Iristea lortu duten milaka adingabeentzat «berehalako» babesa eskatu dute
Gara, , 01-08-2026Ceutara iritsitako 50.000 pertsonen artean 7.000 adingabeak direla jakinarazi zuen atzo Save the Children taldeak. «Inor aterperik gabe, arreta espezializaturik gabe edo laguntza psikosozialik gabe ez geratzea bermatzea da lehentasuna», adierazi zuen.
Horrez gain, nerabe guztiak lehenbailehen identifikatu eta babes baliabideetara azkar bideratuko direla ziurtatu beharra ere azpimarratu zuen gobernuz kanpoko erakundeak. Era berean, lehentasunezkotzat jo zuen harreragune berriak prestatzea eta beste autonomia erkidego batzuetarako lekualdatzeak arintzea, «Ceutak babes-sistemaren gaitasun osoa berreskuratu ahal izan dezan».
BABESA, ESTATU OSOAREN ARDURA
«Haurren etorrera handitzen denean, lehentasunak haiek babestea izan behar du. Haurrek ezin dute gau bakar bat igaro lo egiteko leku segururik gabe, arreta espezializaturik gabe edo beren egoera eta babes premiak ebaluatu gabe», azaldu zuen Jennifer Zuppiroli Save the Children-eko migrazio-espezialistak.
Ildo berean, Unicefek adingabeen eskubideak bermatzea eskatu zuen, eta gogoratu zuen «inoren kargura ez dauden haur eta nerabeen aberriratzeak ezin direla kolektiboak izan». Unicefek nabarmendu zuenez, inoren kargura ez dauden haur adingabeen aberriratzeak haurraren interes gorenaren banakako ebaluazio baten esparruan bakarrik balora daitezke: «Inoiz ezin dira kolektiboak izan, eta indarrean dagoen legeriak aurreikusitako berme juridiko handien mende daude». Berme horiek eskaintzea Estatu espainolaren ardura dela ere azpimarratu zuen.
(Puede haber caducado)