Kanoikadak dantzan jarri du Donostia eta Piratek sortu dute euskararen galerna
Ekaitza bazetorrela zirudien arren, eguraldiak atseden eman du eta Onintza Mokoroak jaurti duen kanoikadak astindu du Donostia. Hasi da, beraz, Aste Nagusia; eta abiatu da dantza giroan, zeruari begira eta errealitatea ahantzi gabe, KASi eta Piratei esker. Piratek euskara lehen lerroan jarri dute.
Gara, , 08-08-2026Sargoritik freskora. Zeru hodeitsutik enbatara. Udako martxa nagitik, festa giro bizira. Onintza Mokoroa artillari nagusiak 19.00etan piztu du metxa Alderdi Ederreko lorategietan, eta horrela eman dio hasiera zortzi eguneko jaiari.
Donostiak, beraz, txanda hartu die Iruñea, Baiona eta Gasteizi eta hemen da 2026ko Aste Nagusia. Hasiera ofizialaren ekitaldiaren edukiari dagokionez, protagonismo osoa udaletxeko terrazan jarri da, larregi akaso.
19.00etan, hau zen panorama: inguruak jendez lepo, euri mehatxua eta kanoikadaren itxura hartu diogun trumoi baten oihartzuna. Bertan batu diren herritar ugarien artean, Kaleko Afari Solidarioen (KAS) presentzia nabaria eta ikusgarria izan da.
Jendartean –Jon Insausti alkateak nahitanahiez irakurtzeko moduan–, elkarte honetako partaideek kartelak eta neurri handiko pankarta bat zabaldu dituzte, non testu hau irakur zitekeen: «Elkartasuna ez da delitua. 300 pertsona otordurik gabe».
Omenaldia Oyarzabal eta Zubimendiri
Eta, 1993tik egiten den bezala, Urko kantariak berreskuratu zuen ‘Artillero dale fuego’ herri-kanta zabaldu da eta artillari nagusiak –bosgarren urtez egin du Onintza Mokoroak– emandio metxari su. Ondoren, hiriko zortzi dantza taldeetako ordezkariek –Antiguotarrak, Arkaitz, Eskola, Gero Axular, Goizaldi, Herridantza, Trebeska eta Kresala– fandangoa eta arin-arina dantzatzen jarri dute udaletxeko terraza.
Eta euskal dantzari egindako aitorpenetik aparte, hurrengo egunetan polemika piztu dezaken omenaldia egin nahi izan du Jon Insausti alkateak Aste Nagusiaren lehen egunean, harrera egin batie bi futbol jokalari gipuzkoarri: Mikel Oyarzabal Errealeko kapitainari eta Martin Zubimendi Arsenaleko jokalariari.
Keinu horren bidez, Gipuzkoako futbolean funtsezkoak diren bi jokalari hauen ibilbidea aitortu nahi izan du eta, bide batez, Espainiako selekzioan Munduko Kopan jokatu duten papera aitortu. Harreran, Insaustik festetako zapi bat oparitu die biei, urrezko hariz brodaturiko euren izenekin.
Euskararen enbata Flamenkan
Kanoikada ofiziala entzun bezain laster girotzen hasi da Flamenka. Kaitik heldu dira Matti eta Ezkila kapitaina, algara ederrean. Izan ere, ordurako nahiko gustura zeuden kofradia ezberdinetako pirata txiki eta handiak, gehienak kuadrillan bazkaldu ondoren. Lapiko batzuk ekarri dituzte oholtzara, KASen lagunei elkartasuna adierazteko.
Ondoren, aurtengo txupinazoaren arduradunen hitzaldiaren txanda izan da. Bagera euskaltzale taldeari egokitu zaizkio ardura eta «ohorea». Lagun asko eraman dituzte ekitaldira eta txalo zaparradaz hartu dute aipamen bakoitza. Lehena, Donostia euskalduntzen 35 urte bete dituztela gogoratzeko.
Suziria piztu aurretik hiru mezu helarazi nahi izan dizkiete Flamenka bete duten ehunka lagunei. Hasteko, «gorroto diskurtsoak» hedatzen ari direla, «erreakzio antolatuan», ez soilik euskararen kontra, eta horiei aurre egiteko beharra dagoela, «euskaraz antolatzen, auzoz auzo, kofradiaz kofradia».
Bigarrenik, hiria turistifikazioaren esku eraldatzen ari dela salatu dute. «Euskaraz bizitzeko espaziorik gabe» geratzeko arriskuz ohartarazi dute Bagerakoek, eta «euskarak komunitatea behar duela» nabarmendu.
Horrekin batera, «euskara doakoa, unibertsala, guztiona nahi dugu», aldarrikatu dute, «inor atzean utzi gabe, harrera herria gara eta». KASen lana goraipatu dute berriro, baita Euskal Udalekuena ere.
Tanta batzuk erori dira une horretan, baina jai hasiera itsustu gabe. Ederra dago Flamenka, bestalde. Ez da aipamen solidariorik gabe Donostiako kai aldeko hormetan: ‘Ez gaude denok’, ‘Euskal Herrian euskaraz’, Palestinaren aldeko mezuak, KASen aldekoak, arrazakeriaren eta desjabetzeen aurkakoak, eta, bereziki, indarkeria matxista gaitzetsiz. Argi: ‘Babosoak marrazoetara’.
400 ekitaldi, festak eztanda egin du
Guztira, une horretatik aurrera eta abuztuaren 15era arte, 400 ekitaldi baino gehiago daude programatuta, azken urteetako egitaraurik mamitsuena. Proposamenen artean nabarmentzekoak dira Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa, erraldoi eta buruhandiak, herri kirolak, azokak eta atrakzioak, antzerkia, dantza eta kaleko ikuskizunak…
Hona hemen galdu ezin diren beste hitzordu batzuk: astelehenean, milaka pirata uretan murgilduko dira abordaian eta asteazkenean, eguzki eklipse osoa. Gehiagorik eskatu al daiteke?
(Puede haber caducado)