierazteko.
Ondoren, aurtengo txupinazoaren arduradunen hitzaldiaren txanda izan zen. Bagera euskaltzale taldeari egokitu zitzaion ardura eta «ohorea». Lagun asko eraman zituzten ekitaldira eta txalo zaparradaz hartu zuten aipamen bakoitza. Lehena, Donostia euskalduntzen 35 urte bete dituztela gogoratzeko.
Suziria piztu aurretik hiru mezu helarazi nahi izan zizkieten Flamenka bete zuten ehunka lagunei. Hasteko, «gorroto diskurtsoak» hedatzen ari direla, «erreakzio antolatuan», ez soilik euskararen kontra, eta horiei aurre egiteko beharra dagoela, «euskaraz antolatzen, auzoz auzo, kofradiaz kofradia». Bigarrenik, hiria turistifikazioaren esku eraldatzen ari dela salatu zuten. «Euskaraz bizitzeko espaziorik gabe» geratzeko arriskuz ohartarazi zuten Bagerakoek, eta «euskarak komunitatea behar» duela nabarmendu.
Horrekin batera, «euskara doakoa, unibertsala, guztiona nahi dugu», aldarrikatu zuten, «inor atzean utzi gabe, harrera herria gara eta». KASen lana goraipatu zuten berriro, baita Euskal Udalekuena ere.
Tanta batzuk erori ziren une horretan, baina jai hasiera itsustu gabe. Ederra dago Flamenka, bestalde. Ez da aipamen solidariorik falta Donostiako kai aldeko hormetan: “Ez gaude denok”, “Euskal Herrian euskaraz”, Palestinaren aldeko mezuak, KASen aldekoak, arrazakeriaren eta desjabetzeen aurkakoak, eta, bereziki, indarkeria matxista gaitzetsiz. Argi: “Babosoak marrazoetara”.
(Puede haber caducado)