Ceutako gertakarien harira, mugak ixteko deia egin du nazioarteak
Berria, , 31-07-2026Igerian, oinez eta korrika; pabiloietan eta espaloietan inprobisatutako oheak; jendea, jendea eta jende gehiago. Milaka pertsonak Espainiaren eta Marokoren arteko muga zeharkatu dute azken orduetan, eta berehala iritsi dira nazioarteko erreakzioak. Migratzaileen egoera bazter utzita, atzerriko liderrek legez kanpoko migrazioaren auzian jarri dute arreta, eta, oro har, irtenbide bat proposatu dute: mugak ixtea eta kontrolak zorroztea; are, zenbait herrialdek mahai gainean jarri dute Espainia Schengengo Itunetik kanpo uzteko aukera.
Frantziak mugetako kontrolak indartuko dituela jakinarazi du, tartean Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean daudenetakoak. Atzo gauean eman zuen agindua Laurent Nuñez Frantziako Barne ministroak. Ondorioz, «kontrol zorrotzak» egingo dituzte, eta Nuñezek argi esan du migratzaileek Frantziarako bidea hartzen badute neurri gehiago hartuko dituztela.
Alemaniako kantziler Friedrich Merzek erdibideko jarrera hartu du, eta Espainiari eskatu dio «ahalik eta lasterren kontrolatu» dezala Ceutako egoera. Halaber, Marokori ere mintzatu zaio, eta galdegin dio onar ditzala Espainiatik hara itzultzea erabakitzen duten migratzaileak.
Aurrenekoz, ituna kolokan
Pauso bat harago eman du Italiak, iragarri baitu Espainia Schengengo Itunetik kanpo uztea aztertzen ari dela. Giorgia Meloni Italiako lehen ministroaren arabera, «legez kanpoko immigrazioa benetako mehatxua da Europako mugen segurtasunerako», eta azpimarratu du Erromak ez duela pauso bat ere atzera egingo «immigrazio irregularraren aurkako borrokan». Hain zuzen, Italiako Barne Ministerioak iragarri du kontrolak ezarri dituztela Espainiarekin dituzten itsasoko eta aireko mugetan.
Hori dela eta, Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroa Italiako enbaxadorearekin elkartzekoa da gaur Madrilen, kontuak eskatzeko. Albaresek sare sozialetan idatzi duenez, Italiaren jarrera desegokia da: «Herrialde kideen aldetik elkartasuna espero dugu, eta ez demagogia alderdikoia».
Italiak egin du proposamena, eta ideia horrekin bat egin dute beste herrialde batzuek ere, hala Finlandiak nola Danimarkak. Mari Rantanen Finlandiako Barne ministroaren arabera, «aukera ona» izan liteke Espainia Schengen eremutik botatzea, argudiatuta Espainiak «huts» egin duela Schengen eremuaren «atzerriko mugak babesteko» lanean. Ildo beretik jo du Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksenek: «Europako Batasunak aukera guztiak hartu behar ditu aintzat, baita Schengengo lankidetza bertan behera uztea ere».
Poloniako lehen ministro Donald Tuskek ez du Espainia Schengengo Itunetik kanporatzeko deirik egin; halere, Espainiako presidente Pedro Sanchezi mintzatu zaio, eta esan dio Poloniaren «ereduari jarraitu behar» liokeela, baldin eta Schengen eremuak «bizirik irautea» nahi badu. Poloniak Bielorrusiarekin egiten du muga, eta 2021ean handik «ehunka migratzaile» EBra sartu ondoren, 185 kilometroko harresi bat eraiki zuten, baita hara milaka soldadu eta polizia bidali ere.
Schengengo Ituna EBko bost estatuk sortu zuten, 1985ean, talde komunitarioko mugak ezabatzeko asmoz, pertsonen zirkulazio libreari bide emateko eta merkataritza askeari trabak kentzeko. Gaur egun, 29 herrialdek osatzen dute eremu hori; EBko kide gehienak daude barruan, eta Islandia, Norvegia, Suitza eta Liechtenstein ere parte dira. Azken urteetan, migrazioaren aferak ika – mikak eragin ditu, eta, aldian – aldian, zenbait herrialdek mugak itxi edo kontrolak zorroztu dituzte behin – behinean, «segurtasuna» bermatzeko.
Halere, Schengengo Ituna sortu zutenetik, inoiz ez da ituna bertan behera utzi, ezta herrialde bat hartatik kanporatu ere. Izan ere, teknikoki, itunaren araudiak ez du horretarako bide ematen; hots, Schengen eremuko herrialde batek ezin du beste herrialde bat kanporatu. Behin – behinean mugak ixtea eta kontrolak zorroztea, ordea, posible da, «salbuespenezko egoeretan».
EBren «arauak»
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, berriz, Ceutako irudiak «onartezinak» direla idatzi du X – n: «Ezin dugu onartu inor Europako Batasunean sartzea gure arauak bete gabe». Gurutzatzeak berehala eteteko exijitu du, eta migratzaileak azkar itzularazteko, «gure legeek ahalbidetzen duten moduan».
Milaka pertsonaren iritsieraren harira sortutako zalaparta eta alarmismoa zertxobait baretze aldera, Ceutara sartutako migratzaile bakar bat ere ez dela «Europako kontinentera ailegatu» esan du EBko Barne eta Migrazio komisario Magnus Brunnerrek, eta, hortaz, ez dela haietako inor beste estatu kide batera sartu.
Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak ere hizpide izan du Ceutako egoera. Etxe Zuriko bozeramaile baten arabera, Donald Trump presidentea aspalditik dabil «ezker muturreko migrazio politiken ondorioez» ohartarazten: «Espainiak eta filosofia suntsitzaile hori aplikatu duten beste herrialde batzuek norabidea aldatu beharko lukete, edo desagertzeko arriskua dute». Are, X sare sozialaren bidez, AEBetako Estatu Departamentuak Espainiari aurpegiratu dio «Europaranzko legez kanpoko migrazio masiboa erraztea».
(Puede haber caducado)