ELAk eta LABek kritikatu egin dute Donostiako Udalak afari solidarioak debekatu izana
Afariak debekatzeko erabakia bertan behera utz dezala eskatu diote Jon Insausti alkateari. Bi sindikatuek bat egin dute gaur iluntzean deitutako mobilizazioarekin. EH Bilduk Donostiako Udalari eskatu dio mahai bat osa dezala auzia bideratzeko.
Berria, , 29-07-2026ELA eta LAB sindikatuek gogor kritikatu dute Donostiako Udalak afari solidarioak debekatzeko hartu duen erabakia, eta Jon Insaustiren udal gobernuari neurria bertan behera uzteko eskatu diote. ELAk salatu du egun batetik bestera eta «inolako azalpenik eman gabe» ezarri dela neurria, eta bertan behera utzi duela boluntarioek azken sei urteetan egunero eginiko lana. Gainera, sindikatuak salatu du ez dagoela alternatibarik gauero hirurehun bat laguni jateko aukera ematen zien ekinaldi solidarioa ordezkatzeko, eta, are, udalak ez duela «ezer egin» afariak partitzen ibili diren sei urteetan. LABek ere gaitzetsi egin du udalaren erabakia, eta salatu du Insaustik agerian utzi dituela «bere izaera klasista» eta «nahi duen Donostiaren eredua». Bi sindikatuek bat egin dute gaur 20:00etan Donostiako Plaza Berrian egitekoak diren mobilizazioarekin.
Pobrezia goraka ari dela nabarmendu du ELAk: «Etxebizitza bat eskuratzeko arazoak geroz eta handiagoak dira, eta turismoa lekua irabazi eta irabazi ari da oraindik». ELA bereziki kezkatuta dago Donostiako alkateak «eskuin muturraren diskurtsoa» bere egin duelako. Horren harira, txartzat jo du gizarte bazterketako arazo bati «erantzun punitibista eta poliziala» eman izana beste behin. Sindikatuak udalari exijitu dio afarietara joaten direnen egoera «berehala» konpontzeko, eta herritar horiek artatzeko «aurrekontu handiagoa» jartzeko.
Eskuinaren diskurtsoa elikatzea
LABen iritziz, berriz, udalak Udaltzaingoa baliatu du debekua betearazteko, eta horrek «errepresioaren bidea» indartzen du, elkarrizketaren kaltetan. LABen ustez, alkateak debekua justifikatzeko erabilitako hiru txostenak —Udaltzaingoarena, eremu publikoaren erabilerarena eta osasunarena— «lotsagarriak» dira. Bereziki kritikatu du Udaltzaingoaren txostenak afari solidarioak segurtasun arazoekin eta delituen ugaritzearekin lotzea, horrek migrazioa eta segurtasunik eza lotzen dituen «eskuinaren diskurtsoa» elikatzen duelakoan.
Era berean, sindikatuak salatu du udal gobernuak irizpide bikoitza erabiltzen duela. LABen esanetan, milaka turistak egunero kalean jan, edan eta parranda egiten dute eremu publikoan, inolako eragozpenik gabe, eta egoera horrek ez du ez segurtasunari, ez eremu publikoaren erabilerari, ezta osasunari buruzko antzeko txostenik eragiten.
LABek gogorarazi du afari solidarioko kideek urteak daramatzatela Donostiako alkateekin eta udal ordezkariekin elkartzen saiatzen, arazoari irtenbide adostua emateko, baina saiakera horiek ez dutela emaitzarik izan. Horren harira, salatu du ehunka boluntariok, ikastetxek, elkartek, merkatarik eta gizarte mugimenduk urteetan egindako lana «pikutara» bidali dela benetako alternatibarik eskaini gabe.
EH Bilduren eskaria
EH Bilduk Donostiako Udalari eskatu dio mahai bat osa dezala afari solidarioen egitasmoaren inguruan sortutako gatazkari irtenbide adostua emateko. Koalizioak erregistratutako eskaeraren arabera, mahai horretan parte hartuko lukete alkatetzak, Udaltzaingoak, gizarte zerbitzuek eta Kaleko Afari Solidarioak ekinaldiko ordezkariek; EH Bilduk ere bertan egoteko prestutasuna agertu du.
EH Bilduren arabera, kalean bizi diren pertsonen kopurua nabarmen handitu da azken urteetan Donostian, baina udalak egoera horri aurre egiteko dituen baliabideak ez dira neurri berean indartu. Koalizioaren iritziz, boluntario sare batek egunero ehunka afari prestatzeak agerian uzten ditu udal zerbitzuetan dauden hutsuneak. Hala ere, azpimarratu du afari solidarioak ez zirela sortu administrazioaren lana ordezkatzeko, baizik eta behin-behineko erantzun gisa. «Helburua egitasmoa desagertzea zen, udalak bere gain hartu beharreko lana bere gain hartzen zuenean; hutsunea, ordea, handitu egin da», adierazi du.
EH Bilduk onartu du kalean bizi direnen egoerari eta bazterkeriari aurre egiteko luzera begirako politikak eta ikuspegi integrala behar direla. Nolanahi ere, uste du bitartean ezin dela albo batera utzi pertsona askok egunero pairatzen duten elikadura gabezia. Horregatik, udal gobernuari eskatu dio taldearen jarduna baimentzeko eta behin-behineko irtenbide bat adosteko.
Mahai horretan lantzeko hainbat neurri proposatu ditu koalizioak. Besteak beste, iluntzeetan hiru leku publiko egokitzea planteatu du, ordutegi eta antolaketa zehatzekin, erabiltzaile guztiak leku berean pilatu ez daitezen. Era berean, udalak azpiegitura materiala jartzea proposatu du —elikagaiak, sukaldea eta beharrezko baliabideak—, segurtasun neurriak eta gizarte zerbitzuen presentzia bermatuta. Horrez gain, sare herritarrarekin elkarlanerako baldintzak adostea eskatu du, boluntarioek kudeaketan parte hartu ahal izan dezaten eta sukaldaritza nahiz banaketa egiteko irizpide bateratuak ezar daitezen.
(Puede haber caducado)