EH Bilduk Donostian kolpe militar faxista garaitu zenekoa oroitu du

Loiolako kuartelaren aurrean gogoratu nahi izan du Donostiako EH Bilduk 1936ko uztailaren 28an «herri antolatuak» nola geratu zuen altxamendu faxista. Militar kolpistei aurre egin zieten borrokalarien omenez egindako ekitaldian dozenaka herritar elkartu dira.

Gara, June ROMATET, 29-07-2026

Donostiak kolpe militar faxista garaitu zuen egunaren 90. urteurrena ospatu eta omentzeko asmoz Urdintzuko zubian, Loiolako kuartelaren parean, elkartu ziren atzo, Donostiako EH Bilduk deituta, 30 pertsonatik gora. Ikurrina, bandera antifaxista eta arrosak eskuan zituztela egin zuten ekitaldia.

Markel Ormazabal zinegotziak hartu zuen hitza lehenik, 90. urteurrenaren garrantzia azpimarratuz: «Donostian urte batzuk dira irailaren 13a, tropa frankistek hiria hartu zutenekoa, gogoratzen dugunetik, eta gogoratzen jarraituko dugu. Baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun gaurko totalitarismoaren gorakadaren aurrean, herri antolatuak kolpe faxistak gelditzeko gaitasuna duela adierazten duen eguna gogoratu eta ospatzea».

Jarraian, Josetxo Otegi historialariak hartu zuen hitza garai hartako gertaeren memoria ariketa egiteko. «Historiaren eszenatokiak askotarikoak dira oso; batzuetan oso esanguratsuak dira, Egiptoko piramideak esate baterako, eta, beste batzuetan, oso toki arruntak dira, adibidez, zubi xume hau», hasi zen Otegi. Garaipen «garesti eta labur» moduan ezaugarritu zuen gertaera hura, baina, baita «herri antolatuaren indarra» erakutsi dezaken adibide garrantzitsutzat ere.

MEMORIAREN GARRANTZIA
«Memoria egunero ureztatu behar den landarea da, beraz, koka gaitezen garai hartan», hasi zuen kontakizuna. «Gogora dezagun Gasteizen eta Iruñean 1936an gertatutakoa, Nafarroan gerra fronterik gabe 3.000 fusilatu izan zirenekoa. Hemen ere uste zuten lortuko zutela hiria kontrolpean hartzea, baina gaizki atera zitzaien», jarraitu zuen.

Adierazi zuenez, faxismoari aurre egiteko garrantzitsuena aniztasunean emandako batasuna izan zen: «Abertzaleak, EAJkoak eta Eusko Abertzale Ekintzakoak, PSOEko sozialistak, Espainiako Alderdi Komunistakoak, anarkistak eta herritar arruntak ezberdintasunak alde batera utzita elkartu ziren faxismoaren piztiaren aurrean». Kontatu zuen Donostian hamar egunez izan zirela borrokak uztailean, eta 24tik 28rako tartean lortu zutela herri mugimenduko kideek militarrak setiatzea. Azkenean militarrak, Leon Carrasco Amilibia gobernadore militarra buru zutela, errenditu egin ziren Agintaritza Batzordearen aurrean. «150-200 borrokalarik eman zuten bizia garaipen horren alde», esan zuen.

Historia ez dela errepikatzen azpimarratu zuen Otegik, baina batzuetan errimatzen duela, hau da, atzera begiratzeak egungo egoera ulertzeko balio duela. «Goraipatu ditzagun herriaren garaipenak atzo, gaur eta beti, gora herria!». Jarraian, bertaratutakoek eskuetan zituzten arrosak ibaira bota zituzten, borrokatu zirenak oroitzeko asmoz.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)