KASek salatu du «jazarpen poliziala» jasan dutela gose direnei ogitartekoak emateagatik

Udaltzaingoak zenbait boluntario atxiki, identifikatu eta gibeletik jarraitu die, eta, gero, argazkiak atera.

Berria, Iratxe Muxika Karrion, 07-08-2026

Astebete baino gehiago pasatu da Donostiako Udalak kaleko afari solidarioak debekatu zituenetik. Eta aste bakarra nahikoa izan da KAS Kaleko Afari Solidarioak ekinaldi boluntarioak ondoriorik suma dezan hirian. Ohar bat atera du gaur, salatzeko «hirian bizi diren pertsona migratzaile askoren egoera are larriagoa» dela orain. Hala, «leku finkorik gabe eta giza erantzukizunari jarraikiz», ogitartekoak banatzen hasi dira KASeko kideak, eta hauxe jaso dute bueltan: «Jazarpen poliziala».

Zehazkiago, salatu dute Udaltzaingoak KASeko zenbait boluntario atxiki eta identifikatu dituela ogitartekoak banatzen ari ziren bitartean, gibeletik joan zaizkiela jarraika, eta argazkiak egin dizkietela horretarako baimenik eduki gabe. «Onartezin deritzogu elkartasuna kriminalizatzeari, beren denbora eta dirua zaurgarritasun ezin handiagoa sufritzen dutenei laguntzeko erabiltzen dituztenak gaizkile gisa tratatuak izateari».

Migratzaileak identifikatu
Baina argazkiak ez dizkiete boluntarioei bakarrik atera, esplikatu dutenez: «Jakin dugu Udaltzaingoa gazte migratzaileak identifikatzen eta argazkiak ateratzen ari dela sistematikoki, argazki artxibo bat osatzeko, etorkizunean zerbait gertatzen bada identifikazioak errazte aldera». Jakin dutenaren arabera, pertsona horien itxura fisikoa aldatzen bada, eguneratu egiten dituzte argazkiak. «Gertakari horiek egiazkoak badira, zinez kezkagarria da praktika hori, kolektibo oso bat estigmatizatzen baitu izate hutsagatik, susmagarri iraunkor gisa tratatuz».

Donostiako Marruma tabernako langile batek pintxo bat atera zion «zaurgarritasun egoeran dagoen migratzaile bati», eta, kalera atera zenean, tabernariak bi udaltzain zeuzkan esperoan, identifika zedila eskatzeko.

Eta bertze gertakari bat dute salatzeko: Donostiako Marruma tabernako langile batek pintxo bat atera zion «zaurgarritasun egoeran dagoen migratzaile bati», eta, kalera atera zenean, tabernariak bi udaltzain zeuzkan esperoan, identifika zedila eskatzeko.

«Elkartasuna ezin daiteke izan jazarria izateko arrazoi», salatu du KASek. «Ez dugu onartuko elkartasunez aritzen direnak beldurtzea, ezta migratzaileak definizioz susmagarriak balira gisa seinalatuak izatea ere».

EH Bildu, alkatearengana
KASek salaketa publiko egin eta berehala, EH Bilduk erran du «oso larritzat» jotzen duela egoera, eta «babes osoa» adierazi nahi diola boluntario taldeari. «Egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntzen dieten herritarrak kriminalizatzen ari dira modu sistematikoan orain identifikazio hauekin; afarien debekuarekin nahikoa ez du nonbait Alkatetza honek».

Koalizio subiranistak esplikatu du, nola debekua hala haren harira sortu den gertakari oro, nahi duen hiri ereduarengandik «oso urrun» dagoela, eta hitzeman du boluntario lana egiten duten donostiarrak babesten jarraituko duela, «Donostia harrera hiria delako».

Bide batez, eskatu du agintariek bukatu dezatela sare herritar horrengan «sostengatzen» diren pertsonen aurkako jazarpenarekin. Heldu den astean dira Jon Insausti Donostiako alkatearekin biltzekoak, hark, koalizioak behin eta berriro eskatu ondotik, Bozeramaile Batzorde batera deitu baititu.

«Hitzordu horren aurrean, gure prestutasuna berretsi nahi dugu, baita norabide egokian ekarpenak egiteko dugun borondatea ere», erran du EH Bilduk, ohar bidez. Egoerari aterabide bat eman behar zaiola sinetsita, alkatetzari erran dio alternatiba posible bakarra KASekin bat egitea dela, «herritarrak subjektu aktibo gisa aitortzeko». Alkateak, orain arte, «kontrako norabidea» hartu du.

Nolanahi ere, alkateak ez du KAS ekinaldi boluntarioa Bozeramaile Batzordera gonbidatu, eta hori ere salatu du EH Bilduk. Nagusiki, hiru konturen inguruan hausnartzeko eskatuko dio koalizioak alkateari. Bat: Insaustik iragarritako ehun otorduak ez dituzte martxan jarri, eta, jarrita ere, ez dira aski izanen. Bi: «KAS bezalako mugimendu baten oinarrian eta kideen artean zein kale egoeran bizi diren herritarren artean ehun sozialak sortzen dira, eta giza harremanek gaitasun handia dute». Eta hiru: herri mugimenduek eta herritarrek martxan jartzea lortu duten auzolana sisteman txertatu beharreko ondarea da, eta ez debekatzekoa.

Hemendik eta bilerara arte, Gizarte sailak egindako txostena eskatu du EH Bilduk, jaso diren datuak eta egindako diagnostikoa ezagutu nahi dituelako. «Eta bien bitartean, noski, Insaustiri debekua bertan behera uzteko eskatzen diogu, irtenbide adostu bat bilatu artean, behintzat».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)