Patricia Fernandez Vicens: «Mugak gehiago gogortzeak ez du ezertarako balio»

Berria, Jakes Gostin Etxaniz/Aitor Garmendia Etxeberria, 06-08-2026

Ceutako mugan izandako azken gertakariek agerian utzi dute berriro ere migrazioaren kudeaketa tresna geopolitiko gisa erabiltzen dela. Patricia Fernandez Vicens abokatu, kriminologo eta Coordinadora de Barrios gobernuz kanpoko erakundeko kidearen esanetan (Madril, 1977), Tarajal kai muturreko igaroaldi «masiboa» ez da izan ohi bezalako migrazio krisi baten ondorioa, baizik Marokoren eta Espainiaren arteko «krisi aldebiko eta estrategiko» baten emaitza.

Zer gertatu da zehazki Ceutan, eta zergatik?

Tarajalgo kai muturretik hainbat eta hainbat pertsona sartu dira. Gehienak marokoarrak dira, baina nazioarteko babesa behar duten seiehun sudandar inguru daude bertan, baita yemendarrak eta burkinafasoarrak ere. Hau ez da ohi bezalako migrazio krisi bat, baizik mugimendu politiko eta diplomatiko bat. Marokoren eta Espainiaren arteko aldebiko krisi bat da, helburu duena Marokok, AEBekin eta Israelekin dituen aliantzak indartuz, Mendebaldeko Sahara ustiatzen jarraitzea eta eremu horretan bere subiranotasuna are gehiago finkatzea.

Zer erantzukizun du Marokoko Gobernuak?

Marokon ez dago benetako zuzenbide estaturik; itxurazko demokrazia baten atzean, monarkia absolutistak kontrolatzen ditu erakunde nagusiak.

Makhzen

deituriko kontrol eta errepresio aparatu sozial indartsuak erabat kontrolpean dauzka herrialdeko txoko eta gazte guztiak. Horregatik, ezinezkoa da Ceutara egin zuten mugimendu hori haien jakinarazpen eta onarpenik gabe gertatu izana. Gobernuak mugimendua eteteko gaitasun osoa zuen, baina interes politikoengatik utzi die pertsona horiei Ceutara sartzen.

Zer iruditzen zaizu Marokoko Gobernuak gertatutakoaren erantzukizunari uko egin izana?

Marokoko agintarien adierazpenek agerian uzten dute gardentasunik eza. Mugimendu horren ondorioz gutxienez ehun lagun hil dira, eta horrek erantzukizun politikoa eta giza erantzukizuna dakartza berarekin. Harreman diplomatiko guztiak ez hausteko, mafiei eta sare sozialei errua botatzea da bide bakarra. Espainiako Gobernuak ere onartu egin du dialektika hori, Marokok Ceuta inbaditu duela jendaurrean salatuko balu elkarrizketa diplomatiko oro eten beharko lukeelako.

Eta Espainiako Gobernuak zer erantzukizun du?

Espainiako Gobernuak erantzukizun handia du, urtez urte mugak legez kanpo kudeatzera ohitu delako. Legez kanpoko jarraibide horiek Segurtasuneko Estatu Idazkaritzak agindu ditu. Horrez gain, armada kalera aterata eta salbuespen egoera ez – ofiziala ezarrita erantzun du, auzo musulmanetako etxeetan presio eginez. Etxe guztiak miatzen ari dira migratzaileen bila, eta hori onartezina da. Era berean, Marokok, Tarajalgo muga aitortzen ez duenez, ez ditu itzularazitakoak onartzen, eta pertsona ugari legez kanpoko eremuetan eta babesgabe utzi ditu.

Zein izango da Europako erakundeen jarrera, eta zer aurrekari sortu ditzake?

