KASek bilera «ez positibotzat» jo du Udalaren prestutasun faltagatik
Astearteko debekuaren eta asteazkeneko mobilizazioaren ostean, atzo goizean ia bi orduko bilera egin zuten Kaleko Afari Solidarioak taldeko kideek eta Donostiako alkateak. Lehenbizikoek bilera «ez positibotzat» jo zuten, batik bat, Udalak jarreraz aldatzeko erakutsitako prestutasun faltagatik. KASek erdigunean jarri nahi izan zituen banatzen dituen afariak ezinbestekotzat dituzten pertsonak.
Gara, , 31-07-2026Atzo elkartu ziren Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeko kideak Donostiako alkate Jon Insaustirekin, konponbide bat bilatzeko afariak banatzeko debekuaren aurrean. «Lankidetza eraldatzaile bat gauzatzeko esperantzarekin» sartu ziren udaletxean, eta ia bi orduz aritu ziren hizketan. Luze aritu ondoren bileratik irtetean, baina, «emaitza ez positibotzat» jo zuten KASeko kideek.
Bileraren tonua «zuzena» izan zela azpimarratu bazuten ere, Ixiar Gonzalez Gurrutxaga KASeko kideak azaldu zuen eskatu zutena izan zela debekua bertan behera uztea Donostiako Udalak aipatutako alternatiba martxan jarri bitartean. «Gure prestutasuna erakutsi dugu, Udalak dioen segurtasun egoeran afariekin jarraitzeko zer neurri aplikatu elkarrekin adosteko», azaldu zuen Gonzalezek. Negoziazioan behin eta berriro lankidetza bilatzen saiatu direla kontatu zuen, baina Udalaren aldetik debekua irmoa izan zela: «Ez da ezer aldatzeko prest agertu, eta, beraz, emaitza ez da positiboa».
Era berean, KASeko kideek azaldu zuten prestutasuna adierazi ziotela alkateari egunean zehar bete beharko lituzketen neurriak zehazten saiatzeko. «Gogoratu ematen ditugun 300 afari horiek jasotzen dituzten pertsona askok egunean duten otordu bakarra dela, eta hori da erdigunean kokatu beharrekoa», azpimarratu zuen Gonzalezek. Horrez gain, lankidetzan aritzeko proposamena ere ukatu dietela adierazi zuen.
Bestalde, Agus Rodriguez Burguetek aipatu zuen asteazkeneko mobilizazioaren ostean KASek Udalari lau eskakizun egin zizkiola. «Lehena, alternatiba martxan jarri bitartean egiten dugun lanarekin jarraitzeko baimena; bigarrenik, eskatu genion migrazioa eta delinkuentzia lotzen dituen diskurtsoak alboratzeko. Horren aurrean alkateak esan du ez dutela halakorik egin, nahiz eta gure ustez egin duten», esan zuen Rodriguezek. Eta gehitu zuen, iritzi publikoak bi elementu horiek lotzen baditu, Udalak KASen lana gelditzeko arrazoi nagusitzat segurtasuna jarri duelako izan dela. Hirugarren eskakizuna KASena bezalako herri ekimenei balioa ematea eta ez gutxiestea izan zen, hala sentitu baitira taldeko partaideak: «Esanguratsua da gurekin lehenago bildu ez izana». Azkenik, laugarren eskakizuna izan zen arazoaren aurrean bi aukera zeudela: debekua edo elkarlana kontuan hartzea. «Gu prest gaude horretarako, badakigu Udala beste ekimen batzuekin elkarlanean aritzen dela», esan zuen Rodriguezek. Hala ere, eskakizunen aurrean ezezkoa jaso zutela azaldu zuen.
Aurrera begira jarrita, ez dute beste bilera bat aurreikusten KASen eta alkatearen artean. «Udalaren aldetik harremana soilik informatiboa izango dela uste dugu», nabarmendu zuen Gonzalezek.
UDALAREN ALTERNATIBA, NOIZ?
Jon Insaustik komunikabideekin asteazkenean egindako gosari informatiboan azaldu zuenez, Udalak 100 afari gehiago emango ditu. KASeko kideek zalantza egiten dute afari horiek noiz egongo diren aktibo. «Esan digute berehala jarriko direla aktibo afari gehigarri horiek, gu, ordea, nahiko eszeptikoak gara, batez ere badakigulako uda izanik administrazioek ez dutela era berean lan egiten», esan zuen Rodriguezek.
Gaineratu zuen badakitela Otorduak programa martxan jartzeko zenbat denbora behar izan zuen Udalak, eta, beraz, orain prozesua ez dela «epe hain laburrean» emango. «Dokumentazio administratiboak prestatu eta onartzeaz gain, ostalaritzako establezimendu kolaboratzaileak lortzea ez baita erraza izaten. Horregatik ez dugu sinesten epe motzean gerta daitekeenik», nabarmendu zuen Rodriguezek.
(Puede haber caducado)