Aldundiak dio Gipuzkoako zentroetan ez duela tokirik atzerritar gehiagorentzat

Bi urte eta erdian boskoiztu egin dira familiarik edo arduradunik gabeko atzerritar adingabeak

Berria, 21-09-2006

manu gimenez

Donostia

Babesik gabe dauden 97 atzerritar adingabe daude Gipuzkoan Foru Aldundiaren zentroetan. Batzuk larrialdiko harrera zentroetan, beste batzuk Gipuzkoan barrena sakabanatuta dauden harrera pisuetan eta sare normalizatuan tokirik ez dutenak, ostatuetan. Hori esan dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Mari Carmen Marin Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko diputatuak eta Esther Larrañaga Gizarte Politikarako diputatuak. Haien arabera, babesik gabeko atzerritar adingabeek Gipuzkoan geratzen jarraitzen badute, harrera eta artatze sistemak porrot egin dezake.

Aldundiaren eskumena da Europako Batasunetik kanpoko atzerritar adingabe eta babes gabeak zaintzea. Ertzaintzak adingabea atxilotzen duenean edo adinez txikia den hori bere kabuz polizia etxera joaten denean hasten da Aldundiaren lana. Hasieran, adina zehazten zaie, horretarako eskumuturreko hezurra eta masailezurra aztertuz. Gero, bi hilabete egoten dira larrialdiko harrera zentroan, harrera zentroen sare normalizatu edo pisuetara eramaten dituzten arte. Bertan, oinarrizko laguntza ematen zaie: janaria, heziketa, arropa eta osasun zerbitzuak.

Egun, 97 adingabe daude Gipuzkoako Aldundiaren eskuetan. 10etik 7 marokoarrak dira; besteak, Afrikako beste lurralde batzuetakoak edo Europa ekialdekoak. Bi neska bakarrik daude adingabe horien guztien artean. Marinek azaldu duenez, bi profil bereizten dira etorkinen artean: batzuk proiektu jakin batekin joaten dira Gipuzkoara, hau da, lan egin eta lortzen duten diruarekin jaioterrian utzi duten familia laguntzeko helburuarekin; beste batzuk, aldiz, «eskean ibiltzera eta etxebizitza finkorik gabe alde batetik bestera alderrai ibiltzeko geratzen dira Gipuzkoan».

«Azken bi urteotan etorkin adingabeak Gipuzkoan geratzeko asmoarekin etortzen dira», nabarmendu zuen Larrañagak. 2003an etorri zirenen ia %80 Gipuzkoatik joan egin ziren; 2005ean, ordea, %80k Gipuzkoan geratu nahi dute.

Horrek eragin omen du babesik gabe dauden atzerritar adingabeentzako plazarik ez egotea. Lehen, Gipuzkoako Aldundiak adingabeak zentroetan eduki eta bere kabuz joaten ziren. Orain, aldiz, Gipuzkoan geratzen dira. «Horrek ez du ahalbidetzen errotazioa», Larrañagaren ustez. «Tokirik gabe geratzen diren adingabeak ostatuetara bidali behar izaten ditugu. Eta han, heziketa eskaintzea ezinezkoa da». Bestalde, 2003an adingabeak hartzeko zeuden 18 plazak ez ziren bete. Bi urte geroago bost aldiz handiagoa da kopuru hori, ia ehun adingabe baitaude Aldundiaren ardurapean.

«Adingabe gehiagorentzako tokirik ez dagoen arren», esan zuen Larrañagak, «orain arte bezala» babesik gabe dauden atzerritar adingabe guztiei emango diegu laguntza».

Espainiako Gobernuak Kanarietatik (Espainia) autonomia erkidegoetara bidali nahi dituen etorkin adingabeen harira, Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako sailburuak argi utzi du adingabe horiek hartzea edo ez hartzea aldundien esku dagoela.

Gipuzkoako Foru Aldundiak oraindik ez du erabaki etorkin adingabeak hartuko dituen edo ez. Ez du erabakiko gaur Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin arte. Gaur bilduko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak gaia aztertzeko.

ASILOA EZKUTUKO BIDAIARI BATENTZAT. Espainiako Barne Ministerioak tramiterako onartu du irailaren 15ean Bilboko portura iritsi zen Liberiako ezkutuko bidaiariaren asilo eskaera. Liberiarrak, arrazoi politikoak medio, hiltzeko mehatxuak jaso zituen jaioterrian eta alde egitea erabaki zuen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)