Migrazioa arma politiko gisa erabiltzea ez da berria Europan; Bielorrusian ere erabili izan dute, baita lehenago Ceutan bertan ere. Mugak gehiago gogortzeak ez du ezertarako balio. Eskuin muturraren migrazioaren aurkako diskurtsoak agenda neoliberal eta koloniala indartu besterik ez du egiten. Europak, Marokorekin dituen lankidetza harreman guztietan, baldintza gisa jarri behar luke giza eskubideak betetzea. Muga militarizatzeak eta kontrol politikoa eta ekonomikoa ezarriz baino ez erantzuteak segurtasun enpresen negozioa elikatu besterik ez du egiten.

Zer etorkizun dute Marokora itzularazi dituztenek eta Ceutan geratu direnek?

Ceutan jarraitzen dutenen egoera benetan kritikoa da: adingabe ugarik hainbat egun daramatzate jan gabe eta hirian bueltaka. Bestalde, dokumentatu dugu haur oso txikiak gurasoengandik banandu eta Marokora legez kanpo itzularazi dituztela, etxetik ehunka kilometrora bakarrik utzita. Hurrengo egunetan kanporatze behartu gehiago izango direla uste dugu, eta guk lanean jarraitzen dugu ziurtatzeko pertsona horiei guztiei behar bezala bermatuko zaiela nazioarteko babes prozedura.

Zer egiteko izan dute bi estatuetako indarrek indarkeria kasuetan?

Marokoko segurtasun indarrek arduragabekeria eta utzikeria erakutsi dute mugaren zainketan, eta pertsona beltzen aurka biolentzia erabili dute, oso gogor. Espainiako polizien kasuan, dialektika bikoitza izan da: erreskate humanitario profesionala batetik, eta errepresioa bestetik. Halere, kritikagarriena da Espainiako Gobernuak Guardia Zibila eta armada legez kanpoko egitekoetarako erabili dituela, baita herritarren segurtasuna kudeatzeko ere; prestaturik ez dauden eginkizun baten aurrean jarri dituzte, eta giza eskubideak urratu dituzte.

Eskuin muturreko talde neonazien manifestazioak eta «etorkin ehizak» izan dira. Zer ari da gertatzen Ceutako gizartean?

Udan, albiste gutxi dauden egunetan, migrazioaren arloko berri asko zabaldu izan dira, eta horrek diskurtso arrazistak hauspotzen ditu. Baina Ceutako gizartea elkarbizitzara ohituta dago. Bertako biztanleen %55 autoktonoak eta musulmanak dira, eta horiek egin diote aurre eskuin muturrari. «Migratzaileen ehiza» eta halako esapideak erabiltzea pertsona horiei gizatasuna kentzeko estrategia kontziente bat da. Sentsazionalismoak eta hitz bortitzek arriskuan jartzen dute bizikidetza historikoa.

Nola eragin diezaieke krisi horrek Lapurdi eta Gipuzkoako mugari eta Euskal Herriari?

Hegoaldeko [Espainiako Estatuaren eta Marokoren arteko] mugan gertatzen eta legitimatzen den salbuespenezko indarkeria orokortu egiten da, eta baliteke iparraldeko [Espainiako eta Frantziako estatuen arteko] mugan ere gauza bera gertatzea. Arriskua ez da askoz jende gehiagok igarotzea mugak, baizik eta mugen militarizazioa eta errepresio praktika horiek normalizatzea. Hegoaldeko mugetan erabiltzen diren dinamika errepresibo guztiak berdin erabiltzen dira iparraldeko mugan ere. Horregatik, adi egon behar da giza eskubideen urraketa sistematikoen aurrean.

Amaitzeko, zein da irtenbidea Espainiaren eta Marokoren arteko mugan?

Irtenbidea Atzerritarren Legea erabat aldatzea izango litzateke, jatorriko lan eta bizileku baimenak malgutuz irregulartasun administratiboa saihesteko. Horrez gain, Europak Marokorekiko mendekotasun geopolitikoa apaldu behar du, eta merkataritza harreman eta laguntza tratu guztietan baldintza gisa jarri giza eskubide zibilak errespetatzea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)