Ceutara iritsi nahian hildakoen kopuruak gora egin du: gutxienez 141 dira

Gutxienez 78 gorpu erreskatatu dituzte Espainian, eta 63 Marokoko uretan.

Berria, Aitor Garmendia Etxeberria, 05-08-2026

Zifrak aldakorrak dira, eta kopuru ezberdinak ari dira zabaltzen Espainiako Gobernua, Ceutako administrazioa, eta Marokoko agintariak. Ez dago argi zenbat izan ziren ostegunean Ceutako muga zeharkatu zuten migranteak, ezta zenbat itzuli ziren berriz Marokora, ezta bidean zenbat hil diren ere. Zenbakiak zenbaki, kontua da Ceutan tragedia bat gertatu dela, eta gutxienez 141 pertsona hil direla Marokotik Espainiara igarotzeko ahaleginean.

Caminando Fronteras plataformak eman zuen atzo gauean zifra horren berri. Ostegunetik atzo arte Espainian 78 gorpu aurkitu dituztela kaleratu du SER Espainiako irrati kateak, iturri ofizialak aipatuz. Rabatek, ostera, ez du zabaldu zenbat diren Marokon hildakoak.

Horregatik, Caminando Fronterasek herrialde horretako zenbait gorputegi monitorizatu ditu, eta ondorioztatu du gutxienez 63 pertsona hil zirela Marokoko aldean. Migratzaileei laguntza eman eta haien aurkako giza eskubideen urraketak salatzen ditu Caminando Fronterasek.

Atzo Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak jakinarazi zuenez, 72.000 migrantek zeharkatu zuten Ceutako muga, baina horietatik 70.000 inguru Marokon daude berriz ere. Halere, zifra hori ere asko aldatu da azken egunetan. Ostegunean milaka migrantek zeharkatu zuten muga, baina ostiralera arte ez zuten zehaztu zenbat izan zitezkeen. 50.000 inguru izan zirela esan zuen Espainiako Gobernuak, eta 60.000 Ceutakoak.

Ceutako krisiaren harira, ezinegona sortu da EB Europako Batasuneko estatu kideen artean, migrante horiek talde komunitarioko herrialdeetan amaitu dezaketelako. Horregatik, atzo bilduta egon ziren 27 estatu kideetako Barne ministroak, eta mugak are eta gehiago gogortu behar direla adostu zuten.

Ostegunean gertatutakoaren erantzuleak talde kriminalak eta desinformazioa izan direla adierazi zuen Magnus Brunner EBko Migrazio komisarioak, atzo emandako prentsaurreko batean. Eta jakinarazi zuen Brusela akordio bat negoziatzen ari dela Rabatekin, gisa horretako krisialdiak ekiditeko. Espainiak eta Marokok krisiari emandako erantzuna goraipatu bazuen ere, Brennerrek belarrietatik tira egin zio Madrili. Esan zuen migranteen erregularizazio «masiboa» ez dela onuragarria EBko estatu kideentzat, baina ez du uste Espainiako Gobernuaren neurri hori dagoenik Ceutan gertatutakoaren atzean.

Bestalde, hainbat GKEk salatu dute Ceutara sartu ziren migranteen giza eskubideak urratu dituztela. Besteak beste, jakinarazi dute oraindik ere Ceutan jarraitzen dutenek ia ezin izan dutela urik ezta janaririk lortu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)