Kaleko afarien gaineko erabakia «zuzentzeko» eskatu dio SOS Arrazakeriak Donostiako Udalari
Berria, , 01-08-2026«Ehunka gazte janari platerik gabe uzteak ez du azalpen onargarririk». Gipuzkoako SOS Arrazakeriak era horretan arbuiatu du KAS Kaleko Afari Solidarioak taldeak Donostian ematen dituen
afariak debekatzeko
asteon Donostiako Udalak hartu duen erabakia. Salatu du galarazpen horrek agerian uzten duela Donostiako Udalak esaten duenaren eta egiten duenaren arteko aldea: izan ere, «parte hartzearen inguruan» entzuten diren «diskurtso handinahiak» ez dira gauzatzen gero egiten diren politiketan. «Errealitatea da gizartea gizarte premiei erantzuteko aktibatzen denean administrazioak lehia gisa ikusten dituela». Horiek horrela, erabakia «zuzentzeko» eskatu Donostiako Udalari.
Gipuzkoako SOS Arrazakeriak ohar baten bidez eman du bere iritzia. Hartutako erabakiaren ondorioen inguruan abisu eman du, batetik. «Muturreko zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak gutxiesten eta kriminalizatzen jarraitzen dute». Bestetik, KASen boluntario jarduten duten herritarren «konpromisoa» goraipatu egin behar dela gogoratu du, eta, gainera, argitu du pertsona horiek erakundeei «lankidetza» eskaintzen jardun dutela beti. «Helburua izan da pertsona horiei laguntzeko tresna osagarri bat izatea eta erakundeen baliabideak baliatzea, beren migrazio proiektuan aurrera egin dezaten». Hori guztia «baloratu» ez izana egozten dio, ordea, Donostiako Udalari.
Izan ere, Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren arabera, tankerako ekinbideak «funtsezkoak» dira, eta horien kontra ezin da egin debekuaren bidez. «Izan ere, administrazioak ezingo du inoiz ordezkatu hurbiltasuna, prestasuna eta motibazioa». Eta oinarrizko zerbitzu bat kolokan dago: afari solidarioen bultzatzaileek asteon salatu dute 300 herritar daudela afaltzeko aukerarik gabe geratzeko arriskuan.
Ceutara begira
Azken orduetan, 50.000 lagun inguru sartu dira Marokotik Espainiara Ceutako muga zeharkatuta, eta irudi artegagarriak utzi ditu gertaera horrek. Nazioarte osoan izan du oihartzuna, gainera. Horren gaineko balorazioa ere egin nahi izan du Gipuzkoako SOS Arrazakeria taldeak prentsa ohar baten bidez. Migratzaileei eta errefuxiatuei arta emateko «legeriak» beti bete behar direla gogoratu du, eta «muga» jarri behar zaiela xenofobia sustatzen duten diskurtsoei. Marokoko Gobernuari egotzi dio herrialdea uzteko hainbat biztanlek duten «desio erreala» erabiltzea gainerako gobernuekin dituen harremanetarako «presio bide» moduan.
(Puede haber caducado)